Europa ez da, Amerika eta Afrika bezala, geografikoki hain garbi defini daitekeen kontinente bat. Europa gehiago da arrazoi historikoek eta kulturalek bultzatuta eratutako errealitate bat. 50 estatu burujabe dauzka, eta EB Europako Batasuneko kide dira horietako 28. Baina, brexit-aren ondorioz, Erresuma Batua nazioarteko erakunde horretatik ateratzear dago. Beraz. klubeko kide ez diren Europako estatuen zerrenda gizenduko du. 22 dira orain. Batek ateratzeko asmoa du, horrenbestez, eta beste klub horretako bakanen bat ez dago EBtik hain urrun. Ez da, ordea, Sobietar Batasun ohiko errepublikak izan ziren estatuen kasua. Errusiak, Ukrainak, Bielorrusiak, Moldaviak, Georgiak, Azerbaijanek, Armeniak eta Kazakhstanek aldebiko harremanak dituzte Bruselarekin, baina, gaur-gaurkoz, pentsaezina da horietako bat bera ere EBko kide bihurtuko denik.
Ruth Ferrero Turrionen (Madril, 1972) esanetan, harremanak askotarikoak dira; bloke ohiko herrialdeen artean ez dago aldagai bateragarri bat Bruselarekin hitz egiterakoan. «EBren Ekialdeko Lankidetza aintzat hartuta, bakoitzak erabakiko du harremana nolakoa izango den. Hainbat talde identifika ditzakegu: Baltikokoak [Estonia, Lituania eta Letonia EBko kide dira 2004tik], Kaukasokoak, eta Ukraina, Bielorrusia eta Moldavia», zehaztu du; Zientzia Politikoetako irakasle da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta GEurasia Europako eta Eurasiako Ikerketa Taldeko zuzendarietako bat da.
Europazaleak Kieveko Independentzia plazan, EBrekin elkartze akordioa ospatzen, 2014eko ekainean. ROMAN PILIPEY / EFE
Ez du Errusia aipatu, herrialde horietan denetan handiena. Duela lau hamarkada, adibidez, mundua bi bloketan zegoen banatuta: Mendebaldea eta SESB. Egun, indar banaketa atomizatuago dago, baina Errusia potentzietako bat da oraindik. Beraz, ez du inongo asmorik EBn sartzeko. Bruselaren laugarren bazkide komertziala da, gas eta petrolio dezente saltzen baitio —batez ere Alemaniari—, baina ez alde batek eta ez besteak ez dute askoz ere urrats gehiago egiteko intentziorik. Orain 11 urte, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro zenak esaten zuen Errusiak kide izan beharko zuela. Horri buruz galdetu zioten Errusiak Bruselan zuen ordezkari bati, eta erantzun zuen ezetz, ez zela hori gertatuko, Errusia herrialde buruaskia zela.
Bi aldeen arteko harremanak konplexuak izan dira beti, eta are gehiago gaiztotu ziren 2014ko martxoan, Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuenean. Brusela hasi zen Errusiari zigorrak jartzen, eta, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak duela bi hilabete azpimarratu zuenez, EBk zigorrak mantenduko ditu Krimea berriro Ukrainara itzuli bitartean.
Errusiarekiko mendekotasun «energetikoa eta politikoa» duten herrialdeek Moskuren eta Bruselaren arteko harremanen «gorabeherak» nabari ditzaketeela iruditzen zaio Ferrero Turrioni.
Krimeako haur bat Sebastopoleko portuan Errusiako banderak astintzen, itsasontzi errusiar bat atzean duela, 2014eko martxoan. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE
Herrialde horietako bat da Ukraina, eta hura izan da, hain zuzen, EBtik nolabait gertuen egon den SESB ohiko herrialdea. Elkartzeko akordioa hitzartuta zeukaten, baina 2013ko azaroaren amaieran hori sinatzeari uko egin zion Viktor Janukovitxek, orduan Ukrainako presidente zenak. EBren iritziz, Janukovitxek Errusiaren presioagatik amore eman zuen. Erabakiak oposizioa matxinatzea ekarri zuen, eta presidenteak herrialdetik ihes egin behar izan zuen.
