Baiona - Miarritze

Bat bera dute pasioa

Ipar Euskal Herrian, errugbia da kirol nagusia, eta haren erdigunea Baiona eta Miarritze dira. Bi hirietan dago zaletasun handia, eta betidanik izan dute lehia estua elkarren artean.

Miarritzek eta Baionak duela bi denboraldi jokatutako derbia, Jean Daugerren. ISABELLE MIQUELESTORENA
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 25a
17:49
Entzun


Baloi baten jiran dabil Ipar Euskal Herriko kirola. Ez da futbolaren baloi biribila, errugbiaren baloi obala baizik. Errugbia da kirol nagusia: ez dago haren oihartzunaren eta zaletasunaren parekorik. Ipar Euskal Herriaren luze-zabalean jokatzen da: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Baina inon indarrik baldin badu, Lapurdin du, eta, zehazki, Baionan eta Miarritzen. Sei kilometro eskas luze den eremu hori da errugbiaren erdigunea. Bertakoak dira, hain zuzen, Euskal Herriko bi talderik onenak: Aviron, Baionakoa, eta Olympique, Miarritzekoa. Jean Dauger eta Aguilera dira haien etxeak, hurrenez hurren.

«Ipar Euskal Herria oso errugbizalea da», dio Xexili Foix France Bleuko kazetari eta Baiona Peñako idazkariak (Baiona, 1972). «Pilotak ere indarra du, baina errugbia da nagusi. Baiona eta Miarritze goi mailan ari dira aspaldi, eta klub historikoak dira: ehun urte baino gehiago dituzte biek. Baina, bi horiez gain, badira beste hainbat talde, koska batzuk beherago. Ia herri guztietan dago talderen bat. Errugbiak beti izan ditu zale asko, baina, azken hogei urteetatik hona, profesional bilakatu denetik, aldaketa izan da: jende gehiago zaletu da. Telebistak zerikusia izan du horretan. Lehen, Bost eta Sei Nazioen torneoak eta final handiak bakarrik ikusi ahal ziren telebistaz. Orain, ordea, ligako partidak ikusi ahal dira, eta jendeak errugbia deskubritu du, eta kirol honi lotu da».

Foixen ustez, «errugbiaren jokamoldea eta filosofia» dago azken urteetako hazkundearen atzean. Horretarako, futbolarekin alderatu du. «Futbolak badu alde txar bat: zelaian, giroa pixka bat bortitza da; hitzetan, gutxienez. Eta gerla izan ohi da zaleen artean. Errugbian, aldiz, ez dago halakorik. Zelaian, jokalariek errespetu handia erakusten diote epaileari. Nahiz eta jokoa aski bortitza izan, uztartzeak eta plakatzeak baitaude, badago diziplina bat, araudi bat, eta errespetatu egiten dira. Errugbia deskubritzen duen jendea harritu egiten da ikusten duenean epaileek zerbait adierazi eta jokalariek berehala apaltzen dutela burua. Nik maite dut errugbi jokoa: estrategiak, talde espiritua, batasuna... Jokalari guztiak dira garrantzitsuak».

Zaleen «giroa» ere nabarmendu du. «Adiskidantzazko giroa dago errugbian. Horixe da errugbiaren xarmarik handienetako bat. Partidek hiru zati dituzte: hasi aitzin, denak gaude elkarrekin, pozik, kantatzen, bakoitza bere koloreak harro erakutsiz; neurketan, berriz, bakoitzak bere taldea animatzen du, eta, bukaeran, irabazi edo galdu, elkarrekin edaten dugu, eta partidaz patxadaz eta giro onean mintzatu. Horrek egiten du ezberdin errugbia».

Gero eta zale gehiago

Peio Dospital (Itsasu, Lapurdi, 1950) errugbiaren garrantziaren lekuko izan da. Lehenbizi, Baionako jokalari gisa: hogei urtez aritu zen. Gero, klubaren presidente gisa. «Errugbiak beti izan du indar handia Ipar Euskal Herrian, eta batez ere Baionan eta Miarritzen. Zaletasun handia egon da beti, eta, orain, are gehiago. Baionan, adibidez, lehen, 10.000 lagun joaten ziren estadiora. Orain, ordea, 17.000 joaten dira. Lehengoa halako bi da ia. Horrek agerian uzten du zaletasunak ez duela behera egin. Aitzitik, gora egin du. Gainera, harrobi ona dago, bai Baionan, bai Miarritzen, baina baita beste hainbat talde txikitan ere».

Miarritzek 2004 eta 2006 artean izan zuen urrezko aroa: bi urtez jarraian irabazi zuen Frantziako liga, eta Europako txapeldunorde izan zen. Federico Martin Aramburu (La Plata, Argentina, 1980) talde horretako jokalari izan zen. Bi urtez baizik ez zen aritu Miarritzen, baina hain arrasto sakona utzi zuten harengan, ezen bertan bizi baita erretiroa hartu zuenetik. Bazkideen ordezkari izandakoa da. «Ez ditut beste kirolak gutxietsi nahi, baina, Miarritzen, errugbi taldea besterik ez da existitzen. Zergatik? Hemengo biztanleek hiru aldiz ikusi dutelako euren taldea Frantziako liga irabazten eta bitan Europako Kopako finala jokatzen. Gauza handiak bizi izan dituzte, eta horrek, noski, arrasto handia utzi du. Inguru honetan, ez dago errugbi taldea ezagutzen ez duenik».

Dospitalek eta Aramburuk nabarmendu dutenez, jokalari zirela «beti» sentitu dute «hiriaren sostengua eta bultzada». Argentinarrak ez du ahaztu Miarritze gailurrean zegoenean bizitakoa. «Jatetxeetara joaten ginen, eta ez ziguten uzten ordaintzen. Zerbait behar bazenuen, segituan laguntzen zizuten. Etxekoak bagina bezala sentiarazten gintuzten. Gainera, zelaian, irabazi egiten genuen ia beti. Ez zekiten zer egin hori eskertzeko. Zaleak etxera etortzen ziren, gurekin hitz egitera, babesa eta esker ona adierazteko. Izugarri maitatuak sentitu ginen. Horrek asko markatu ninduen. Horregatik, erretiroa hartu nuenean, emaztea eta biok hona etorri ginen bizitzera. Oso zoriontsu gara».

Bizilagunarekin elkarbizitza

Baiona eta Miarritze. Miarritze eta Baiona. Aspaldikoa da elkarren arteko lehia. Euren artekoaz galdetuta, Foixek segituan nabarmendu ditu bi hirien arteko aldeak. «Baiona herrikoiagoa da, eta urte osoan dago giroa. Miarritze, ordea, askoz lotuagoa dago turismoari. Dirudunen hiria da. Baionan ere badaude, baina ez dira hainbeste nabarmentzen».

Daniele Zelaia (Miarritze, Lapurdi, 1985) ez dago batere ados horrekin; jarraitzaile zuri-gorria da, eta Mixel Zelaia Miarritzeko jokalari historikoaren alaba. «Askotan entzun dut gauza bera, baina hori ez da horrela. Miarritze ez da dirudunen taldea, ezta turistena ere. Egongo dira, baina Baionan dauden bezalaxe. Denetarik dago bi taldeetan. Horiek guztiak txorakeriak dira». Aramburuk ere ez ditu aintzat hartzen halakoak. «Derbien inguruan bizilagunari zirikatzeko esaten diren gauzak besterik ez dira».

Bizilagunen arteko lehia horrek derbietan jo ohi du goia. Ados dira guztiak: denboraldiko «partidarik bereziena» da, eta «plazera» da bizilagunari irabaztea. Dospitalen arabera, aldatu egin da jokalarien arteko harremana. «Gure garaian, biziki ongi pasatzen genuen derbia jokatzen genuenean. Zelaian, borroka handia izaten zen, baina lehia bukatzen zenean denak elkartzen ginen, festa egiteko. Elkar ezagutzen genuen, lanetik eta errugbitik, eta anaiak bezala ginen. Orain, berriz, jarraitzaileena da derbia; haientzat da garrantzitsua. Jokalariei berdin zaie aurrean Miarritze edo Paris izan». Aramburuk, ordea, aitortu du bere garaian zaleek jokalariek baino garrantzi gehiago ematen ziotela derbiari. «Esaten ziguten berdin zitzaiela sasoiko beste partidetan zer gertatzen zen, baina Baionari irabazi behar geniola».

Foixek maite ditu derbiak, baina ez noiz edo noiz bi taldeetako zaleen artean egon diren tirabirak. «Lehia beharrezkoa da, baina goxoa. Ez dira gauzak serioski hartu behar. Kirola baizik ez da. Ikusi izan ditugu inoiz bi taldeetako zaleak elkarri hitz itsusiak esanez, eta hori ez dago ondo. Errugbian ez dugu halakorik nahi. Ezagutzen ditut Aguilerara joaten ez diren Baionako zaleak, baita Jean Daugerrera joaten ez diren Miarritzeko zaleak ere. Gu joaten gara Aguilerara, Baiona animatzera. Baionaren alde baikaude. Baina ez gaude Miarritzeren aurka».

Baiona Top 14an aritu da sasoi honetan, eta Miarritze koska bat beherago, Bigarren Mailan. Beraz, ez da derbirik izan. Hurrengoan ere ez da izango. Zaleek horren falta sumatzen dute. «Top 14an, gure derbia Paueren aurka da. Baina ez da gauza bera. Baionaren aurkakoak piper gehiago du. Festa bat da. Ea laster berriz ere elkarren aurka joka dezakegun». Desio bera du Zelaiak. «Oso partida politak dira, eta zer esanik ez irabaziz gero. Beti da plazera Baionari irabaztea».

Bateratu bai, bateratu ez

Miarritze eta Baiona bakoitza bere aldetik doaz, baina saiatu izan dira bi klubak bateratzen. Alferrik, ordea. Bi jokalari ohiak bateratzearen alde daude. Aramburuk dioenez, «nik argi dut bateratu egin behar direla. Bateratzeak sanoa izan beharko luke, eta ona lurraldearentzat. Aukera ona dago, jokalari oso onak baitaude inguruan. Euskal talde indartsu bat sortu beharko litzateke, klubek euren historiari eutsita». Aldekoa da Dospital ere, baina zehaztapena egin du. «Euskal Herriko talde bat sortu beharko litzateke, eta Baionak eta Miarritzek joka dezatela gazteekin Bigarren Mailan. Nork finantzatuko luke talde hori? Baionak %40 jarri beharko luke, Miarritzek beste %40 eta beste talde guztiek, Iparraldekoek zein Hegoaldekoek, beste %20. Nire ustez, gaizki planteatu izan da bateratzea, talde bat gehiago izatea proposatu beharrean bat gutxiago izatea proposatu baita. Horregatik ez du arrakastarik izan».

Zelaia eta Foix, berriz, bateratzearen kontra daude. Zelaiak azaldu duenez, «ez da beharrezkoa Baiona eta Miarritze elkartzea. Euskal talde bat aipatzen dute, baina badira euskal taldeak: Baigorrin, Hernanin, Ordizian, Gernikan... Ondo dago dagoen bezala».

Iritzi berekoa da Foix. «Batzuek diote ekonomikoki ez dela erraza bi talde goi mailan egotea, baina inork ez du frogatu bateratuta emaitza hobeak lortuko direnik. Gainera, bi klub dira, bakoitza bere hiriari lotuta, kolore, historia, kultura batekin eta nortasun ezberdinekin, eta hori ezin da desagerrarazi halako parioak egiteko. Euskal talde bat sortuko litzatekeela saltzen digute, baina, hori egin nahi badugu, iturritik hasi beharko ginateke. Ezerezetik abiatuta, ezin da fitsik egin. Gauzak serioski egin behar dira, eta luzerako plan bat egin». Hala ere, bateratzearen kontra dago. «Baiona Baiona da. Inoiz ez bagara goi mailan sartzen, ez gara izanen, baina beti gure koloreekin ariko gara. Azken helburua ez da goi mailan aritzea. Ahal bada, hobe, baina ezin bada, ez da hala izanen. Dena ez da saltzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.