Errepartoa

Absentziaren balada

Soldadu, musikari poeta, bohemio, erbesteratu, artzain, erromantiko peto. Mito bat. Gernikako arbola kantaren sortzailea baino gehiago. Jose Mari Iparragirre (1820-1881). Jaio zela bi mende, asteon. Hari buruzko film bat iragarria zuten negurako, baina tiraderan geratu da proiektua; ez da hala gertatzen den lehena. Tiradera hori zabaltzeko eta mitoa egurasteko saio bat da sail hau.

Anjela Kerexeta, 1877an, bardoarekin  izan ­zituen zortzi umeekin. KEINU
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko abuztuaren 13a
20:48
Entzun

 

«Proiektu honi heldu nion arte, ez nekien ezer Jose Mari Iparragirreri buruz», Adriana Hernandez historialariak. Atlantikoaz bestaldetik etorri zen duela hamabost urte, Venezuelatik; urte eta erdi pasa daramatza Urretxuko Udalak bardoaren jaiotza mendeurrenaren harira abiarazitako webgunea prestatzen, datuak kontrastatzen, hemerotekak arakatzen, irudiak bilatzen... Duela mende eta erdiko artikulu baten argazkia klikatu du ordenagailuko pantailan; beste bi ireki ditu segidan. Iparragirrez ari dira denak, baina pertsona desberdinaz ari direla dirudi. «Iparragirre asko daude. Hari buruzko bertsio asko bai, behintzat». Bertsioaren arabera, aldatu egiten dira haren bizitzako errepartoko aktoreak.

Ohikoa da, esaterako, Ramon Cabrera jeneral karlista aipatzea, gerran izenpetutako itun idatzigabe baten ondorioz edo, haren bitartez hasi baitzituen artistak 1839tik 1851ra bitartean Europan zehar eginiko ibileretako asko. Are gehiago haizatu izan da Pedro Egañaren rola, Iparragirreren sona zabaltzen: Madrilen zuzentzen zuen La España egunkariak beti jarraitu zien musikariaren emanaldiei, eta goratu egiten zituen; politikari gisa ere, beti hauspotu zuen haren ibilbidea. Beste hainbeste egin zuten, geroago, Fermin Herran, Ricardo Becerro de Bengoa eta Gasteizko ateneoko beste hainbat kidek: Euskal Herrira itzul zedin, lehenik; haren ekarpena goratzeko, zendu ostean.

Nicolas Soraluze
Nicolas Soraluze, bardoaren txikitako lagun-mina. BERRIA

«Nicolas Soraluze Zubizarreta idazle eta historialaria da ahaztu ezin den beste bat», Adriana Hernandezen esanetan. Soraluzek umetatik zuen adiskide Iparragirre, eta artikulu bat argitaratu zuen El Anunciador Vitoriano egunkarian, hura hil eta gutxira, eta haren biografiari buruzko datu ezezagun ugari eman. «Bardoaren bizipenak testuinguruan kokatu zituen Soraluzek, eta haren defentsan ere atera zen, familia Ameriketan abandonatu zuen zoro abenturazale bat zela zioen irudiaren kontra». Soraluzek behin eta berriz errepikatu zuen Iparragirrek sekula ez ziola uko egin Uruguain utzitako familia hona ekartzeko ametsari.

Uruguai. Amerika. Beste klik bat egin du historialariak saguarekin, letra larriz idatzi beharreko izenaren bila. Emakume baten argazkia ordenagailuaren pantailan. Ondoko fitxan: «Anjela Kerexeta Aizpurua. Alegia (Gipuzkoa), 1838 Mercedes (Uruguai), 1921». Iparragirreri buruzko bertsio guztietan ageri da erretratuko andre ileurdina.

Martxoaren 11n Arriaga antzokian estreinatu zuten Iparragirre, bihotzeko Jose Mari kontzertu eszenikoan ere ageri da, bardoaren bizitzan garrantzia izan zuten zenbait emakumerekin batera: bizia eman zion Francisca Manuela Balerdi; indiferentzia oparitu zion Manuela Francisca Zubiaurre Zugana Manuela kantako protagonista; Caroline Duprez sopranoa... Ikuskizun horretan aktore eta abeslari ari den Ainara Ortegarentzat, ezezagunak ziren emakume horiek denak: «Iparragirreren musika asko ezagutzen dut, etxetik, baina ezer gutxi dakit haren bizitzaz. Txikitandik jotzen ditut haren piezak, eta haren kantetako askoren letrak badakizkit, baina, pertsona gisa, misterio hutsa da niretzat». Misterioaren parte bat argitzeko leiho berezia ireki zuen Anjela Kerexetak, bada, ahots propioz.

