Zenbat leku, hainbat erabilera

2013ko azaroaren 1a
15:20
Entzun

Zenbat leku, hainbat erabilera
EgiaMapa izeneko proiektua abiarazi dute Egian (Donostia); horren helburua da auzoan zenbait leku eta gune identifikatu eta horietarako bestelako erabilerak proposatzea, auzokideen proposamenetatik abiatuta.
G.H.
Normalean, arkitekto, teknikari eta agintariek diseinatzen dituzte auzoak. Baina herritarrek erabiltzen dituzte tokian tokiko kale, plaza eta bazterrak, eta haiek dakite inork baino hobeto leku bakoitzaren aukera eta gabezien berri. Donostiako Tabakalera kultur zentroko kideek ondo baino hobeto dakite hori, eta, horregatik, joan den ekainean EgiaMapa izeneko egitasmoa abiarazi zuten. Horren helburua: herritarrei hitza emanda, auzoaren kartografia osatzea, eta mapa horretan agertzen diren lekuetarako bestelako erabilerak proposatzea.

Ane Rodriguez (Donostia, 1978) Tabakalerako kultur zuzendaria da: "Kultur erakunde publikoa garen aldetik, auzoa ezagutu nahi dugu, eta auzokideekiko harremanak sustatu; horretarako, mapa bat egitea bururatu zitzaigun, guk ere lekuaren aldetik gure beharrak baditugulako, eta pentsatu genuen horrelako egitasmo batek aukera ematen zigula bertako leku hutsak detektatzeko auzoa ezagutzen genuen bitartean, eta hori guztia auzokideekin batera".

Lehenengo urratsa auzokideekin harremanaten jartzea izan zen. Bizpahiru bilera egin zituzten auzoko elkarte eta eragileekin, eta horietako askok begi onez hartu zuten ideia.

Ibilbidea auzoan zehar

Horren ondorioz, joan den ekainaren 15ean ibilbide bat antolatu zuten auzoan zehar. Leku hutsak, gutxi erabiltzen direnak edo beste erabilera bat izan dezaketenak detektatzea eta bisitatzea zen ibilaldi horren xedea. Baina ez hori bakarrik: "Bide batez, jendeari eskatu genion leku horien inguruan iritziak, ideiak eta proposamenak emateko. Horrekin argazki moduko bat osatu dugu, lekuena eta leku horien inguruan egiten diren aldarrikapenena ere".

Ez da Tabakaleraren eginkizuna bildutako proposamenei irtenbidea bilatzea, beste erakunde batzuei baitagokie lan hori, baina, Rodriguezek dioenez, "herritarrei ahotsa eman eta egoera ikusarazi" egin nahi izan dute, "modu sortzailean betiere". Horretarako, Tabakalerak 32 orrialdeko katalogo bat argitaratu du, eta hor jasotzen dituzte detektatutako uneak —Tejeria kalea, Plaza Haundi. Polloe plaza, Onkologikoa eta abar—, gune horietarako egiten diren proposamenak eta auzoko eragileek leku aldetik dituzten behar eta gabeziak.

Rodriguez pozik dago ekinbideak jaso duen erantzun onarekin, nahiz eta, aitortzen duenez, herritarrek hasieran "kontu handiz" hartu, erakunde batetik zetorren neurrian. "Guretzat oso positiboa izan da auzoaren eragileak ezagutzeko aukera eman digulako, eta haien jarrera ere oso ona izan da".

Prozesu osoan ezinbestekoa izan da herritarren parte hartzea. Azken finean, nork ezagutuko ditu auzoaren nondik norakoak auzoa egunero erabiltzen dutenek baino hobeto? "Nik uste dut bi eredu daudela", zehaztu du Rodriguezek. "Alde batetik, herritarren beharrak gogoan hartzen dituen eredua dago, herritarrak direlako lekuen erabiltzaileak, eta ondo baino hobeto dakite zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Beste aldetik, espezializazioaren jabe diren arkitekto eta teknikarien eredua dago. Bi ezagutza mota dira. Ezagutza espezializatua eta herritarren ezagutza elkartzen badira, hirien diseinua gehiago moldatuko da benetako beharretara".

Auzo aktiboa

Edozein modutan, Rodriguezek nabarmendu nahi du Egia auzoa "oso aktiboa" izan dela beti, "eta Tabakaleraren parte hartzerik gabe ere bertako herritarrak aspalditik ari dira hainbat proiektu antolatzen. Esaterako, Tejeria kalea oinezkoentzat gordetzea auzoaren aspaldiko eskakizuna da, eta hori dela-eta hainbat kontu antolatu dituzte, adibidez, Porrontxo jaietan kale horri egun batez beste jite bat emanez".

Egia Bizirik elkartea izan daiteke auzoaren dinamismoaren adibide bat: "Egian beti egon dira eragile eta elkarte mordo bat, eta herri mugimendua bizirik egon da2, azaldu du Egia Bizirik auzo elkarteko kide Berdaitz Gurutzeagak (Donostia, 1973). Porrontxo jaiak horren seinale dira, baina gazte batzarrak, kultur elkarteak, mendi taldeak eta bestelakoak ere aipatu ditu Gurutzeagak: "Jendartearen parte hartzea sustatzeko kultura bat egon da beti".

Urte askoan ehundutako sare horretan leku garrantzitsua du Egia Bizirik auzo elkarteak: "Auzoaren hobekuntza dugu helburu, eta, batez ere, koordinazio lana egiten dugu auzoko eragileen artean: bizilagunen kexak bideratu, auzotarren eta Udalaren arteko zubi lana egin, irisgarritasuna landu, kultur jarduerak antolatu eta abar".

Egia Bizirik auzo elkarteak parte hartu du Tabakalerak antolatutako EgiaMapa proiektuan. Horren balorazio positiboa egiten dute: "Hasteko, Tabakalera guregana hurbiltzeko keinu hori oso egokia dela iruditzen zaigu. Beste aldetik, prozesuan bildu den informazio hori guretzat ere baliagarria izango da. Baina orain falta da hori guztia gauzatzea. Guk denbora luzea eskaini diogu prozesu horri, bilera asko egin ditugu, informazio asko jaso da, hots, erein egin dugu, eta orain, logikoa den moduan, jendea uztaren zain dago, ea egindako guztia zerbaitetan gauzatzen ote den. Nik pentsatu nahi dut ahalegina merezi izango duela".

Gurutzeagak ere uste du berebiziko garrantzia duela herritarren ahotsa kontuan hartzeak auzoen diseinu eta erabilerak zehaztu behar direnean: "Funtsezkoa da herritarrei galdetzea zer behar duten, auzo bakoitzak bere beharrak dituelako. Jakina, gero teknikariek esango dute noraino irits daitekeen, baina hasierako harreman hori funtsezkoa dela uste dut".

Izan ere, askotan alderantziz egiten dira gauzak: lehendabizi plaza, kale, txoko edo bestelako azpiegiturak eraikitzen dira, eta gero ikusten da horrek zertarako balio dezakeen. Gurutzeagaren aburuz, prozesuak kontrakoa beharko luke, "eta horrek berdin balio du toki irekietan zein kultur etxe, lokal eta antzeko leku itxietan ere. Nik uste dut, oro har, Euskal Herrian ez dela udalen aldetik kezka hori auzotarren iritziak jakiteko; harremanak izan direnean zeharkakoak izan dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.