'Hemendik, hemendik!' dio batek. 'Handik, handik!' besteak». Eta besoa eta hatz erakuslea luze alde batera lerratzen ditu Ainara Gurrutxagak (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) lehenengo, eta kontrako alderantz gero. Segundo laburreko antzezpen horrek irudikatzen du nolakoa den elkarrekin antzerkia egitea, hutsetik elkarrekin sortzea. «Taldea barku batean doa; hori da kolektiboan lan egitea. Galdua sentitu zaitezke askotan, eta seinale ona da, nahiz eta ez den ondo pasatzen. Ez dakigu zein den portua, baina elkar elikatzen dugu, eta elkarrekin goaz bila». Buruarekin baietz, ondotik, Ander Lipusek (Markina-Xemein, Bizkaia, 1971) eta Manex Fuchsek (Larzabale, Nafarroa Beherea, 1975). Bere barkua du bakoitzak: Dejabu Panpin Laborategia Gurrutxagak; Artedrama eta Huts Lipusek; eta, aurrerantzean Axut Fuchsek, orain arte Le petit Theatre de Pain zena. Segitu aurretik argitu du: «Anaia Ximun eta biok luzez aritu gara Le Petit Theatre de Pain taldearekin. Orain, 25 urteren ondoren, gure bidea egitera goaz, euskaraz. Euskaraz eta kito. Ez gara gehiago Le Petit taldean, baizik Axut taldean».
'Hamlet' antzezlana. / Artedrama.
Bakoitzak badu barku propioa, baina, horiek albora utzi gabe, elkarrekin ere ontziratzea erabaki zuten, duela hamar urte ia. «Kimika bat». Lipusek errepikatzen duen horrek azal lezake zergatik. «Hitz gutxi batzuk gurutzatzen dituzu, eta harrapatzen duzu pertsonaren gosea, gogoa, non dagoen. Uste dut hori gertatu zela». Baina beste zerbait ere gertatu zen. 2006ko Aulestiko (Bizkaia) topaketetan bat egin zuten hirurek, euskal antzerkiko beste eragile askorekin batera, eta ziaboga bat eman zen han euskal antzerkiaren uretan. Lipus: «Antzerkiola Imajinarioaren hautua nazioarteko stage-a egitea zen; ez zuen hautu ideologiko-politikorik gure kulturarekiko. Baina Aulestin erabaki bat hartu zen: hor zeuden taldeek euskarazko antzerkia egiteko hautua egin zuten, eta horrek ahalbidetu zuen gu elkartu ahal izatea; gure adierazpideei buruz, teatroari buruz, gure uneari buruz, gure beharrei buruz hitz egitea». Gurrutxagak berretsi du: «Bai, Aulestiko topaketak klabea izan ziren». Han euren arteko «harreman pertsonalago bat» sendotzen hasi zela ere iruditzen zaio. Kimikara jo du Fuchsek: «Joaten bazara hamabost egun mendira lagun batzuekin, oso fite ikusiko duzu ea ongi ala gaizki pasatuko den. Badu horretatik pixka bat».
Hor erneko zen lehen elkarlanerako ideia. Eta hor ontziratuko ziren estreinakoz batera Gurrutxaga, Lipus eta Fuchs. Dejabu, Artedrama eta Axut. 2010ean estreinatu zuten Errautsak. Handik hiru urtera etorri zen Hamlet, eta beste hiruren ondoren Francoren bilobari gutuna.
Hiru modu karel bakarrean
Batu dira hiru konpainiak karel bakarrean, eta badoa ontzia. Nola aitzinatu hiruren artean, baina? «Lehen gauza, elkarrekin lan egiteko xedea behar da markatu», zehaztu du Fuchsek. «Bigarrena da zeinek ekartzen duen ideia bat mahai gainera. Porrot egiten badu, ahazten dugu oso fite; taldearen irudimena pizten badu, heltzen diogu, eta jo aurrera». Errautsak-en kasuan, Axuteko Ximun Fuchsek eraman zuen gaia. Anaiak ekarri du gogora: «Taulara gure belaunaldiaren argazki bat ekartzea zen ideia. Punkaren Euskal Herrian, rock erradikalaren belaunaldiak zer ematen du hogei urte geroago berriz topatzen denean?». Hori zen amua, eta betean harrapatu zuen taldea.
Ander Lipus, 'Francoren ilobari gutuna' antzezlanean. / Artedrama.
Gaia sedukzio bat da askotan», dio Gurrutxagak. Hori lortu badu, nor arduratuko den eszenografiaz, nor zein pertsonaiaz, nor zuzendaritzaz... lanean jarritakoan argitzen dituzte. Zer eta norekin, hori da ordena Lipusentzat: «Gaiarekin konbentzituta zaudenean, nortzuk ariko garen da garrantzitsuena: aktoreak, idazleak, musikariak, teknikariak...». Denak dira eskifaiaren parte. Eta hor hasten da sormen bidaiaren alderik kitzikagarriena hirukoarentzat: gaiaren inguruan ahal beste elikatzea; filmak ikusiz, irakurriz, jendearen bilduz... Hamlet-en kasua ekarri du Lipusek: «Borroka laborala zen gaia, eta gauza mordoa irakurri behar zen». Francoren bilobari gutuna-rekin, berdin: «Hor ja zer esanik ez! Memoria historikoaz ari ginen; pentsa zenbat irakurketa, zenbat elkarte bisitatu...». Horiek denak gurutzatu, eta horrela hasten da forma hartzen antzezlana. «Horrek egiten du apasionantea», dio Lipusek. «Horregatik ez gara bakarrik aktore ejekutanteak. Ez gabiltza Shakespeare bat egiten, jada eginda dagoen obra bat. Sortzaileak gara, eta denok proposatzen dugu». Eskifaia osoaren eginbeharra da hori, irakurri-ikusi-entzundakoak ontzian hustea. «Hemendik!» esaten du orduan batek, «Handik!» besteak, eta hor datoz talkak. Onerako, Gurrutxagarentzat: «Hor debate bat dago, eta hori da interesgarria». «Hori apasionantea da», Lipusek berriz.
Ados dira eztabaida dela sorkuntza kolektiboaren oinarria, baina Lipusek adierazi du edozein taldetan beharrezkoa dela zuzendaria: «Kapitain bat egon behar da. Oso asanblearioak izan gaitezke, baina erabakiak hartu behar dira, eta norbaitek esan behar du azkenean arriskua nondik hartu». Hala lan egiten dute Artedraman. Baita Axuten ere. Ez beti Dejabun. Gurrutxagak azaldu du: «Zuzendaritza egon badago, baten edo biren artean hartzen dugu. Baina kanpora begira ez dugu hura azpimarratzen». Zuzendaritza kolektiboan sinesten dutela dio. «Horrek hobeto islatzen du gure egiteko modua. Askotan, izen bat azpimarratzen da, eta lan kolektiboa bigarren planoan geratzen da». Edonola ere, zuzendari bakarra izatea ere «aberasgarria» izan daitekeela dio. Bi helburu nagusi ditu zuzendariak harentzat: taldea «kitzikatzea» eta proposamenak «katalizatzea».
Errautsak-ek ondoren, Ximunek zuzendu zituen Hamlet eta Francoren bilobari gutuna ere. Baina Gurrutxagak, Lipusek eta Fuchsek —Manexek— ere badakite zer den antzezlan bat zuzentzea Zazpi senideko Axuten obra lana zuzendu du Lipusek, eta Huts Teatroaren Hozkailua Fuchsek—, eta horrek harekiko «errespetua» dakar, Gurrutxagaren arabera. «Badakizu zer den ardura hori, eta atzetik zoaz plazer handiz. Gainera, nik izan dezaket zerbait zuzentzeko gaitasuna orain, eta bost urte barru gehiago egon aktore lanerako, edo idazteko. Hori hain likidoa izatea oso interesgarria da». Inprobisazioekin hasten dira ondoren, aktore denak pertsonaia guztien larruan sartzen, nork zein jokatu duen ikusi arte. «Horretarako ere bada zuzendaria», Lipusen hitzetan.
Antzezlearen lana «unean uneko argazkia eta usaina» ekartzea dela diote. «Herriaren erpin guztietatik konektatzea», dio Fuchsek. Baina hori nola egin, bere modua du bakoitzak. Edo Lipusen hitzetan, «Dejabu Dejabu da; nire zuzendaritzek nire moldea daukate; eta Fuchs anaiek, eurena». Horrekin «alkimia pixka bat egitea» da kolektiboan sortzea. «Eta hori deitzen da lana, lana eta lana! Biherra!», mahaian kolpetxoak emanez Fuchsek. «Bakoitzak nortasun propioa du. Baina erronkak partekatzen ditugu: teatralak eta euskara betean egitearenak; ez da hori erronka txikia». Bilaketan sakontzeko «etxea» norberaren konpainia da Gurrutxagarentzat, baina «esperimentua eta jolasa» areagotu egiten dira harentzat hiru konpainiek bat egitean: «Niretzat oso askatzailea da hauekin lan egitea. Libreago noa proposatzen dituztenak egitera». Bidean krisiak bizi eta gainditzea aurrera egiteko eta loturak estutzeko era delakoan dago; elkarrekin arriskuak hartzeak konfiantza indartzen duelakoan. «Antzerkiak asko biluztea eskatzen du, egoa alboratzea. Gure argi-ilunak gure lanabesa dira. Eta hor benetako harremanetan sartzen zara, ez azalekoetan». Bat dator Fuchs: «Sormenerako gutizia eta laguntasuna bortxaz elkartzen dira. Batak bestea elikatzen du».
Gasolindegia azken portu
Kolektiboan sortzea «berezkoa» da antzezlearentzat. Beti da eskifaia baten parte. Ezin dute antzerkia beste era batera ulertu Lipusek, Gurrutxagak eta Fuchsek. Baina ados daude, halaber, partekatutako ontzitik aldiro jaitsi behar dela. Guatemalako komunitate batean izan zenekoa ekarri du Fuchsek konparaziora: «Lur guztiak kolektibizatzen hasi ziren, dena elkarrekin lantzen. Eta ohartu ziren arazo bat sortzen zuela; bakoitzak bere baratze txikia ere behar zuela. Uste dut hala dela gure kasua. Antzerkiaren DNA kolektiboa da, baina, hori beti aberats izateko, behar da bakoitzak bere baratzea, intimoa, gordetzea eta lantzea». Ados dago Gurrutxaga: «Lan kolektibo batek indar ikaragarria eskatzen du. Gelditu eta baratze hori noiz elikatu jakin behar da». Lipusek, esaterako, Huts Teatroa sortu zuen 2012an, proiektu pertsonalagoetarako. «Intimoagoa da», dio. «Ez dakit zein diren hitzak; atakeak ezberdinak dira».
'Errautsak' antzezlaneko irudia. / Artedrama
Antzezlan baten bidaia amaitutzat jota, hurrengoari heltzen dio hiru taldeen eskifaiak. Francoren bilobari gutuna-ren azkena Ondarroan (Bizkaia) eman zuten, eta gau hartako festan jada atera zen antzezlan berrirako gaia, orain lantzen ari direna. Gaur artekoaz pozik dira. Egindako bide hori marraztu du Fuchsek:«Hasi gara Errautsak-ekin; Hamlet-ekin askoz gehiago bete zaizkigu antzokiak, bereziki Hegoaldean; eta Francoren bilobari gutuna-rekin oraindik ere gehiago». Argi utzi dute, hala ere, inolaz ez dituztela beste lanak baino «handiagotzat» sentitzen. Handia hitza ere kontuz hartzekoa dela dio Gurrutxagak: «Guk utopia handiak bai, baina beti txikitik». Eta, bidenabar, handitzat hartzen diren espazioetara iristeko egiteko dagoen bidea jarri du mahai gainean: «Viktoria Eugenian ezin dela euskaraz programatu? Zergatik? Neu oso itzalekoa izan naiz, baina orain diot badagoela lan bat egiteko espazio horiek okupatzeko eta gure narratiba eraikitzeko». Iparra ez dute hor, baina norabide horri ere ez diote muzin egin. Lipus: «Gure helburua ez da Arriagan eta Viktoria Eugenian bakarrik egotea; gure parametroak beste bideetan ere ibiltzen dira: talde amateurrekin, adibidez. Eta horrek denak oso modu aktibista batean ibiltzera eramaten gaitu». Egiteko modu horrek elkartu zituen, hain justu: euskal antzerkia sendotzen eta heltzen jarraitzeko bulkadak. Hala heldu dira espero gabeko portuetan ere lehorreratzera: «Gaur gasolindegikoak ezagutu egin nau. Esan dit: 'Ikusi nuen Francoren bilobari gutuna'», Fuchsek, ohiturik ez dagoenaren begiradaz. «Gasolindegian! Hori bai lortu dugula!».
2010ean estreinatu zuten Errautsak Artedramak, Dejabuk eta Axutek. Irudian, antzezlanaren kartelarekin. / Andoni Canellada, Foku.
Lehen izpia.Errautsak
«Zerbait gertatu zen», dio Lipusek, hiru konpainiak bat egin eta Errautsak aurkeztu zutenekoaz. 2010a zen, eta hiru taldetako sei aktore elkartu ziren agertokian: Gurrutxaga, Lipus, Fuchs, Miren Gaztañaga, Urko Redondo eta Ximun Fuchs. Azkenak zuzendu zuen obra, Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi zutena. Lipus: «Gure taldeak juntatzeak zerbait esan nahi zuen: gipuzkoarrak, baxenabartarrak eta bizkaitarrak geunden. Nahaste hark zerbait freskoa zekarren, agian jendea itxaroten zegoena: 'Noiz entzungo dugu talde bat bere osoan euskaraz dabilena eta kito? Elebitasunaren estruktura gabe?'». Hemen eta orain, egiteko modu bat agertu zuten. Euskalkiak erabili zituzten, adibidez. «Oso justifikatuta zeuden», dio.
«Nik publikoaren erantzunagatik nabaritu nuen zerbait gertatzen ari zela », esan du Gurrutxagak. Antzokiak bete egin ziren, eta emanaldi gehiago eskatzen zizkieten. «Jendeak borborka bizi zuen obra», dio. Ez zen obra politikoki zuzen bat, eta hor asmatu zuten, haren ustez: «Ez zuen erakusten Euskal Herri idealizatu bat; kontrakoa. 'Gora ETA!... Behera!' esan daiteke oholtzan? Horrek ezustean harrapatu zuen jendea».
Horien guztien batuketak ekarri zuen aldaketa Fuschentzat. «Publiko berak arras kontzientziatzen ez bazuen ere, bazuen beste zerbaiten beharra», iruditzen zaio. «Lehen aldiz Euskal Herri osotik hiru talde biltzeak seinale bat sortzen du: posible dugula bide bat hartu». Bada, Errautsak «eztanda bat» izan zen Fuschentzat ere. «Ni ere kasik sinetsita nengoen hilabete sari bat etxera eramateko, behar genuela antzerkia frantsesez egin. Eta Errautsak-ek esan zigun ezetz». Horrek ekarri zuen agortu ez den eztanda.
Bihar: Emakume bertsolarien sarea.