Entzumena

Dardara baten doinua

Soinuak uhin bidez zabaltzen diren dardarak dira. Zenbaitentzat, lanabesa dira; beste batzuentzat, hutsunea edo bibrazio identifikaezin bat. Eta muga fin bat ere bada, soinuaren eta zarataren artekoa.

Igo bolumena. Euskalerria irratiko soinu mahaia. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Tubia.
2020ko abuztuaren 19a
17:55
Entzun

 

Danba! Itxi da atea, eta berehala begiratu dute denek zarata entzun den tokira. Kontzertuan, begiak itxi, eta orkestraren doinuak beste errealitate batera eraman du entzulea. Txorien kanta lasaiak, hirietako lanen hots nardagarriak, telebistan bat-batean igotzen den bolumena, adiskidearen hitzak. Soinuz inguraturik bizi dira pertsonak, belarriak tente, nahiz eta, batzuetan, zaratak gogaitu. Horretaz hobekien jabetzen direnak entzumen sisteman arazoak dituztenak dira, askotan ikusten baitute bazterturik beren burua.

Entzumena ongi zaildua duenak nahiz belarri txarra duenak: gehienek etengabe erabiltzen dute entzumena. Ahoz aho transmititu dira jakintzak, historia, kontuak eta kantuak. Idatzitako letrak buru barruan aditu litezke. Soinua oroitzapena ere bada: leku bat, doinu bat, egoera desatsegin bat... Uhinen bidez zabaltzen den bibrazio bat, entzumen sistema kitzikatzean gizakiak soinu gisa identifikatzen duena.

«Entzumenak informazio asko ematen dizu: esatariaren doinuaren arabera, badakizu zer esango duen ondoren»

Igor Eskudero. Soinu teknikaria eta musikaria

 

Belarria da zenbaiten lanabesa; entzumena dute ogibide. Entzutea da musikarien, soinu teknikarien eta afinatzaileen patua. Entzutea eta entzunaraztea, ongi entzunarazi ere. Igor Eskudero soinu teknikariaren ardura da goizero Euskalerria irratiko uhinetatik soinua egoki zabaltzea. Ekilibrista lanetan aritzen dela azaldu du: «Irratitik igorri behar diren soinu guztiak nahasten ditut: mikroak, sintoniak, publizitatea, grabazioak... Eta hori modu orekatuan egin behar dut». Hau da, ez dadila soinu edo ahots bat besteen gainetik aditu, ez dadila bat-batean bolumena igo...

Entzumenaren bueltan. Igor Eskudero soinu teknikaria da Euskalerria irratian, eta musikaria lanetik ateratzen denean.
 

Entzumenaren bueltan. Igor Eskudero soinu teknikaria da Euskalerria irratian, eta musikaria lanetik ateratzen denean. IÑIGO URIZ / FOKU

Eskuderoren arabera, ez da belarri fina behar; «ez da musika sortzea bezala», lan «nahiko mekanikoa» baita. Hala ere, belarria trebatu beharra dago, eta horrek denbora eskatzen du. «Denborarekin ohartzen zara entzumenak informazio asko ematen dizula: esatariaren doinuaren arabera, badakizu ondoren zer nahiko duen». Soinuak garrantzi handia du Eskuderoren bizitzan, ez baitu behin ere deskantsatzen: «Nire bizitza soinua da; lo egitean bakarrik deskonektatzen dut». Izan ere, lanetik atera ondoren, musika taldearekin aritzen da, edo musika sortzen. «Batzuek mendira joan behar izaten dute. Nire kasuan, lanetik nekatuta ateratzen naizenean, musika taldearekin edo musika sortuz deskonektatzen dut. Musika sortzeak bide ematen dit errealitatetik aldentzeko eta arnasa hartzeko».

Musikaren bibrazioak baizik ez ditut sumatzen, eta denbora luzez baldin bada, buruko min oso handia izaten dut»

Sofia de Esteban. Asorna gorren elkarteko presidentea

 

Bere afizioak badu loturarik bere lanarekin, baina, hala ere, nabarmendu du bi gauza ezberdin direla. Afizio horretan bai: hor beharrezkotzat jo du belarri fina. Beste lan batzuetan ere ezinbestekoa da belarria zorroztea: piano bat afinatzeko, esaterako. Urko Garde horretan aritzen da, Lizarrako lantokian (Nafarroa) eta etxez etxe. Batez beste, bi orduko lana izaten da, eta «ezinbestekoa» da belarria heztea.

Entzumenik ez. Sofia de Esteban sorra da, eta Asorna elkarteko lehendakaria. Keinu hizkuntza erabiltzen du solasteko.
Entzumenik ez. Sofia de Esteban sorra da, eta Asorna elkarteko lehendakaria. Keinu hizkuntza erabiltzen du solasteko. IÑIGO URIZ, FOKU

Soinua, zarata eta hutsa

«Pianoaren afinazioa ez da zehatza; akatsen bat badago, hori mugitu behar duzu dena egokitu dadin. Gure artea akats bat disimulatzea da, eta inork ez dezala gure lana igarri», azaldu du. Afinatzeko giltza, feltrozko ziriak eta feltrozko tirak erabiltzen ditu: ziriekin soka batzuk isilarazten ditu, eta giltzarekin soinua doitu. «Harmoniko zuzena aurkitu behar da, eta abiadura egokian astinarazi. Gero, piano guzira zabaldu behar da hori». Baina ez da soilik afinazioa: «Pianoak soinu polita atera behar du, eta hori ez da hain erraza. Gauza asko izan behar dira kontuan: potentzia, tonua edo distira, dinamika zuzena izatea...». Horretarako, askotan probatu behar dira pianoak dituen 88 notak.

