Koronabirusa kanpainan

'America's first'

Bost milioi kasurekin eta 165.000 hildakorekin baino gehiagorekin, AEBak dira COVID-19ak kalte handien eragin dion herrialdea. Ezusteko etsaia agertu zaio Trumpi kanpaina betean. Demokratek lau urtean lortu ez dutena lortu du izaki mikroskopikoak, haren irudia ahultzea.

Koronabirusaren ondorioz hildakoak itxuratuz egindako protesta bat, Bostonen. CJ GUNTHER / EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 19a
19:08
Entzun

 

Karguaren zina egin zuenean, 2017ko urtarrilaren 20 hartan, hala esan zuen Donald Trump presidente estreinatu berriak: «Gaurtik aurrera, ikuspegi berri batek zuzenduko du gure herria. Hemendik aurrera, Amerika izango da lehena». Eta asmatu egin zuen, baina ez zuen jakin kristalezko bolan ikusitakoa egoki interpretatzen.

Amerika, zehazki AEBak, lehenak bilakatu dira, bai; lehenak COVID-19ak kutsatutakoen kopuruan eta lehenak hildakoetan. Dagoeneko bost milioi kasu baino gehiago atzeman dituzte han urtarriletik, eta hildakoak 165.000tik gora dira. Osasun krisiak urteetan ikusi gabeko krisi ekonomikoa eragin du, eta langabezia tasa %10 da.

Koronabirusaren proba egiteko auto ilarak, Miamin (Florida)
 

Koronabirusaren proba egiteko auto ilarak, Miamin (Florida). CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE

Urte hasieran, AEBetan lehen kasuak agertu zirenean, dena «kontrolpean» zuela berretsi zuen estatuburuak, eta, egun batean, mirari bat balitz bezala, «berez» desagertuko zela. Ez zen miraririk izan, ordea, eta New Yorkera heldu zen pandemia, eta milaka hildako utzi itxialdia ezarri behar izan zuen hiriak. «Gerra garaiko presidente» izendatu zuen orduan Trumpek bere burua, eta hainbat neurri bultzatu zituen; besteak beste, arnasa hartzeko aparatuak ekoizteko agindu zien autogintza enpresei .

Dena den, azkar ahaztu zitzaizkion osasun neurriak, eta enpresari sena atera zuen. Apirilerako, amaitutzat eman zuen pandemia, eta ekonomia jarri zuen lehentasun, eta estatuei eskatu ireki zitzatela ateak eta has zitezela normaltasunera itzultzen. Alde horretatik, hegoaldeko estatuak izan ziren Trumpen aholkuak betetzen lehenak; hain zuzen ere, gaur egun kasu gehien jakinarazten ari diren horiek berak.

Azken inkesten arabera, bederatzi eta hamabost puntu arteko aldea ateratzen dio Bidenek Donald Trumpi

 

Texas izan zen horietako bat. Hura da koronabirusak Trumpen kanpainari egin dion kaltearen adibiderik argiena. Han ez du presidentegai demokrata batek irabazi 1976tik, baina, uztailaren amaierako inkesten arabera, Joe Biden presidentegai demokrata Trumpen aurretik dago bi punturen aldearekin. Filemon Vela Texas hegoaldeko ordezkari demokratak argi du horren zergatia: «Pandemia hasi zenetik, Trump presidenteak eta gure gobernadoreak, Greg Abbottek [errepublikanoa], ehunka lagun hil dituzten erabakiak hartu dituzte bata bestearen atzetik. Erokeria litzateke berriro haien alde bozkatzea, ikusita zer bidetatik daramaten estatua».

Iritzi berekoa da Bill Glaston ere, Bill Clinton presidente ohiaren aholkulari izandakoa. Haren esanetan, hauteskundeak pandemiaren kudeaketaren inguruko erreferenduma balira, ezinezkoa litzateke Trumpek irabaztea.

Presidentegai errepublikanoak ezin izan ditu hain gustukoak dituen kanpainako ekitaldiak ere baliatu bere diskurtsoarekin hautesleak erakartzeko. Duela lau urteko irudirik ez da ikusi aurten. 2016an ohikoa bilakatu zen jendez gainezka zeuden kiroldegi eta zelaiak ikustea, guztiak AEBak handi egingo zituen buruzagia noiz entzungo zain eta «Eraiki hesia» oihuka. Aurten, pandemiak ez du halakorik ahalbidetu. Ekainean, egoera kontrolpean zuela erakutsi nahian-edo, kanpainako ekitaldi bat antolatu zuen Trumpek Tulsan, Oklahoman, eta beste bat Portsmouthen, New Hampshiren. Baina kutsatzeko beldurrak estatuburua entzuteko nahia gainditu zuen, eta oso jende gutxi bildu zen lehenengoan, eta bigarrena bertan behera utzi zuten errepublikanoek. Ez dute geroztik besterik iragarri, eta abuztuan Floridan egitekoa zuten kongresua bera ere moldatu egin behar izan dute.

Trumpen agerraldia, Tulsan (Oklahoma).
 

Trumpen agerraldia, Tulsan (Oklahoma). ALBERT HALIM / EFE

Azken ikerketen arabera, atez atekoa da hautesleak erakartzeko modurik eraginkorrena, eta hori ere ezinezko bilakatu du pandemiak, nahiz eta Errepublikanoan Batzorde Federalak esan astean milioika ate jotzen dituztela. Ironiatik asko du egoerak. Izan ere, koronabirusaren ondorioz, milaka estatubatuarrek ordu gehiago egiten dituzte etxean, eta, beraz, errazagoa litzateke haiengana heltzea. Gainera, azken inkesten arabera, herritarren %85 gogoz daude hauteskundeetan parte hartzeko. Alderdiek ahaleginak egin dituzte beste bide batzuekin: telefonoa, sare sozialak, posta... baina emaitza ez da bera.

Gaitza zabalduz doa

Hauteskundeetarako lau hilabete falta izanda kanpaina arduraduna aldatzea ez da seinale ona izaten. Bada, horixe egin zuen Trumpek, uztailaren 16an. Ordura arte bere kanpainaburu izan zena, Brad Parscale, kargutik kendu zuen, eta Bill Stepien jarri zuen haren tokian. Stepienek Trumpen kanpaina zuzendu zuen, 2016ko presidentetzarako bozetan, Hillary Rodham Clinton hautagai demokrataren aurka. Duela lau urte ezinezko zirudiena lortu zuen hark, eta, mugimendu horrekin, Trumpek berak ere onartu du bigarren agintaldia eskuratzeko nolabaiteko miraria beharko duela.

Azken inkesten arabera, bederatzi eta hamabost puntu arteko aldea ateratzen dio presidentegai demokratak errepublikanoari. Egia da duela lau urte antzeko aldea ateratzen ziola Clintonek, eta hura iraultzeko gai izan zela hautagai errepublikanoa. Baina 2016an berria zen Trump, elite politikotik at zegoen norbait zen, herritarren itxaropena pizteko gaitasuna zuen. Orain, aldiz, hainbeste kritikatutako eliteko kide bat gehiago da.

Trumpi burla egiteko mozorroa, Bideni babesa adierazteko kanpainan.


Trumpi burla egiteko mozorroa, Bidenen aldeko kanpainan, Miamin. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE

Duela lau urte asko ziren Trumpen jarrera eta irudia kritikatzen zutenak, baina, aldi berean, haren plan ekonomikoetan zituzten jarriak itxaropenak. Baina pandemiak azken urteetan ikusitako krisi ekonomikorik okerrena ekarri du berarekin, eta, lehen aldiz, ekonomiaren kudeaketa egokiaz galdetuta, herritarren gehiengoak Joe Biden aukeratzen dute.

Hautagai errepublikanoaren kudeaketak alderdi osoari eragin dio. Izan ere, azaroaren 3an, presidentea ez ezik, hainbat senatari eta ordezkari ere hautatuko dituzte estatubatuarrek. Urteetan errepublikanoen alde egin duten bi estatutan, Montanan eta Kansasen ere, estu dabiltza egun. Duela lau urte, hogei punturen aldea atera zion Trumpek Clintoni; orain, aldiz, bederatzi puntu eskasera du Biden. Kansasko egungo gobernadorea beldur da primarioetan Trumpen gertuko populista bat hautatzen badute, estatuak gobernadore demokrata izango duela 1932tik lehen aldiz.

Gero eta gehiago, hauteskundeak erreferendum itxura hartzen ari dira. Koronabirusa zabaldu ahala doa Trumpen irudia ilunduz. Ekainaren hasieran, estatubatuarren %47k uste zuten egoera hobera egiten ari zela; hiru aste geroago, soilik %23 ziren iritzi horretakoak, eta bikoiztu egin ziren okerrera egingo duela uste zutenak.

‘Argiaren abiadura’ operazioa jarri du martxan Trumpek, eta iragarri txertoa urrirako izango dela eskuragarri

 

Brookings Institution erakundeko William Galstonentzat ere berria da hau guztia: «Inork ez du inoiz halakorik sekula ikusi, eta inork ez daki zer-nolako ondorioak izango dituen. Ez dakit 2016ko kanpainako ekitaldiek zenbateraino lagundu zioten Trumpi presidentetzarako bozetako garaipen handi hura lortzen, baina gauza ziurra da orduko estrategiak ez duela balio oraingoan».

Ekonomia erabakigarria izan zen hautesleen duela lau urteko hautuan; askorentzat, Trump zen hura onbideratu zezakeen bakarra, baina oraingoan egoera bestelakoa da, Galstonen iritziz: «Agintaldiko lehen hiru urteak oso erosoak izan dira harentzat, ez du inolako krisirik konpondu behar izan, eta, haren irudia apur bat ahuldu den arren, herritarrek iritzi ona zuten, sendo zegoen. Baina, orain, edozeini galdetzen badiozu zer iritzi duen haren kudeaketaz, ez du zalantzarik egingo, 'oso txarra', esango dizu».

Dena aurka duela ikusita, aurkariarekin bat egiten ahalegindu da buruzagi errepublikanoa, eta bozak atzeratzeko aukera jarri zuen mahai gainean uztailean, argudiatuz posta bidezko botoa ez zela «segurua». Arazoa da, ordea, presidenteak ez duela halako erabakirik hartzeko eskumenik, eta nahitaezkoa duela AEBetako Kongresuaren onespena. Hark, baina, baztertu egin zuen aukera hori, eta Trumpek esandakoa gezurtatu zuen.

New York izan zen COVID-19aren lehen epizentroa AEBetan
 

New York izan zen COVID-19aren lehen epizentroa AEBetan. JUSTIN LANE / EFE

Hori ikusirik, zientzialarien esku dago kanpaina bideratzeko aukera bakarra. Estatuburuak Argiaren abiadura operazioa jarri du abian, eta iragarri koronabirusaren aurkako txertoa eskuragarri izango dela urrirako, hauteskundeak baino hilabete lehenagorako. Gobernuak milaka milioi dolar jarri ditu proiekturako, eta eskura dituen baliabide guztiak jarri dizkie egitasmo horretan lanean ari diren zientzialariei, ezinezkoa dirudiena lortu eta Trumpi bigarrenez Etxe Zurira sartzeko bidea eman diezaioten.

Oraingoz, baina, ate hori ere itxi egin zaio buruzagi errepublikanoari. Zientzialariek ohartarazi dute azkarrenik ere aurtengo urte amaieran edo datorren urte hasieran egongo dela txertoa eskuragarri; betiere, hura garaiz aurkitzen badute eta milaka miloi dosi egiteko gai baldin badira. Baina hori da, oraingoz, Trumpen itxaropen bakarra, eta horrixe eusten dio. Abuztu hasieran Pennsylvanian egindako agerraldian, hala iragarri zuen: «Txertoa izango dugu urtea bukatu baino lehen. Garaiz helduko gara jarritako epemugara». Ikusi behar, ordea, oraingoan kristalezko bola behar bezala interpretatu ote duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.