Zundaketak

2012ko ekainaren 10a
08:49
Entzun

Ainhoa Arano

Ezkerrean, zentroan, ekologisten edota abertzaleen aldean, eremu bakoitzean bizpahiru hautu izanen dituzte iparrraldeko hautesleek. Azken aldian, seigarren barrutian Michele Alliot-Marie (UMP) nagusitu zen, bosgarrenean Jean Grenet (Parti Radical Valoisien, UMP), eta laugarrenean Jean Lassalle (zentrista). Berriz aurkeztu dira, baina, presidentetzarako azken bozei begiratuz gero, ez dago argi oraingoan eskuina garaituko duenik.

Hollande presidente berriaren aroan PSko hautagaiek diputatu izateko egundoko aukera dute. Hauek dira hautagaiak: Frantxua Maitia laugarren barrutian, Collette Capdevielle bosgarrenean eta Sylviane Alaux seigarrenean. Abertzaleei dagokienez, hiru zerrendaren artean banatuko dira botoak: AB, Batasuna eta independenteek osatu EH Bai ezkerreko abertzaleen koalizioa, EAk ekologistekin osaturiko Amalur aliantza eta EAJ. Duela bost urte ezkerreko hiru alderdi abertzaleak elkarrekin aurkeztu ziren EH Bai koalizioaren baitan, eta guztira 10.676 boz lortu zituzten. EAJ ez zen aurkeztu eta UDF-Modemeko hautagai zentristen alde bozkatzera deitu zuen.

Orohar, François Hollande Frantziako presidentea geroz eta babes handiagoa bereganatzen ari da. Hauteskundeak irabazi eta hilabetera, Frantziako herritarren %62k presidente berriarekin pozik daudela adierazi dute ViaVoicek egindako inkestan. Horrez gain, legebiltzarreko ezkerreko alderdien blokeak lortu du babes handiena igande honetako lehen itzulirako.

Ipsosen inkestaren arabera, alderdi ezkertiarren blokeak botoen %47 lor ditzake; horietatik %32,5 PS Frantziako Alderdi Sozialistaren aldekoak dira, %6 ekologistenak eta %7 Ezkerreko Frontekoak. Eskuineko alderdiek aurreko urteetan baino babes gutxiago lortu dute. Inkesten arabera, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak botoen%34 lortuko ditu, eta Fronte Nazionala eskuin muturreko alderdiak, %14. Marine Le Penen alderdiak ez zuen ordezkaritzarik lortu legebiltzarrean duela bost urte, eta, inkesten arabera, aurten hiru diputatu bereganatuko ditu, kanpaina hasieran iragarritakoa baino gutxiago. Dena den, ez luke talde parlamentariorik sortzea lortuko, horretarako hamabost diputatu behar baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.