Antzekotasunen legean oinarritzen den metodo terapeutikoa da homeopatia. Josean Garin mediku homeopatak dioenez, lege hori oso antzinakoa da, "Hipokrates izan baitzen hori formulatzen lehena". Lege horren arabera, antzekoak antzekoa sendatzen du: "Medikuntza ofizialak normalean kontrakoen legea erabiltzen badu ere, txertoen kasuan arau horri jarraitzen dio". Produktu homeopatikoak oinarrizko substantzia uretan diluituz eta disoluzioa eraginez lortzen dira.
"Filosofia bitalista" dago homeopatiaren oinarrian, Garinek dioenez: "Ez dugu gizakia ikusten atalez osaturiko makina bat bezala, izaki oso eta bakar bat legez baino".
Samuel Hahnemann (1755-1843) jo ohi da homeopatiaren sortzailetzat, eta Euskal Herrian tradizio handia du, batez ere XIX. mendean: Fermin Ozamiz (Gautegiz Arteaga, Bizkaia, 1816; Mutriku, Gipuzkoa, 1889) Mutrikuko alkate eta Ondarroako mediku izan zen, eta haren metodoak erabili ziren 1849ko kolera izurritearen kontra borrokatzeko. 1936. urtera arte, homeopatia nahiko hedatuta egon zen Hego Euskal Herrian, "baina frankismoak lurperatu egin zuen". Ipar Euskal Herrian, aldiz, bidea egiten jarraitu izan zuen.
Egun, 35 bat lagun daude izena emanda Euskal Herriko Sendagile Homeopaten Elkartean, baina gehiago dira: "Bizkaiko Sendagileen Bazkunean, esaterako, 80 bat lagunek eman dute izena homeopatia sailean, eta Gipuzkoakoan kopuruak antzekoak dira". Duela gutxi sortu da Euskal Herriko Homeopatiaren Erabiltzaile eta Lagunen Elkartea, eta laster egingo dute horren aurkezpena.