Iparragirreri buruzko bertsio guztietan ageri da Anjela Kerexeta, 1859ko otsailaren 26tik hil arte emazte izan zuena


Nota bat gora

La Vasconia aldizkariaren egoitza, Buenos Airesen, 1897an. Jo dute atea, ireki du Francisco Grandmontagne kazetariak, ikusi du emakume txiki bat aurrean. Iparragirreren alarguna dela, miseria gorrian bizi dela, aldizkariak bere aldeko diru bilketa bat antolatzea nahi lukeela. Ahalegina egingo duela, kazetariak. Eta bardoari buruz hizketan hasi dira. Tolosan (Gipuzkoa) ezagutu zutela elkar, Kerexeta 17 urte bete gabea artean, ostatu batean lanean ari zenean. «Bertsotan kortejatu ninduen. (...) Gurasoek ez zidaten harekin ezkontzen uzten. (...) Buru gainetik hanka orporaino nuen gustuko. Gizon ederra zen, izan ere. Bizarra ere ederra zuen; eta bihotza, onbera. Inork ez bezala egiten zuen euskaraz, eta bertso politak kantatzen zituen».

Anjela Kerexeta
Anjela Kerexeta. HEZI2DE

36 urte zituen bardoak «baina gutxiago izateko itxura zeukan», eta herriz herriko emanaldi sokan jarraitu zuen hark. Neska gazteak harrituta jaso zuen berehala bidali zion gutuna, bazetozten Donostiako abuztuko festetan berriz ikusteko eskean. «Lehengusina baten etxean eduki ninduen festek iraun bitartean, eta, bukatu zirenean, berarekin Ameriketara joango al nintzen galdetu zidan. Buenos Airesen ezkonduko ginela esan zidan, euskal probintzietan apaizek paper asko eskatzen zigutelako ezkondu ahal izateko». Iparragirreren atzerriko ibileren gaineko kontrolik ezak errezelo ugari sortzen zituen zenbaitengan; Kerexetarengan, ez. «Fede itsua nuen Jose Marirengan».

Fedearen neurri bat: Ameriketara abiatu bezperan, parrandaz parranda, ez diru eta ez aterpe geratu zen Iparragirre. Kerexetak ordaindu zion azken egunetako ostatua, Tolosan zerbitzatzen bildutako sosekin. 1.150 errealeko bidaia-txartelaren 800 bakarrik ordaindu ahal izan zituen azkenean; 350 zorretan utzi zituen. Horiek eta Iparragirreren txartelaren 1.300 errealak ordaintzeko, bi hilabeteko epea eman zieten.

Zorretan abiatu zen Kerexeta Ameriketara, 1858ko udan. Bidaia osoa kantuan eman zuten berak eta maiteak. Gernikako arbola, batez ere. Buenos Airesera heldu berritako sentsazioak: «Euskaldun asko genituen zain nasan. Tira... haren zain zeuden. Nire zain ez zegoen inor. (...) Ni isilik, kantari eta builaka ari zen hainbeste gizonen artean erdi zorabiatuta». Han ezkondu ziren, azkenean, San Inazio elizan, 1859ko otsailaren 26an. Ordurako, bardoaren antzokietako porrota gertatua zen, eta Uruguairako bidea hartu zuten berehala. Mercedesera. Lerro arteko zertzeladak: «Oso artzain txarra zen [Iparragirre]. Ardiak galtzen zitzaizkion, ebasten uzten zuen, beste artaldeetakoekin nahasten zitzaizkion. (...) 'Ardiek ere maite dute askatasuna, eta ardiek ere foruak izan ditzaten nahi dut', esaten zidan hark. Ze atarramentu izango genuen, ba, guk gizon harekin? Ene Jesus, zenbat negar egin nuen!». Eguna joan eta eguna etorri, hiru urtez: «Horrela ematen genuen bizitza, zortzikoak kantatzen eta ardiak zenbatzen. (...) Hura sosengatik sesioan hasi? Tira, tira!».

Anjela Kerexeta, Mercedesen
Iparragirre-Kerexeta familia, 1877. urteko argazki batean. Iparragirre urte horretan itzuli zen Euskal Herrira, emaztea eta zortzi seme-alabak Uruguain utzita. KEINU

Montevideon taberna irekitzea izan zuten hurrengo aukera. Café del Guernikako-arbola, beti jendez beteta; beti hutsik nagusien sakela. «Ni desesperatu egiten nintzen, baina hark ezta kasurik ere. Gau osoa parrandan, denekin kantuan, inori kobratu gabe». Taberna itxi eta Mercedesera berriz, artzain. «Gitarra eskuan hura: bi haur besoetan ni. (...) Aurrekoan bezain gaizki. Jose Marik bertso eginean segitzen zuen, belazean etzanda». Euskal Herriaren berri jasotzen hasi zen musikaria, egunkarien bitartez. Bueltatu beharraz mintzatzen hasi zen, eta Kerexetaren eskaera: «Ez zaitez joan, Jose Mari!». Alferrik. «Gizon ona zen, jauna».

Iparragirrerekin izandako zortzi seme-alabekin geratu zen Kerexeta, itsasoaz bestaldean. Gizonezko bakartientzat latza eta gizonik gabeko emakumeentzat jasangaitza izan ohi zen mundu batean. «Mercedesen esan genion agur elkarri, eta ez nuen gehiago ikusi. (...) Bizpahiru gutun bidali zizkidan gero, eta ez nuen gehiago jakin hartaz, hila zelako berria jaso nuen arte». Mezu hori jaso zuenerako, beste bi umez erditua zen Kerexeta, Domingo Elutchauz auzoarekin. Bigarrengoz alargundu, eta arropa garbiketa, jostea eta emagin lanak izan zituen ogibide. 83 urterekin hil zen, Iparragirreren aurpegirik intimoena agerian utzi zuena; haren ametsei segika Ameriketaraino joan eta sekula itzuli ez zen emakumea. Nota bat gora, ahots grabeen munduan, absentziaren balada kontari.

'Alter ego'-a

Elizondoko (Nafarroa) Zubiria etxean jaio zen Jose Zubiria, 1823an, eta Afrika iparraldera joan zen Espainiako soldadu gaztetan, Rifera. Madrilgo kafetegietan egin zuen topo Jose Mari Iparragirrerekin, 1853an. Zubiria Jose Farro aktore eta enpresariaren zarzuelan ari zen lanean, eta liberal agerikoa zen. Berehala egin ziren lagun. «Baliteke baztandarra ere, Iparragirre bezalaxe, beste herrialde batzuetatik pasea izatea», dio Francisco de Paula Garciak, argitaratu berri duen Iparragirre en la Corte liburuan. 1856ko prentsa pasarte hau aipatzen du hipotesi horren euskarri: «Atzerriko hiriburu nagusiak korritu ostean gorte honetan ezarri den gazte nafar bentrilokuo batek atentzioa eman du Cafe de Orienten». Nafar sabeliztun hori Zubiria litzateke, urte horretako abuztuan estreinatu baitzuen Atso zaharra eta neskatoa ikuskizuna Madrilen. Hiru ahotseko bakarrizketa bat egiten zuen bertan, gitarra lagun. Pianora ere kantatzen zuen, tiple, tenor eta baxu bozak eginez.

Iparragirre Euskal Herrian zen 1856 hartan, gaitz batek oso larri jota. Sendatu eta artista bizimodura itzuli zenean, La riña de las sardineras bakarrizketa eman zuen Donostian, bere kantaldiaren osagarri. Bata bestearen alter ego-a ziren Zubiria eta bera: gerra ezagututakoak ziren biak, eta Europan zehar kantuan ibiliak, gitarra bizkarrean; biek maite zuten beren bizimodu erraria; biek txertatzen zituzten bakarrizketa umoretsuak beren emanaldietan. Eta, Iparragirre Ameriketatik Euskal Herrira itzuli zenean, elkar hartu, eta kantuan hasi ziren plazatik plazara. Elkarren lekuko izan ziren, gainbehera betean.

Herio eta gitarra

1881eko apirilaren 6an, Iparragirreren heriotzaren berri jakin orduko, Zozabarro bentara agertu zen Zubiria. Biharamun goizean, adiskidea hilkutxara sartu, orgara igo eta Urretxurako (Gipuzkoa) bidean jarri zutenean, hilerriraino lagundu zion, negar betean. Haren gitarra erabiltzeko baimena eskatu zuen gero, bardoaren itzalak txapela txanponez betetzen lagunduko ziola uste baitzuen.

Gitarra horrekin kantatu zion Espainiako erregina Isabel II.ari Gure erregiñari zortzikoa, 1883ko irailaren 25ean, Zestoako (Gipuzkoa) bainuetxean. Handik hilabete gutxira hil zen, Durangoko ostatu batean (Bizkaia). «Miseriarik gorrienean», Crónica de Cataluña egunkariak 1884ko maiatzaren 5ean argitaratu zuenez: «Ez zaio txanpon txiki bat ere aurkitu. Bere arropa batzuk eta erlojua besterik ez du utzi». Espainiako hainbat egunkaritan ere idatzi zuten Zubiriaren heriotzaz, behinola izandako ospeari oihartzun eginez. Behin hortik aurrera, Iparragirreren gitarra Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan, Gernikan, gordetzeko asmoa sortu zen.

Iparragirrek eta bere alter ego-ak jo zuten tresna 1896ko maiatzaren 21ean heldu zen Gernikara. Hantxe egon da gaur arte.

Bihar: Soinu banda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.