Gardek dio belarria heziz eta zailduz frekuentzia egokia aditzen ikasten dela. «Praktika eta maisu on bat izatea dira gakoak». Maisu on batek ongi erakutsi baitezake afinatzaileak zer aditu behar duen. Gardek esan du gaur egun komeni dela nota zehatzak entzuten dituen afinatzaile elektroniko baten laguntza izatea, nahiz eta ez duen denerako balio: «Bitarteak eta akordeak afinatzailearen kontua dira».

«Pianoaren afinazioa ez da zehatza; akatsen bat badago, mugitu behar duzu. Gure artea akats bat disimulatzea da»

Urko Garde. Piano afinatzailea

 

Baina belarritik sartzen diren soinu guziak ez dira atseginak, eta batzuk kaltegarriak ere badira. Estibaliz Altuna ingurumen zientzialaria da, eta zaratari buruzko tailerrak ematen zituen lehen. «Ingurumenean, soinua oso garrantzitsua da. Animaliek bikotea aurkitzeko, arriskuez ohartarazteko eta abar erabiltzen dute batez ere». Baina, hirietan, haien soinuak estaltzen dira. Esan duenez, hirietako zarata mapetan «argi eta garbi» ikusten da zerk sortzen duen kutsadura akustikoa, nagusiki: trafikoak. «Zarata mapetan oso-oso ondo ikusten dira errepide guztiak. Batzuetan, industrialde batek edo, puntualki, kaleko lanek eragiten dute zarata, baina, nagusiki, trafikoak». Kutsadura mota horrek zenbait gaitz sor ditzake: entzumena galtzea, antsietatea, estresa, depresioa eta hortik eratorri daitezkeen beste gaitz batzuk.

Desatsegina den soinuari esaten zaio zarata, baina maite den soinu batek ere kalte egin dezake. Altunari gertatu zaio: «Niri asko gustatzen zait musika: 12 urte nituenetik, musika entzun dut kaskoekin, eta entzumena pila bat galdu dut, pixkanaka. Beraz, nahiz eta gustuko izan, arazo bat sortu dit. Kutsadura mota bat izan da niretzat».

Kasu zaratari. Estibaliz Altuna ingurumen zientzialaria, zaratari buruzko tailer batean.
 

Kasu zaratari. Estibaliz Altuna ingurumen zientzialaria, zaratari buruzko tailer batean. IÑIGO URIZ / FOKU

Soinuaren bazterretan, berriz, aditzen ez dutenak daude, eta aditzeko arazoak dituztenak. Sofia de Esteban Asorna gorren elkarteko lehendakaria da, eta ez du aditzen. «Nire kasuan, nerbioa kalteturik dago; beraz, berdin du audiofono edo inplante bat eramatea, informazio hori ez zait burmuinera iristen». Harentzat, soinua identifikatu ezin duen sentsazio edo zarata bat da. Dena den, bada aditzen duen soinu bat: medikuaren diapasoia; baina ez daki deskribatzen.

Soinua dardara denez gero, musika kontzertu batean doinuen bibrazioak sentitzen ditu. «Ez dut imajinatzen nolakoa den; bibrazioak baizik ez ditut antzematen, eta denbora luzez baldin bada, buruko min oso handia izaten dut». Baina badira musika imajinatzeko gai direnak. Izan ere, gorren mundua oso heterogeneoa da: ez da gauza bera entzumenik gabe sortzea edo gerora galtzea, adibidez.

«12 urte nituenetik, musika entzun dut kaskoekin, eta entzumena pila bat galdu dut, pixkanaka»

Estibalitz Altuna. Ingurumen zientzialaria

 

Entzumenezko gizarte batean bizi denez gero, oztopo ugariri egin behar izaten dio aurre. «Zuena soinua da, oso argi dut. Lehentasuna ematen diozue entzumenezko informazioari, ikusmenaren kaltetan». Horregatik, informazio guzia ikusmenera ere egokitzea eskatzen du: azpidatziak, keinu hizkuntza, irudiak...

Harentzat, garrantzitsua izan zen keinu hizkuntza ikastea: «Niretzat, garrantzitsuena da pentsarazten didan hizkuntza bat izatea, kognitiboki hobea eginen nauena». Hala ere, gehienek azkenengo aukeratzat dute keinu hizkuntza, eta hori ez zaio ongi iduritzen De Estebani. «Nik asko sufritu dut; txikitan, hitz egitera eta logopedia praktikatzera behartzen ninduten». Esperientzia txarra izan zuen medikuekin, irakasleekin eta baita gurasoekin ere. Azkenik, amak ulertu zuen bere egoera. Gerora, jendearen epaiak pairatu behar izan ditu: «Zergatik ez duzu hitz egiten?», «Zergatik ez daramazu audiofonorik?».

4 Belarri fina. Urko Garde Lizarrako lantokian, piano bat tentu handiz afinatzen.
 

Belarri fina. Urko Garde Lizarrako lantokian, piano bat tentu handiz afinatzen. CALLE MAYOR

Horregatik nahi du keinu hizkuntza ofiziala izan dadin, osagarria delakoan, baita aditzen dutenentzat ere. Komunikatzeko zubi bat da, soinua antzematen dutenen eta antzematerik ez dutenen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.