Edonongo edozein tabernatan eserita, telebista pantaila erraldoia parez pare esekita, Suedia - Hegoafrika futbol partida olinpiarra jokatzen hasita. Zeusen ohoretan Kristo aurreko Olinpian jaiotako gizonezkoen joko paganoak zer diren gaur, zakildunen eliteko kirola erlijio den aro posmodernoan, anekdota itxura emana zaien emakume kirolariak gorabehera.
Hil zuten Zeus, eta gure barneko Erosek badaki heroi berriak asmatuko ditugula datozen egunetan; heriotza gozo deituko zaien orgasmo kolektiboen lekuko bihurtuko garela Tanatosen gozamenerako. Non, eta milioika ikusleren imajinarioan Olinpo erotikoa den Rion. Drogak nola, jainkoak eta mitoak hala ordezkatzeko berezko joera daukagulako. Gezur huts agerikoak irenstekoa ere bai. Olinpiar Jokoak bihar hasiko direlakoa, esaterako. Hasi dira dagoeneko, emakume futbolarien lehiarekin. Beste gezur ageriko bat: Olinpiar Jokoek ukitutako hiri guztiak urrezko bihurtzen omen direlakoa. Hala frogatu dute Robert A. Baade eta Victor A. Matheson ekonomialariek, zenbakiak lagun. Ondorioztatu dutenez, salbuespena dira aurreikuspen ekonomikoak bete dituzten Olinpiar Jokoen hiri egoitzak. Ez agindutako lanpostuak, ez agindutako bisitariak, ez agindutako irabaziak. Kontrara: zorrek janda eta ezertarako behar ez zituzten azpiegiturak kudeatu ezinean utzi ditu jokoen antolaketak. Ikerlarion esanetan, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak egiten du benetako negozioa, ez hiriek.
Zeuk ere ez, Rio. Zor olinpiarraren erotiketan bilduta, bazatoz. Doluminak. Gezurrezko urrezkoak.