Kalteei aurre egiteko neurriak

Botika perfekturik ez sukarrarentzat

Erakunde publikoek klima aldaketari aurre egiteko hitzarmen eta neurri sorta bat onartu dute azken urteetan. Zientzialarien eta adituen aburuz, «bide onetik» doaz horietako asko, baina, ekoizpen eredua aldatzen ez bada, nekez lortuko dute tenperaturaren gorakada gelditzea.

Planetaren tenperatura 2 gradu baino gehiago ez igotzea jarri dute helburutzat estatuek. FRANCK ROBICHON / EFE
Ion Orzaiz.
2019ko abuztuaren 17a
16:26
Entzun



Gas isuriak murrizteko planak, hondakinen kudeaketa hobetzeko konpromisoak, trantsizio energetikorako akordioak... Zientziak frogatu zuenetik klima aldaketa, aurreikuspena baino gehiago, ukatu ezinezko ebidentzia dela, bi bide hartu dituzte estatuek eta erakunde publikoek: batetik, berotegi gasen isuria eta batez besteko tenperaturaren igoera mantsotzeko neurriak; eta, bestetik, klima aldaketak sortutako egoera berrira egokitzeko proiektuak. Hainbat zientzialari, ekologista eta adituren aburuz, norabide egokian hartutako erabakiak dira, baina, kasu askotan, ez dira behar bezain eraginkorrak, eta ez dute lortuko behar bezalako neurriak ezartzerik.

«Zientzialari batzuek esaten dute klima aldaketa ikertzetik klima aldaketa bizi izatera pasatu direla», azaldu du Ibon Galarraga BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroko ikerlariak. Haren irudiko, egungo erronka nagusia da planetaren batez besteko tenperaturaren gorakada «ahalik eta gehien» murriztea. Helburu hori zeukan porrot eginiko Kyotoko Protokoloak, baita 2015ean sinatutako Parisko Itunak ere. Horretan, helburu nagusi bat ezarri zuten munduko herrialdeek: mendea amaitzerako, planetaren batez besteko tenperatura ez dadila igo 2 gradu baino gehiago.

"2 graduen xedea ez da ari betetzen: 3,5 gradu igo liteke tenperatura estatuen egungo konpromisoekin"

Ibon Galarraga. BC3 Klima Aldaketa Zentroko ikerlaria

 

Galarragaren esanetan, Parisko Itunak badauzka ezaugarri interesgarri batzuk; besteak beste, «bottom up edo behetik gorako egitura» eman zitzaiola: «Helburu orokor bat ezarrita, bigarren urratsa izan zen estatuek eurek proposatu behar izan zituztela euren helburu propioak, bost urteren buruan betetzekoak».

BC3ko ikerlariak uste du Parisen ezarritako helburua izan zela garai eta baldintza horietan «jar zitekeen handiena». Baina itunak dioena betetzen ari al dira munduko herrialdeak? Galarragaren arabera, bai eta ez. «Helburua ezin dugu orain bete, prozesu bat delako. Hortaz, bai, prozesuari jarraitzen ari gatzaizkio. Baina 2 graduren gehienezko igoeraren helburua betetzeko bidean gaude? Ez, oraingoz ez». Itunaren sinatzaileek aurkeztutako neurriak ikusita, «3 edo 3,5 graduko igoera» aurreikusten dute ikertzaileek: «Argi dago urrun gaudela helburutik, eta anbizio handiagoz jokatu behar dela».

Are gordinago hitz egin du Xabier Zubialde ingeniari eta klima aldaketan adituak: «Batzuetan, zalantza dut gure agintariek benetan ba ote dakiten zer demontre geratzen ari den». Planeta giza gorputza balitz bezala irudikatu du Zubialdek: «Zer gertatzen da zure gorputzaren tenperatura gradu bat edo bi igotzen bada? Sukarra duzula. Eta ez da nahikoa sukarra soilik tratatzea, beste zerbaiten sintoma delako sukarra».
 

"Sistemaren oinarrian hazkunde ekonomikoa dagoen bitartean, ezinen da klima aldaketa errotik konpondu"

Xabier Zubialde. Ingeniaria eta klima aldaketan aditua

 

«Beste zerbait» hori, Zubialderen esanetan, indarrean den sistema ekonomikoa da: «Nondik dator tenperaturaren igoera? Atmosferara igortzen ditugun gasen pilaketatik, eta hori gertatzen da gero eta energia gehiago ekoizten dugulako. Marka ezartzen dugu urtero. Zergatik? Herrialdeen BPG barne produktu gordina energia ekoizpenaren araberakoa delako. Lotuta doaz bi hazkundeak: ekonomiarena eta energiarena». Hori dela eta, ondorioei soilik ez, «klima aldaketa eragiten duten faktore guztien kateari» erreparatu behar zaiola uste du.

Iritzi berekoa da Graciela Gonzalez soziologo eta ingurumen gaietako aholkularia: «Sistema kapitalistak gainezka egin du, eta atzerakorik ez duen bide batean sartuta gaude. Bukatu da orain arte geneukan bizimodua, eta hori ulertu beharra dago: gure planeta mugatua da, eta, aurrerantzean, ezin izanen diogu eutsi eredu honi». Crana Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroan lan egin zuen Gonzalezek, Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailean itxi zuen arte. Orain, aholkularitza ematen aritzen da tokiko administrazioetan, ingurumenari lotutako auziei buruz.

Gonzalezen ustez, «bide onetik» doan itun eta neurri sorta bat egin dute Europako eta tokian tokiko erakunde publikoek azken urteetan, baina «ikuspegi teknologikoa» lehenesteko joera dute: «Auto elektrikoa eta energia berriztagarriak aipatzen direnean, ongi iruditzen zait. Ez dago gaizki energia ekoizpenaren eredua aldatzen hastea, baina ez du ezertarako balio egungo kontsumo ereduari eusten badiogu. Adibidez, beharrezkoa al da pertsona bakoitzak auto elektriko bat edukitzea? Ez. Ez al da hobe teknologia hori erabiltzea garraio kolektibo jasangarriagoak bultzatzeko?».

Ibilgailuek sortutako kutsadura nabarmena da herrialde ugaritan. Irudian, Pekingo errepide bat. ROLEX DELA PENA / EFE

 

Pertsonak erdigunean

Gonzalezen ustez, klima aldaketari konponbide «bidezkoa» ematekotan, «pertsonak» hartu behar dira aintzat, «eta ez hazkunde ekonomikoa». Horregatik, pertsonak erdigunean jarriko dituzten neurrien alde egin du: «Normaltzat hartzen dugu zenbait baliabide pertsona gutxi batzuen esku egotea, maila ekonomiko handiagoa dutela eta. Aldiz, maila apalagoa dutenei kendu egiten zaizkie oinarrizko baliabideak. Hori da, besteak beste, pobrezia energetikoa». Arazoa «soziala» izanda, konponbideak ere halakoa izan beharko lukeela uste du soziologoak: «Bestela, klima aldaketak askoz gogorrago joko ditu ditu baliabide urrikoak eta bazterketa egoeran direnak».

Galarragaren ustez, ordea, klima aldaketari aurre egin dakioke garapen ekonomikoari uko egin gabe: «Badira goi mailako ikerketa zientifiko asko aukera horren alde: klima aldaketaren kontrako neurriak onak izan daitezke ekonomiarentzat, eragotziko diren fenomenoen kostua askoz handiagoa izango litzatekeelako».
 

"Konponbideak soziala izan behar du. Auto elektrikoa? Egungo ereduari eutsiz gero, ez du ezertarako balio"

Graciela Gonzalez. Soziologoa eta ingurumen aholkularia

 

Hala ere, BC3ko ikerlaria bat dator eredu «etikoago» baten beharrarekin, eta ezinbestekotzat jo du «bidezko trantsizio bat» abiatzea: «Hau da, nola erantzun aurrean dugun erronkari, modu etiko eta bidezkoan, pertsona guztiak kontuan hartuta». Langileak aipatu ditu, zehazki: «Aintzat hartu behar da tokian tokiko errealitatea. Zer gertatuko da karbonoaren erabilera intentsiboan oinarritutako sektoreetan? Eta bertako langileekin? Nola egin dezakegu trantsizio hori talde kalteberak aintzat hartuta?». Galarragarentzat, arazoa ez da alternatibak bilatzea, baizik eta horiek pertsonen beharrekin bateratzea.

Horregatik, adituen ustez, atmosferako gasen isuriak murriztearekin eta klima aldaketari aurre egitearekin batera, eragotzi ezin diren ondorioetara egokitzeko planak behar dira. «Klima sistemaren inertzia dela eta, isuriak murriztea lortuko bagenu ere, eragina pairatuko genuke edozein kasutan. Herri eta hirietan hasi beharko dugu eragin horiek aztertzen, neurriak ezartzeko».

Zubialderen irudiko, bizitzaren ia alor guztietan ezarri beharko lirateke egokitzapen planak: osasunaren esparruan, nekazaritzan, ekonomian... «Ni Etxauri bailaran bizi naiz, eta gerezia da gure produktu nagusia. Azken hamar urteetan, joan den mende erdian baino arazo gehiago pairatu dituzte gerezi ekoizleek, eta den-denak daude klima aldaketari lotuta. Zer gertatuko da hemendik hamar urtera?».

KRONOLOGIA

IPCCren sorrera (1988). Klima aldaketari buruzko gobernuarteko taldea sortu zuten, Nazio Batuen Erakundearen oinarrian, berotze globalari jarraipena egiteko.

Rioko goi bilera (1992). Rio de Janeiron (Brasil) Lurraren Goi bilera egin zuten, berotegi gasen kopurua bere horretan mantentzeko helburuarekin. Ituna 1994an jarri zuten indarrean, 50 estatuk berretsi ostean.

Kyotoko Protokoloa (1997). Klimari buruzko hirugarren bileran, Kyotoko Protokoloa sinatu zuten. Adostu zuten munduko 30 herrialderik industrializatuenek konpromisoa hartzea berotegi gasen emisioak %5,2 gutxitzeko 2012rako.

AEBek, Kyotori ez (2001). AEBek uko egin zioten berotegi efektuko gasen isurketa murrizteari eta protokoloa betetzeari.

Kyotoko Protokoloa indarrean (2005). Kyotoko Protokoloa indarrean sartu zen, berotegi efektuko isurketen %55 isurtzen zituzten herrialdeen gutxieneko babesa ziurtatu ondoren.

Klima aldaketaren oinarri zientifikoa (2007). IPCCk egindako txosten batek frogatu zuen gizakiaren jardueragatik ari dela berotzen planetaren tenperatura. Sei urtean munduko 2.500 zientzialarik baino gehiagok egindako ikerketak zituen oinarri.

Kopenhageko porrota (2009). Kyotoko Protokoloaren ordezkoa sinatzeko planteatu zuten Kopenhageko goi bilera. Berotze orokorra aitortu bai, baina hori gelditzeko bidea eta konpromisoak ez zituzten zehaztu.

Kyotoko Protokoloaren epemuga (2012). Kyotoko Protokoloaren epea gainditu zen.

Txina-AEB, akordioa (2014). Txinak eta AEBek, berotegi isurketen erdien erantzuleak izanda, nazioarteko hedabideek «historikotzat» jo zuten akordio bat sinatu zuten klima aldaketari aurre egiteko.

Parisko Ituna (2015). Kyotoko Protokoloaren ondorengoa adostu zuten munduko potentziek, eta konpromiso bat hartu: industrializazio garaiaren aurretiko tenperaturarekin alderatuta, planetaren berotzea ez areagotzea bi gradu baino gehiago.

Parisko Ituna, indarrean (2016). Lege izaera eman zioten itunari, munduko isurketen %55en erantzule diren 81 herrialdeek sinatuta.

Trump Etxe Zurian, eta AEBak itunetik kanpo (2017). AEBak Parisko Itunetik atera zituen Donald Trump presidenteak.

Parisko Ituna, G20koek berretsita (2019). Parisko Ituna berretsi zuten G20 taldeko herrialdeek, ekainean Osakan (Japonia) egindako goi bileran. AEBak izan ziren adierazpenarekin bat egin ez zuten herrialde bakarra.



Bihar: Gazteen ekimena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.