Petro Poroxenko 2014ko ekainean presidente izendatuak hilabete batzuk geroago onartu zuen baztertutako akordioa, eta hiru urte geroago sartu zen indarrean. Poroxenkok berak aurtengo urtearen hasieran iragarri zuen Ukrainak EBn sartzeko eskatuko duela 2024an. Hauteskunde kanpainan zegoen. Volodomir Zelenskik lekukoa hartu zion joan den maiatzean, eta berak ikuspegi europazalea plazaratu zuen, ekainean, Merkelen aurrean. Bruselak ez dio aterik itxi, baina «erreformak» eskatu dizkio. EBk hori eskatzen du bestelako pausorik eman baino lehenago: erreformak oinarrizko eskubideei dagokienez, zuzenbide estatuan, ustelkeriaren eta krimen antolatuaren aurkako borrokan, mugetan, antolakuntza ekonomikoan...
Baltikokoen kasua
Pixkanaka joan dira EB handituz. 2004ra arte, 15 herrialdek osatzen zuten, baina, urte hartako maiatzaren 1ean, hamar estatuk kolpetik bat egin zuten. Tartean zeuden SESBeko errepublika izan zirenetako hiru: Estonia, Lituania eta Letonia. Unibertsitate Konplutentseko irakaslearentzat, Moskuren orbitan dauden herrialdeek ez lukete eredutzat hartu beharko orduan gertatutakoa. Baltikokoak hainbat arrazoirengatik sartu ziren EBn. «Batetik, arrazoi politikoak daude. Sezesio prozesu bat gertatu zen errepublika horietan, zeintzuek kontsideratzen zuten sobietarrek inbaditu zituztela, eta errusiar nortasunaren aurka eratu dute beren nortasun nazionala». Bestetik, arrazoi ekonomikoak ere bazeuden. «Errepublika horiek modu azkarragoan egokitu zuten ekonomia merkatuaren ekonomiara». Ferrero Turrionek pentsatzen du, gainera, herrialde horiek txikiak izatea ere lagungarria izan zela trantsizio prozesuan.
Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiakoa, joan den otsailean, Sotxin (Errusia). MICHAEL KLIMENTYEV / EFE
2004an, hamar urte zeramatzan boterean Aleksandr Lukaxenkok, oraindik ere Bielorrusiako presidente denak. «EBren eta Bielorrusiaren arteko harremanak lurralde horretan gertatuko oinarrizko eskubideen urraketek baldintzatu dituzte». Izan ere, Bruselak behin baino gehiagotan tira egin dio belarrietatik Lukaxenkori. Praktika autoritarioak eta demokraziaren kontrakoak leporatu izan dizkio, eta horregatik zigorrak ezarri. Bielorrusia da, adibidez, Europan heriotza zigorrari eusten dion estatu bakarra, eta EBko itun konstituzionalak zigor hori debekatzen du.
Lukaxenkok harreman estua du Putinekin. Joan den otsailean, esaterako, elkarrekin eskiatu zuten Sotxin (Errusia). Minskek berak duela gutxi argi utzi du ez duela EBko kide izateko planik. «EBk bizilagun kontsideratu beharko gintuzke, eta ez EBn sartu nahi duen herrialde bat. Ez dugu desira hori oraindik», adierazi zuen, martxoan, Oleg Kravtxenko Atzerri ministrordeak.
Kaukasokoak
Moldaviari dagokionez, Ferrero Turrionek uste du hango agintariek argi dutela herrialdearen «ikuspegi europarra», eta «harreman onak» dituztela Bruselarekin. Bi aldeek 2014an sinatu zuten Elkartze akordioa, eta, besteak beste, moldaviarrek, ukrainarrek bezalaxe, bisatuen beharrik gabe bidaiatu dezakete Schengen eremuan. Nolanahi ere, krisi politiko batean daude orain, eta parlamenturako hauteskundeak aurreratu zituzten ekainean; datorren irailaren 6an dira egitekoak. Moldaviako Alderdi Demokratikoa eta ACUM alderdia Bruselari begira jarraitzearen aldekoak dira, eta Alderdi Sozialistak, berriz, Moskuren orbitan segitu nahi du. 2014an Europako Parlamentuan onartutako ebazpen baten arabera, