Urregorria dira marrubiak Espainiako hegoaldean. Fruitu horren inguruko industriak ia 600 milioi euro mugitzen ditu Huelva probintzian, Europako ekoizle eta esportatzaile nagusia baita. Baina izerdi eta odol orbanak atera zaizkio urreari: marrubiak biltzen dituzten emakume marokoarrek lan esplotazioa eta sexu indarkeria jasaten dituzte. Urteetan isilpean gordetako bortxa lehertu egin zen iaz, hamar langilek salaketa jarri zutenean. Aurten, Mugak Zabalduz karabanak bertatik bertara ezagutu du errealitate hori, eta bat egin du andreon aldarriekin: «Duintasunik gabe ez dago kalitaterik».
«Kapitalismo arrazista eta patriarkalaren jardunaren» adierazle da auzia, Marokoko FNSA-UMT nekazaritza sindikatuarentzat. Izan ere, marrubiaren arloko enpresek sasoikako langileen bidez biltzen dituzte fruituok; gehienak emakume marokoarrak dira: aurten, ia 20.000 aritu dira. Hiruzpalau hilabetetako txandatan, otsailetik ekainera egiten dute lan negutegietan, eta, gero, jaioterrira itzultzen dira; berariaz hartzen dute bueltatzeko konpromisoa. «Migrazio zirkular» hori auzitan jarri du Jadiya Anianik, giza eskubideen aldeko Marokoko elkarte AMDHko kideak: «Gehienetan, migrazio molde horrek dakar emakumeak esplotatzea eta diskriminatzea. Baina giza eskubideen urraketak ez dira arazo bakarra, zirkulazio askatasuna ere zalantzan dago: egun, dena mugi daiteke, hegoaldetik datozen pertsonak izan ezik».
"Bagenekien sexu abusuak zeudela. Zergatik ez dute hitz egin? Ez daukatelako bestelako diru sarrerarik."
Jadiya Aniani. AMDHko kidea
Espainiak eta Marokok 2001. urtean sinatutako hitzarmen batean oinarritzen da sasoikako langileon jarduna. Anianik dio bi aldeek atera diotela etekina: «Marokoko egoera oso prekarioa da, batik bat andreentzat: soilik %20k dute lan jardueraren bat, baina gero eta gehiagok eusten diete familiaren premiei. Hala daudenek diru sarrerak behar dituzte: Espainian marrubiak biltzea aukera ona da. Eta, aldi berean, Espainiako enpresentzat langile merkeak lortzeko modu bat da».
Teoriatik praktikara, ordea, jauzi handia dago. Kontratuak Marokon egiten dituzte: Espainiako enpresariek aukeratzen dituzte beharginak, eta Marokoko Enplegu Agentziak egiten ditu bitartekari lanak. «Espainiako Estatuak eskuak garbitzen ditu; desagertuta dago», gaitzetsi du Mohammed Hacketx FNSA-UMTko ordezkariak. «Krudeltzat» jo du langileak hautatzeko prozesua, «esklabotza irizpideak» erabiltzen dituztelako: «Emakumeei eskatzen diete gazteak izateko, 40 urtetik beherakoak; seme-alabak edukitzeko, Marokora itzuliko direla bermatzeko; argal egoteko, makurtuta egingo dutelako lan; eta eskuak zainduta edukitzeko, marrubiak oso leunak baitira».
Baldintza gogorrak
Panorama ez da hobetzen Andaluziara iristean. «Itsasontzian, pasaporteak kentzen dizkiete maiz; Algecirasera iristean, bitartekari marokoar batek langileak banatzen ditu. Emakumeek zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta hobeto; jendearekin ez hitz egitea gomendatzen diete», esan du Hacketxek. «Emakumeetako asko analfabetoak dira, edo ez dakite gaztelaniaz. Ez dute eskubiderik enpresaz, jardueraz edo eskualdez aldatzeko», erantsi du Anianik. Eragileek maiz salatu dute andreak baldintza gogorretan aritzen direla: lanaldi luzeak dituzte, negutegien barruan bero handiz eta makurtuta, eta enpresek ez diete ura pagatzen... «Nekazaritza eremuak guztiz bakartuta daude: emakumeen bizimodua guztiz kontrolatuta dago».
Emakume bat, marrubiak biltzen, artxiboko irudi batean; marokoarrak dra egun sasoiko langile gehienak.. JULIAN PEREZ / EFE
Anianiren arabera, halako egoeretan erraz gertatzen dira gehiegikeriak: «Zortzi hilabeteko haurdun zeuden emakumeak ikusi izan ditugu negutegietan lanean». Baita sexu jazarpena ere: «Bagenekien sexu abusuak zeudela. Zergatik ez dute hitz egin urte hauetan guztietan? Ez daukatelako bestelako diru sarrerarik, eta, ondorioz, dena irentsi behar dute, pertsona asko dituztelako euren ardurapean».
«Hitz egiten baduzu, ez duzu berriro lan egingo», berretsi dute Mugak Zabalduz karabanako lan saioetan parte hartu duten emakume marokoarrek. Haiek, ordea, ezin izan dute isilik geratu. Minak kontatu du enpresak iruzur egin ziela —abizenik ezin dute eman: «Agindu ziguten sasoi osoan lan egingo genuela, baina, sei egunez aritu ostean, nagusiak esan zigun Marokora itzuli behar genuela». Wafak esplikatu du haietako asko zorpetu egin direla Espainiara joateko: «Bidaia enpresak ordaintzen du, baina gainerakoa gure poltsikotik doa: bisa lortzea, ostatua, bestelako garraioa... Eta, gainera, lan egindako egun guztiak ere ez dizkigute pagatu». Fatimak ere mailegu bat eskatu zuen: «Hamabost egunez lan egin nuen, eta horrekin ezin nuen dirua berreskuratu».
"Agindu ziguten sasoi osoan lan egingo genuela, baina, sei egunen ostean, esan ziguten Marokora itzuli behar genuela"
Mina. Sasoiko langilea
Beraz, emakume batzuek erabaki zuten Marokora ez itzultzea, eta enpresek jarritako ostatuetatik alde egitea. Lepeko txaboletan bizi dira orain; fruta sasoia amaituta, lanik gabe daude. Ez aurrera ez atzera geratu dira. Desesperatuta mintzatu da Wafa: «Ez nuen Espainian geratzeko gogorik, eta egoera hau zinez jasanezina da, baina Marokora itzultzeko dirurik ere ez daukat. Semearekin egunero hitz egiten dut: negarrez eskatzen dit itzultzeko, esaten dit ez daukatela jatekorik, eta nik ezin dut ezer egin, ezin diet ezer bidali. Bihotza hautsita daukat».
Txabola eremu bat. BERRIA
Kartoizko hormak, plastikozko itzalak
Huelvan fruta biltzen aritzen diren ehunka etorkin txaboletan bizi dira, argindarrik, urik eta segurtasun neurririk gabe. Lan sasoia amaituta, beste leku batzuetara mugitzen hasi dira langileak.
Eta zuek zertan lagunduko didazue?». Maliko gazte bati arrotza egin zaio Mugak Zabalduz karabanako kideak txaboletara hurbiltzea. Mansourek azaldu dio gertukoak direla: «Migratzaileon eskubideen alde ari dira». Etxola barrutik aulkiak atera dituzte, eta sarreran esertzera gonbidatu dituzte; eguzkiak gupidarik gabe jotzen du uztaileko arratsaldeetan, eta plastiko batek sortutako itzal prekarioaren azpian babestuta hasi dira solasaldia harilkatzen; tarteka frantsesez, apur bat gazteleraz, pasarte batzuk malieraz eta wolofez, eta gainerakoa keinuz. Eta ispilua jarri die berriz maliarrak kanpotarrei: «Zuek zerbait egin dezakezue ni nonbait erroldatzeko?».
Fruta biltzen duten sasoikako langileak bertan bizi dira; migratzaileak dira asko. Mugak Zabalduz karabanako kideekin egon dira. BERRIA
Mansour ere etxola batean bizi da, Lepe (Huelva, Espainia) herriaren inguruan dauden kanpalekuetako batean. Senegalgoa da, eta 26 urte ditu; atzo urte bat bete zen Espainia hegoaldera heldu zenetik. «Pateran iritsi nintzen Tarifara; handik Almeriara eraman ninduten, eta gero hona etorri nintzen lagun batzuekin». Lepen, ehunka etorkin bezala, fruta biltzen jardun da azken asteetan: mandarinak, laranjak, ahabiak... Goizean goiz hasten dira lanean, eta eguerdi arte aritzen dira, zazpi orduz. «Oso lan gogorra da». Egunean 30 euro inguru pagatzen diete, agindutakoa baino gutxiago. «Baina legez kanpo ari gara, kontraturik gabe. Gure nagusiek badakite, eta komeni zaie, hala ezin baitugu salatu».
Dena den, txaboletan bizi diren guztiak ez dira papergabeak. Huelvako eragile hainbatek 2017an egindako txostenaren arabera, %74 egoera administratibo erregularrean daude; arazoa da etxebizitza parkea ez dela iristen sasoikako langileen premiak asetzera, eta jabe askok ez dutela etxea alokatu nahi. Instituzioen konponbiderik ezean, auzo paraleloak sortu dira herrietako erdiguneetatik metro gutxira; Lepen, adibidez, langileek bildutako fruta kudeatzen duten pabiloien eta merkataritza zentro handien alboan. Ezkutuan ere ez daude batzuk: errealitate ezaguna dira.
Huelvako eragileen arabera, txaboletan bizi direnen %74 egoera administratibo erregularrean daude
Egurrezko eta kartoizko egitura dute txabolek berez, eta plastikoz estaltzen dituzte, baina askotariko objektuez osatzen dituzte: koltxoiak, supermerkatuetako orgak, ateak, kutxak, auto zatiak... Karabanak bisitatutako kanpalekuan 60-70 pertsona inguru bizi dira, lauzpabost etxola bakoitzean, «tamainaren arabera». Denak dira gizonak: «Andreak beste leku batean daude».
Ura, urrun
Gizarte eragileek maiz salatu dute hango bizimoduaren gogorra. Argindarrik ez dute, ezta urik ere, eta, hala, ia ezinezkoa da gutxieneko higiene baldintzak izatea. Ur bila noraino joan behar duten azaldu diote Mansouri, eta harridura keinu batez adierazi du urrun dagoela. «Bizikletaz garraiatzen dute, bidoi handietan».
60 lagun inguru bizi dira karabanak bisitatutako kanpalekuan. BERRIA
Astelehenetik asteartera, jantoki sozialean ematen diete bazkaltzen langile etorkinei; gosariak eta afariak, ordea, etxoletan egin behar dituzte. «Gas bonbonekin prestatzen dugu janaria». Han bizitzea arriskutsua ere badela gogoratu du Mansourek: «Etxola batek su hartzen baldin badu, denak erreko dira». Izatez, aurten bi sute larri izan dira Lepeko txaboletan.
Fruta biltzeko sasoia amatu egin da jada Huelvan, eta, beraz, lanik gabe geratu dira ehunka migratzaile. Berriro mugitzea tokatuko zaie egun hauetan: Lleidara (Herrialde Katalanak) joateko asmoa dute, han ere landa eremuan jardutera. Etsipenez mintzatu da Mansour, ingurukoen egoerak erakusten diolako urteak egin ditzakeela horrela, batetik bestera, lan egiteko bermerik gabe, aterpe segururik gabe. Hala ere, bisitan etorri zaizkionak itxaropenez agurtu ditu: «Borroka hau irabazi behar dugu».
Bihar: Mugak Zabalduz karabanaren balantzea.