Esku-paperak jaurti ditu gaur Israelgo Armadak Gazan. Etxean armategia duten zibilen etxeak erasotzeko mehatxua egiten du esku-paper horietan. Armak suntsitzen ez badituzte "ondorio arriskutsuan" pairatuko dituztela ohartarazi du Israelgo Armadak. Bien bitartean, Gaza erdialdeko Al Mugazi errefuxiatu gunean bi palestinar hil ditu. Lehenik 16 urteko gazte palestinar bat hil du tiroz eta ondoren beste palestinar bat hil eta bost zauritu dira hegazkin israeldarren bonbardaketen ondorioz.
Palestinako iturriek azaldu dutenez, soldadu israeldarrek Al Mugaziko errefuxiatu kanpamenduaren ekialdean dagoen eraikin batetik egin dute tiro eta Mohamed Mahara 16 urteko gaztea hil dute. Bestalde, Israelgo Armadako hegazkinek errefutxiatu kanpamenduaren ingurua bonbardatu dutenean beste palestinar bat hil eta bost zauritu dira.
Hamaika palestinar hil zituen atzo Israelgo Armadak
Israelgo Armadaren azken ekintza militarrek hamaika hildako utzi zituzten atzo Gazan eta Zisjordanian. Gaurko gune berean, hots, Gazako Al Mugazi errefuxiatu gunean, goizaldean sartu ziren soldaduak, eta sei palestinar hil eta beste hamabost zauritu zituzten. Azzedin al Kassem Brigadetako bi ekintzaile hil zituztela jakinarazi zuen taldeak. Iluntzean beste bi palestinar hil zituzten, misil bat botata. Zisjordaniako Nabulus hirian, berriz, hiru palestinar hil ziren soldaduek, tiroka. Borrokak izan ziren eta ondoren dozenaka palestinar atxilotu zituzten.
EKIALDE HURBILA
Zibilen etxeak erasotzeko mehatxua egin du Israelek eta gutxienez bi palestinar hil ditu Gazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu