Serbia

Aukera hoberik ezean...

Bruselak goi bilera batera gonbidatu zituen 2003an. Erreformak eskatu zizkien Europako Batasuneko kide bihurtzeko, baina hamabost urte geroago ez dute aurrerapauso nabarmenik eman ez bide batean eta ez bestean. Serbiaz esan dute 2025erako sar litekeela.

Saint Savako eliza, Belgraden. KOCA SULEJMANOVIC, EFE
Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 24a
12:16
Entzun

Europar Kontseiluak goi bilera bat egin zuen Tesalonikan (Grezia), 2003an. Mendebaldeko Balkanetako estatuburuak ere gonbidatu zituzten batzar hartara, eta EB Europako Batasuneko estatu kideetako buruzagiek adierazi zieten batasuneko kide bihurtu nahi baldin bazuten hamaika erreforma egin beharko zituztela aurretik. Hori zen ezinbesteko baldintza. Erreformak, oinarrizko eskubideei dagokienez, zuzenbide estatuan, ustelkeria eta krimen antolatuaren aurkako borrokan, mugetan, antolakuntza ekonomikoan... Lantegi zaila. Besteak beste arrazoi geopolitikoak, etnikoak eta erlijiosoak direla medio, eremu ezegonkorra dira Mendebaldeko Balkanak, eta, gainera, oraindik ez dira guztiz orbaindu 1990eko hamarkadako gerrek eragindako zauriak.

 

Baina 2009an Serbiak eskaria egin zuen klubeko kide bihurtzeko, eta EBk hautagaiaren estatusa eman zion hiru urte geroago. Horrenbestez, bi aldeak negoziatzen hasi ziren duela lau urte, eta inoiz esan izan zen 2020rako gerta zitekeela integrazioa. Jean Claude Juncker Europako Batzordeko buruak, ordea, zabalkundeari ateak itxi zizkion hilabete batzuk geroago; edo, gutxienez, Serbiako europazaleen itxaropena hoztu zuen. Azkeneko zabalkunde handia 2004an gauzatu zuen EBk, hamar estatu kolpetik bildu zituenean, eta Kroazia izan zen klubeko kide bihurtu zen azkenekoa, 2013an. Junckerrek esandakoak gorabehera, Belgradek eta Bruselak hitz egiten jarraitu dute, eta joan den otsailean eman zuen albistea Federica Mogherinik: Serbia klubeko kide izan daiteke 2025erako. Badaezpada ere, dena den, zuhurtziaz jokatu zuen EBko diplomaziaburuak: «Ez da helburu bat, ez da epemuga bat». Hortaz, nahiz eta Alemania eta Frantzia adibidez ez dauden zabalkundearen alde, Bruselak berriro ireki dizkie ateak Mendebaldeko Balkanei. Hala eta guzti ere, ahal duen bakoitzean belarrietatik tira egiten die, eta erantzukizun guztia haien bizkar utzi. Esaterako, hauxe dio, negoziazioak hizpide dituela, Europako Batzordeak aurten Serbiaz osatutako txostenean: «Negoziazioen erritmoa erreformen garapenaren araberakoa izango da». Eta bi aldagai daude azpimarratuta: zuzenbide estatuari dagozkion erreformak gauzatzea, eta Kosovorekin dituen harremanak «normalizatzea». Izan ere, EBko estatu gehienek eta AEBek bai, baina Serbiak ez du inondik ere onartzen Kosovok 2008an egindako independentzia aldarrikapena. Kosovon, etnikoki, biztanleen %90 albaniarrak dira, nagusiki musulmanak; eta Serbian, berriz, etnikoki serbiarrak dira herritar gehienak, eta batik bat kristau ortodoxoak.

 

Kosovoko independentziaren aurkako protestak Belgraden. Andrej Cukic, EFE

Aleksandar Vucic, iaztik Serbiako presidentea dena —lehen ministro jardun zuen 2014tik, eta joan den urteko presidentetzarako hauteskundeetan nabarmen nagusitu zen—, muturreko nazionalista izan zen behinola, baina diskurtso europazalea darabil azken hamarkadan. Serbiarrak, gainera, oro har behintzat, prest daude klubeko kide bihurtzeko. Serbia EBn sartzeko bulegoak iaz egindako inkesta baten arabera, %47k hori nahi dute. Badira urte batzuk gaiari buruzko inkestek hori adierazten dutela. «Asko, sinpleki, ez daude nahikoa informatuta edo hezita iritzi bat edukitzeko. Batzuek EB gorroto dute, pentsatzen dutelako hipokrisiaz jokatzen duela Mendebaldeko Balkanekin; beste batzuk Mendebaldearen kontrakoak dira zuzenean», azaldu dio Berriari Dusan Reljic-ek, Nazioarteko eta Segurtasun Auzietarako Alemaniako Institutuko (SWP) Bruselako bulegoaren buruak. Izan ere, batetik, 1990eko hamarkadan Mendebaldeak ez zuen lagundu Jugoslavia zena batuta mantentzen, baizik eta haren desegitea hauspotu zuen, eta, bestetik, Kosovoko auziaren garairik krudelenean, 1999an, NATOk Serbia bonbardatu zuen. «Argi dagoena da herritarren erdiek ez dutela ikusten EBko kide bilakatzea baino aukera hoberik», gehitu du Reljicek.

 

"Demokraziak ezin du aurrera egin pobrezian, eta Mendebaldeko Balkanetan txirotasuna da nagusi"

Dusan Reljic

Bruselak, berriz, elkarlana sustatzeko konpromisoa hartu du, baina areago joan gabe. Joan den maiatzean, Tesalonikako goi bileratik hamabost urtera, EBko eta Mendebaldeko Balkanetako estatuburuen arteko bilkura egin zuten, Sofian, eta ondorengo adierazpen bateratuak ez zuen balio izan datorren urteetarako bide orria argitzeko. «Europako Batasunak jarraituko du izaten Mendebaldeko Balkanetako bazkide fidagarriena», esan zuen, mezuan sakondu gabe, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak. «Gobernabidea eta kultura politikoa hobetzeko» ahaleginean, Reljici «ezinbestekoa» iruditzen zaio Bruselak baldintza batzuk jartzea, bai. Dena dela, testuingurua zehaztea komeni delakoan dago: «Zuzenbide estatuak eta demokraziak ezin dute aurrera egin pobrezian, eta Mendebaldeko Balkanetan txirotasuna da nagusi. EBren baldintzek ezin dute arrakastarik eduki zirkunstantzia horietan, bereziki hazkunde ekonomikoa ez bada nahikoa». SWPko adituarentzat, «lur emankorra» funtsezkoa da demokrazia «sustraituko» bada.

 

Europako Batzordeko presidente Donald Tusk eta Serbiako gobernuburu Aleksandar Vucic. Andrej Cukic, EFE

Gorrotoa oraindik

Eta eremu hartan ere nabaritu dute EBri duela hamar urtetik erasaten ari zaion finantza krisia; hortaz, ezin Bruselaren exijentziak konplitu.

Horrek ez du konponbide erraza, eta Kosovoko auziak ere ez. EBk bultzatuta, Serbiako eta Kosovoko ordezkaritzak 2013tik ari dira harremanen «normalizazio bat» negoziatzen, baina aurrerapauso nabarmenik eman gabe. Ia urtebetez eten zituzten elkarrizketa horiek, eta aurtengo urtarrilean, berriro ekitekoak zirenean, Olivier Ivanovic politikari serbiarra hil zuten Kosovon. Beraz, Serbiako Gobernuaren ordezkariak bilera gelatik atera ziren.

Serbiako presidenteari harremanez galdetu zioten duela pare bat hilabete, eta erantzun zuen oraindik ere «gorroto handia» dagoela serbiarren eta albaniarren artean. Negoziazioetan «konpromiso bat» lortu beharra dagoela dio Vucicek, baina ez da baikorra. Serbiako Eliza ortodoxoarentzat, gainera, Kosovon dago Serbiaren bihotza, eta publikoki adierazi du EBn sartzeagatik horri uko egin behar baldin bazaio ez duela merezi.

Hori guztia kontuan hartuta, eta EBri keinu bat egiteko intentzioarekin, Vucicek maiatzaren bukaeran iragarri zuen prest dagoela Serbian erreferendum bat egiteko Kosovorekiko harremanari buruz. Reljic SWPko adituarentzat, Alemania eta Frantzia dira, «bereziki», Kosovo eta Serbiaren arteko akordio «lotesle bat» exijitzen dutenak. «Baina hori oso zaila da hainbat arrazoirengatik, eta Vucic erreferendum bat iradokitzen ari da —EBk eta Berlinek ez diote halakorik exijitu—, etxeko oposizioaren aurrean bere tokia indartzeko». Hala ere, Serbiaren eta Kosovoren harremana «normalizatzeak» ekar dezakeenari begira, eszeptikoa da: «Horrek ez luke esan nahiko automatikoki EBrantz urratsak egiten ari zarenik. Vucicentzat, gainera, arriskutsua izan liteke. Izan ere, Kosovoko auzian garapen bat entregatu eta gero, aukeretako bat da Mendebaldeak gertuagotik zaintzea zuzenbide estatua, adierazpen askatasuna eta beste demokrazia molde batzuk. Eta horrek egoera desesperatu batean jarriko luke Vucic».

 

Vucicen aurkako manifestazio bat, iazko apirilean. Koca Sulejmanovic, EFE

Errusiaren eta Txinaren rola

Mendebaldeko Balkanetan ez dira guztiz europazaleak, ez daude erabat konbentzituta, eta Bruselak, jendaurrean ez, baina inoiz onartu izan du bere baitara gehiegi bildu dela, eta, gainera, «hirugarren herrialde batzuek» muturra sartu dutela zabalkundeari trabak jartzeko. Eta herrialde horiek Errusia, Turkia eta Txina dira. Mike Pence AEBetako presidenteordeak iaz adierazi zuenez, Errusiak Balkanak «ezegonkortzeko» asmoa du.

Serbiari dagokionez, Errusia aliatu historikoa izan du. Vucicek ez du ezkutatzen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin harreman ona duela, eta EBko zenbait kidek ez dute begi onez ikusten adiskidetasun hori, pentsatzen baitute Errusiak Serbia erabili nahi duela batasuna barrutik higatzeko. Horri buruz galdetzen diotenean, Serbiako presidenteak barre egiten du.

Gainera, finantza krisia gorabehera, Reljicek argitu nahi izan du EB, ekonomikoki, Errusia baino «hamabi aldiz inportanteagoa» dela Serbiarentzat. «Serbia eta Mendebaldeko Balkanetako gainontzeko herrialdeak ekonomikoki sakon integratuta daude EBn. Errusia gas naturalaren hornitzaile gisa soilik da nagusi». Izan ere, EBko kide bihurtzeko bidean, Balkanetako herrialdeek batasunera bideratu zuten beren nazioarteko komertzioa. «Komertzioaren %85, gutxi gorabehera, EBrekin egiten dute —horren %40, Italia eta Alemaniarekin—, eta bankuen kapitalaren %90 EBko finantza erakundeena da».

Errusiaren garrantzi «politikoa», baita Txinarena ere, beste zentzu batean ulertu behar da. «Errusia eta Txina Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kideak direnez, betoa jar diezaiokete Kosovo NBEn sartzeari », azaldu du SWPko kideak. Bestela, Txina present dago Mendebaldeko Balkanetan. Serbian, adibidez, dirua jarri du zenbait azpiegitura hobetzeko; kasurako, Belgrad-Budapest trenbidea zaharberritzeko. Eta Turkiari dagokionez, eragina izaten ari da, garapen bidean diren hainbat ekinbide babestuz, biztanleria musulmana duten herrialdeetan; nagusiki Bosnian, Kosovon eta Albanian.

 

"Errusia eta Txina NBEren Segurtasun Kontseiluko kide izanik, betoa jarri diezaiokete Kosovoren NBErako sarbideari"

Dusan Reljic

Reljicentzat, herritarrak «jabetzen» dira Serbiak bi «mendekotasun» dituela: «Ekonomikoa EBrekin, eta politikoa Errusiarekin eta, ziurrenik, Txinarekin, NBE-Kosovo enigman». Orduan, uste du herrialde horiekin «harreman onak» edukitzea ez dela aukera bat, «behar bat baizik». Bitartean, herritar horien erdiak, baita gobernua ere, EBko kide izatearen aldekoak dira. Baina bide luzea dute egiteko. Serbiaz egin duen txostenean, Bruselak dio 35 puntu lantzea adostu zutela orain lau urte, eta horietako hamabitan baino ez dituztela aurrerapausoak eman.

Serbia.

1995. Jugoslaviako Errepublika Federalak, Kroaziak, eta Bosnia eta Herzegovinak Daytongo Akordioak sinatu zituzten abenduan, eta gerra bukatu zen. Lehenak estatu independente gisa onartu zituen beste biak.

1998. Azken urteetan tentsio etnikoak gora egin eta gero, NATOk ultimatuma ezarri zion Slobodan Milosevic Jugoslaviako Errepublika Federaleko presidenteari, albaniarren kontrako errepresioa gelditzeko.

1999. Nazioarteak prestatutako akordioa gaitzetsi zuen Belgradek martxoan. NATOk Jugoslaviaren kontrako erasoari ekin zion. Irailean, Milosevicek tropak atera zituen Kosovotik, eta NATOk erasoa gelditu zuen.

2000. Herritarren protesten ondorioz, Milosevicek presidentetza utzi zuen. Jugoslaviako Errepublika Federala NBE Nazio Batuen Erakundeko kide bihurtu zen.

2001. Boterekeria eta ustelkeria egotzita, Milosevic atxilotu zuten. 2002. Genozidioa eta gerra krimenak egitea leporatuta, Milosevicen aurkako epaiketa hasi zen Hagan, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian.

2003. Konstituzio berria onartu, eta Jugoslaviako Errepublika Federala Serbia eta Montenegro bilakatu zen, otsailean. Hilabete geroago, Zoran Dindic Serbia eta Montenegroko lehen ministroa hil zuten.

2005. Serbia eta Montenegrok elkartze eta egonkortze akordiorako elkarrizketak hasi zituen EB Europako Batasunarekin. Lehen pausoa izan zen kide bihurtzeko bidean.

2006. Nazioarteko auzitegiaren epaia jaso aurretik, Milosevic hilik aurkitu zuten Hagako espetxean. Martxoaren 11 zen. Bi hilabete pasa geroago, maiatzaren 21ean, Serbiatik banatzeko erreferenduma egin zuten Montenegron, eta herritarren %55,5ek independentziaren alde bozkatu zuten. Pare bat aste geroago aldarrikatu zuten estatu berria. Serbiarrek konstituzio berri bat onartu zuten urrian erreferendum bidez, zeinak dioen Kosovo Serbiaren barruan dagoela.

2008. AEBen eta EBko kide gehienen onespenarekin, Kosovok independentzia aldarrikatu zuen otsailean. Serbiako Parlamentuak adierazi zuen aldarrikapena legez kanpokoa zela.

2009. Serbiak eskari ofiziala egin zuen EBko kide bihurtzeko, abenduan. Schengen eremuko herrialdeetan ibili ahal izateko bisak eskuratu ahal izan zituzten serbiarrek, automatikoki.

2018. Bruselak esan zuen Serbia Europako Batasuneko kide izan daitekeela 2025erako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.