Zertan eragingo du epaiak? Garzonek otsailean agindu zuen jarduerak etetea

2008ko irailaren 16a
13:31
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo uzteak eta hura desegiteko agindua eman izanak zertan eragingo du? Ezer berririk ekarriko al du? Izan ere, Baltasar Garzon Auzitegi Nagusiko epaileak joan den otsailaren 8an ANVren -eta EHAKren- jarduera politikoak eteteko erabakia hartu zuen, eta ondorengo neurriak hartzea agindu zuen.

Jardun politikoa

Debekua.. Ezingo du alderdi, erakunde edo talde gisa aritu, estatu mailan, nazioartean, eremu publikoan, pribatuan edo erakundeetan.

Hauteskundeak. Ezingo du hauteskundeetan parte hartu.

Jardun orokorra. Talde jarduera publiko, pribatu eta erakunde mailakoak eten egingo dira, erakunde publiko, erregistro, banku eta edozein elkarteetan.

Erakundeak. EAE-ANVren zinegotziek eta batzarkideek hautetsi gisa aritu ahal izango dute, baina modu indibidualean.

Egoitzak

Itxiera. Egoitzak eta lokalak itxi egingo dituzte.

Hornikuntza. Elektrizitatea, ura edo telefonoa bezalako hornitze zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa edo konpainiekin dituzten kontratuak eten egingo dira.

Dirua

Diru kontuak. Kontuak, gordailuak eta gainontzeko ondasunak blokatu egingo dituzte eta berriak zabaltzea debekatuta izango du.

Diru laguntzak. Alderdi gisa ezingo du administrazio publikoengandik laguntza ekonomikorik jaso.

Diru mugimenduak. Ezingo du kontratatu eta negoziatu, akziorik, obligaziorik ez eta inbertsio funtsik ere, pentsioenak edo edozein banku eragiketarenak, eta ezingo ditu ondasun higiezinak, gordailuak, funtsak eta inbertsioak izan.

Ondasunak. EAE-ANVk ondasunen jabe izateko ahalmena eten egin du erabakiak, eta baita zuzenean edo zeharka, erakundeetan, fundazioetan, elkarteetan, administrazio kontseiluetan edo gobernu eta batzordeetan parte hartzeko gaitasuna ere.

Adierazpideak

Manifestazioak. Manifestazioak, elkarretaratzeak edo ekitaldi publikoak antolatzeko zuten ahalmena eten egin da eta horietara talde gisa zuzenean edo zeharka joateko gaitasuna ere bai.

Propaganda. Ezingo du propaganda ekintzarik egin, ezta ikurrik ezarri eta elementu adierazgarririk erabili ere.

Internet. Webguneak baliogabetuko dira eta baita Interneten kontratatuta izan dezaketen beste edozein zerbitzu ere.

Hedabideak. Hedabideetan talde gisa publizitate tarteak erabiltzea debekatu egin du erabakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.