Arditurri

Arditurri, lurraren krakatekoa

Aiako Harriko zorupeko paisaia estonagarria da. Arditurri Eguna antolatzen dute urtero, mineral zainak eta historiaurreko bizimodua ezagutarazteko asmoz.

Josean Gil-Garcia.
2020ko uztailaren 23a
10:06
Entzun


Geologiaren ikuspegitik, Gipuzkoako Oiartzungo harana altxorrez horniturik dago. Arrokarik zaharrenak hantxe ikus daitezkeela diote adituek. Izan ere, euskal geografian gaindi azaleratzen diren material zaharrenetarikoak pilatu egiten dira han. Beraz, aldi luzeetan barrena jazotako prozesu geologikoak ulertzeko aukera bikaina ematen du Oiartzun aldeko paisaiak.

Aiako Harrian, begiratzen zaion lekutik begiratuta, hiru gainek profil deigarri bat marrazten dute, harribitxiz osaturiko koroa baten moldean. Izan ere, Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide sabaiak airoso gailentzen dira, hirurak 800 metrotik gora eta itsasoaren ferekek emeki samurtuta. Harrigarria bada ere, mendigunea granitikoa da, Euskal Herrian urgaineratutako bakarra. Ikusten den paisaia aho zabalik uzteko mirari geologiko baten ondorioa izan da. Zirrara eragiten du pentsatzeak Paleozoikoan jarduera igneo handia gertatu zela ama lurraren barnean. Nonbait, mugimendu ugariren eraginez, barrualdeko magma lurrazalera atera eta gainazala leunduz joan zen apurka-apurka, haizeak, urak eta bestelako prozesuek higatuta.

Horrela azalduta, badirudi sekulako krakatekoa entzun zitzaiola mendiari une jakin batez. Historia geologikoa, haatik, konplexua da. Historia deitu arren, berez, istorioz beterikoa prozesu luzea bezain geldoa izan da.

Arditurri

 

Arditurri Eguna

Arditurriko meategietan, egunik bereziena ospatu ohi dute uztail erdian, mendi barrunbeetako sekretuei argi emate aldera, besteak beste. Zorupeko labirintoan sartzeaz batera, lehen lezioa hasten da. Oinarrizko kontzeptuak jasoko ditu orduan geoturistak, betiere meazulootako erromatarren aztarna bereiziko bada. Gero, meatzaritza modernoari bidea emango zaio: xendari jarraikiz, metalezko barandak eta igarobideak korrituko ditu abenturazaleak aurrera eta atzera, mendeetan maskaratutako sekretuak bertatik bertara ezagutzearen kariaz.

Kanpoko aldean, berriz, historiaurreko bizimodua esperimentatzeko aukera ezin hobea izango dute bisitari gazteek. Pikondoaren eta hurritzaren egurra hartuta, sua nola egiten zen irakatsiko dute tailerretako adituek. Limonita eta koloragarri naturalak erabilita, gainera, horma irudi ederrak sortuko dituzte etxeko txikienek. Geologiari dagokionez, Luberri geologia museoko arduradunaren eskutik helduko da momenturik interesgarriena. Azalpen geologikoaren ondotik, ibaian gora egingo du esploratzaile taldeak, kaltzita, barita, kuartzo eta fluorita mineralak desberdintzen ikasteko irrikaz. Inguruko meazuloak, galeriak, plano inklinatuak eta haraneko zoko-mokoak deskubrituko dituzte segidan, bidaia geologikoari amaiera jarri baino lehen.

Arditurri meatzeko bisita


Meatzeko bisita informazio zentroan hasten da. JOSEAN GIL-GARCIA

Bidegorrian barrena

Ibiliz egiten baita bidea, Oiartzunen bertan hasiko da Arditurriraino lagunduko duen ibilbidea. Altzibar auzorako bidea hartuta, Oiartzun ibaia gurutzatu aurretik, atondutako bidegorriarekin bat egingo du txangolariak. Tipi-tapa, Ergoiengo auzora heldutakoan, ordea, bide seinale batek aukera emango du Luberri geologia museoan bisita bat egiteko. Oiartzungo haraneko geologian barrena bidaia liluragarria egin daiteke museoko arduradunaren azalpenak bidaide. Modu didaktiko eta atseginean, hortaz, geodibertsitatean murgiltzeko parada bikaina izango du bisitariak. Aretora bildutako harriak, mineralak, fosilak eta gertaera geologikoak lagun, Arditurriko natura ondasunak balioesten ikasiko du berehalaxe. Atzerako bidaia, beraz, aurrerapen pausoa izango da.

Mendigunea granitikoa da, Euskal Herrian urgaineratutako bakarra; mirari geologiko bat da


Paisaiaz ederki gozatuta, Oiartzun ibaia lagun, tunel luzeak zeharkatuko ditu bisitariak, garai batean mineral zama zeramaten bagoi ttipien antzera. Azkenik, Arditurriko meategietako instalazioetara iritsiko da, bidegorriko malda xumeaz ia ohartu gabe. Interpretazio zentro paretik igarota, porlan bidean gora egingo du segidan. Lehen bidebanatzera iristean, aurrera joko du, ibaiaren paraleloan doan basabideari men eginda. Eskulturara doan bidea bazter utziko du ibiltariak, oraingoz. Hala ere, ibilbidearen aldaera hura lehen zirkuitua amaitzean osatu daiteke. Izan ere, oso interesgarria da Imanol Marrodan eskultore bilbotarrak egindako artelan saiatua in situ ezagutzea. Letra handiko poema baten moldean gailentzen da behatokiko ordokian. Zirkinik egin gabe han dirau, etzan, barruko espazio hutsa eskultura inguratzen duen paisaiaz betetzeko ahaleginean. Aspaldiko meazulo bat ezagutzeko aukera ere emango du zidorrak, baita Santa Barbara meatze gune zabalari erreparatzeko ere.

Arditurri meatzeak


Bidegorriak aukera bikaina ematen du meatzeetara hurbiltzeko. JOSEAN GIL-GARCIA

Baina, gorago esan legez, zuzen jarraituta, jauzika amiltzen den ur emariarekin topo egingo du ibiltariak. Oin puntak bustita, akaso, harri xabalak baliatuko ditu ibiltariak ertzez aldatzeko. Gero, ezkerrera egin eta, ubideak lagunduta, zehar-zehar jarraituko du gora edo behera doazen zidorrei muzin eginda. Aspaldiko kanalak ibarra zeharkatzen lagunduko du. Pagadian sartu-irtena egindakoan, ur biltegira iritsiko da. Bideak behera egingo du orduan. Trebesak baliatuta, goratasuna galdu eta, bidegorrian, amaiera jarriko zaio mendi itzuliari.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (IV): Sabasan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.