Zer da Macron legea?

2015eko ekainaren 16a
17:20
Entzun

Ekonomia liberalizatzeko 200 artikuluko nahas-masa bat da Macron legea. Hona hemen gehien eztabaidatu diren puntuak:

Igandetan saltokiak zabaltzea

Turismo joera handiko eremuetan —600 daude, horietako batzuk Ipar Euskal Herrian—, jaiegun guztietan ireki daitezke saltokiak; besteetan, ez. Eremu turistikoak ugaritu nahi ditu Macronek, neurri batean, turista txinatarrak ez daitezen asteburuan Londresera joan erosketak egitera. Gainerako guneetan, urtean bost jaiegunetan irekitzeko baimena dute dendek herriko etxearen baimenarekin. Hamabira igo nahi du kopurua. Legeak dio «borondatezkoa» izango dela igandean lan egitea eta konpentsazioak beharko direla. Sindikatuek salatu dute sarri langileek ez dutela aukerarik ezetz esateko.

Lanbide arautuak mugatzea

Guztira, 13.500 lagun inguru aritzen dira lanbide arautuetan (notarioak, agente eta administratzaile judizialak, enkantegileak...). Lehia oso mugatua dute, eta, gobernuaren iritziz, enpresen jarduera oztopatzen eta garestitzen du horrek. Horregatik, lanbide horietan aritzeko aukera zabaldu nahi die gazteei. Zuzenbidea «merkaturatu» egingo dela diote notarioek.

Ibilbide luzeko autobusak

Gaur egun, trenetan ez bezala, enpresa pribatu batek ezin du eskaini joan-etorri erregularren zerbitzurik. Baimen sistema konplexua alde batera utzi, eta liberalizatu egin nahi da orain autobus bidezko garraioa, baina soilik 200 kilometrotik gorako ibilbidea egiten dutenak eta bi eskualde lotzen dituztenak, arriskuan ez jartzeko eskualdeek finantzatzen dituzten aldirietako trenak, TER deitutakoak. Iaz, 110.000 lagunek soilik erabili zuten autobusa distantzia luzeko bidaietarako. Bost milioiko helburua du gobernuak.

Lan arloko auzitegiak

Proud'homme edo lan arloko auzitegiak «sinpleago eta azkarrago» nahi ditu Macronek. Langileen eta enpresen ordezkariak esertzen diren epaitegi horretan, baina, legeak nahi du auzi batzuen konponketa hasieratik epaile profesionalen esku uztea, horrek helegiteak gutxituko dituelakoan eta prozesua bizkortuko duelakoan. Baionako lan auzitegian ordezkaritza duten sindikatuak kexu dira, uste baitute auzi gehiago nagusien aldera lerratuko direla horrela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.