Aitor Renteria
Duela lau urte hasi zen gatazka Darfur eskualdean, Sudango ekialdean. Etengabeko sarraskien aitzinean esku hartu behar zuela deliberatu zuen Zoeren Ontzia (l'Arche de Zoe) deritzon taldeak. Hastapenetik Lapurdi eta Nafarroa Behereko sei familiak bat egin zuten xedearekin, eta harrera familien elkartea osatu. Jakin arren ez zela haurrik jinen Euskal Herrira, elkartasun gisa Frantzia iparraldeko Reims hirira joan ziren ostegun iluntzetik, bi mila kilometroko elkartasun bidaia eginez. Familiek azaldu dute ez zela adopzio operazio bat, salbamendu operazioa baizik, haur umezurtzak gerratik ateratzeko «gogozko jendeen ekintza ausarta».
Operazioa hasi aitzin bazekiten arrisku handikoa zela, eta, horregatik, hastapenetik urrats guztiak dokumentu batean biltzea deliberatu zuten. Alta, filma egin duten hiru kazetariak atxiloturik daude, eta ez da argitaratu haien dokumentua. Umezurtzak salbatzeaz gain, bertze helburu bat zuen operazioak: Darfurko gerla krudela nazioarteko eszenatoki politikoan sartzea, eta gobernuen konplizitatea agerian uztea, esku-hartzera behartzeko. Nahiz eta Sudanen baimenik gabe eta frantses estatuaren babesik gabe prestatu, operazioa giza eskubideen deklarazio unibertsalean eta haurren eskubideen nazioarteko hitzarmenean oinarritzen dela berretsi dute.
Zoeren Ontziko buruzagiek diote apirilean xedearen berri eman ziotela Frantziako Gobernuari. Kanpo Harremanetarako Ministerioan bilkura bat ukan zuten. Bertan azaldu zuten lehen operazioan 300 haur inguru atera nahi zituztela Darfurtik, bost urtez beherakoak, gerrari ihes egiteko eta bizi-esperantza emateko. Tokian berean haurrak artatzeko eta bizia bermatzeko baldintzarik ezean, haurren bizia salbatzeko operazioaren berri eman zioten.
Xedean azaldu zuten haur horiek umezurtzak izan behar zutela eta leinuen baimena edo bermea behar zutela. Umezurtzak zirela frogatzeko zailtasun handiak zeudela kontuan harturik, Zoeren Ontziko kideak leinuetako buruzagiekin harremanetan jarri ziren. Gerra egoeran handia izan daiteke beharra eta haurrak kanpora igortzeko tentazioa. Haurrak umezurtzak zirela frogatzeko zeuden zailtasunak zirela eta, hastapeneko kopurua 103ra mugatzea deliberatu zuten antolatzaileek, leinuetako buruzagien bermea ukan ondoren.
Orotara Zoeren Ontziko 150 kide inguru egon dira Txaden haurren bidaia prestatzen, bertzeak bertze erizain, sendagile eta suhiltzaileak. Kide guztiak boluntarioak dira, eta ez dute soldatarik jasotzen. Zoeren Ontzia bera gobernuz kanpoko erakundea da, eta ez ditu onartzen erakundeen diru laguntzak. Operazioak xahutze handiak eragin ditu (bertzeak bertze, hegazkin handi bat alokatzea), eta horri buru egiteko, familiek eta lagunek dirua jarri dute. Familiek goraki adierazten dute ez dutela dirurik ordaindu nehor adoptatzeko eta jarri duten dirua operazioa burutzeko zela, bertzeak bertze, haurrak Frantziara eraman arte artatzeak ordaintzeko.
Txadeko gobernua ere jakinaren gainean zegoela adierazi dute Zoeren Ontziko kideek. Hegazkina atera baina egun bat lehenago Gobernuaren oniritzia zeukala operazioak eta harriduraz azaldu dute ez dutela ulertzen nolako presioak egon diren operazioa gelditzeko.
Ekainean, harremanetan sartu ziren Frantzian adopzio eskaria egin zuten hainbat familiarekin. Helburua arriskuak saihestea zen, pedofilia edo tratu txarren arriskua erabat ekiditea. Familien erantzuna txiki gelditu zen, eta elkartasun sarea antolatzea erabaki zuen Zoeren Ontziak.
Frantziako Gobernuak bilkura batera deitu zituen abuztuan. Xedea zehatz-mehatz ezagutu arren, Frantziak ez du urratsik egin gelditzeko. Horrela izan da Txadeko gobernuak hegazkina ez ateratzeko erabakia hartu arte. Zoeren Ontziko bederatzi kide eta hegazkineko tripulazioa (zazpi pertsona) atxilotu zituzten ostegunean. Zenbait lekukoren arabera atxiloketa bortitza izan zen. Frantziako Gobernuak atxiloketak gertatu ondoren agindu ditu ikerketa eta auzibideak.
GAITZESPEN OFIZIALAK NAGUSI. Zoeren Ontziko kideak eta hegazkineko tripulazioa Abeche hirian zeuden atxiloturik atzo, inkulpazio ofizialik ez ukan arren. Txadeko telebistak atxilotuen irudiak zabaldu zituen, horien artean Eric Breteau Zoeren Ontzia elkarteko presidentearenak. Berarekin zeuden kazetariek ere eskuburdinak zeramatzaten. Idriss Deby Txadeko presidenteak 103 haurrak bisitatu eta ondoren gogor mintzatu zitzaien atxilotuei bahiketa saioa egitea leporatuz.
«Haurrak bahitu nahi zituzten eta gogor zigortuko ditugu operazioa burutu duten pertsonak», erran zuen Idriss Debyk. Gaineratu du haurrak ez zirela umezurtzak eta gurasoen baimenik gabe, gogoz kontra, eraman nahi zituztela Frantziara. Auzitegiak atxilotu bakoitzaren erantzukizuna aztertuko duela azaldu zuen Txadeko presidenteak.
Frantziako agintariek ere gogor salatu dute operazioa. David Martinon Eliseoko bozeramaleak ukatu du presidentziaren balizko sostengurik operazioari. Uztailetik afera auzitegien esku dagoela jakinarazi du. Jean-Claude Marin prokuradoreak jakinarazi du asteazken gauean ireki zuela inkesta, «adopzioa helburu duen bitartekaritza» burutzea salaketapean.
Annet Rehrl Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) Txaden duen ordezkari gorenak adierazi du Darfurretik atera nahi zituzten 103 haurren baitan ez dagoela umezurtz bakarra. «Hainbat haurrekin mintzatu ondoren, gurasoak dituztela jakin dugu», erran du Rehrlek.
Atxilotuek gehiegikeria ugari egin dituztela salatu dute, zauririk ez zuten haurrei ere lotailuak jarriz. Orohar haurrak egoera onean daudela erran du, ez dutela gerrak traumatizatu dituen haurren itxurarik. Rehrlek adierazi du badakiela Frantzian eta bertze erresuma batzuetan jendeak ordaindu egin duela haurrak adoptatzeagatik.
Hala ere Zoeren Ontziko elkarteko kideak eta harrera familiek ez dute amore ematen. Ostiralean berean atxilotuen askatasuna eskatzeko manifestazioa egin zuten Parisen, Txadeko enbaxadaren aitzinean. Senide batzuek jakitera eman zuten atxiloketa aski bortitza izan zela eta tratu txarrak pairatu zituztela. Atxilotuetako batek sakelako telefono bat gorde omen zuen eta horren bidez familiarekin loturan jartzea lortu eta pairatzen zuten tratuaren berri eman zuen.
Zoeren Ontziak berretsi du umezurtzak gerratik ateratzea dela helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu