Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen (EAE-ANV) kontrako zentsura mozioa ez da onartuko, baldin eta Arrasateko udaleko taldeek egungo jarrerari eusten badiote hilaren 24ko udalbatzarrean. Izan ere, Arrasateko EB-Zutik koalizoko hautetsiek atzo iluntzean jakinarazi zuten zentsura mozioen inguruan ez dutela "elementurik berririk" ikusten, eta horrenbestez, kontrako botoa emango dutela.
ETAk Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohia hil izana ez zuten gaitzetsi Arrasateko ANVko udal taldeak, eta horren harira, Galparsoro alkatetzatik kentzeko zentsura mozioa proposatu zuen PSE-EEk. EAJk, PPk eta EAk bat egin dute ekimen horrekin -EAk Arrasaten bakarrik; beste herrietan ez dago zentsura mozioaren alde-. Aldiz, EB-Zutik koalizioa eta Aralar kontra agertu dira.
Zehazki, Carrascoren hilketa gertatu eta gutxira egin zuen Arrasateko EBk militanteekin batzarra zentsura mozioaren inguruan zer egin aztertzeko, eta bat ez egitea erabaki zuten, "bake eta normalizazio bidean aurrera egiteko" ez zela lagungarri iritzita.
Ordutik, zentsura mozioak babestearen aldeko jarrera argia hartu du EBren zuzendaritzak, eta ematen zuen Arrasateko taldeak jarrera alda zezakeela. Atzo iluntzean jakinarazi zuten, ordea, ez daudela zentsura mozioa babesteko prest.
EB-Zutikek onartu ezean, ANVko alkatearen kontrako zentsura mozioa ez da aurrera aterako. Izan ere, EAE-ANV (7), EB-Zutik (3) eta Aralarren (1) artean11 zinegotzi dituzte, eta PSE-EE (4), EAJ (4), EA (1) eta PPren (1) artean 10.
Zentsura mozioa ez da aurrera aterako Arrasaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu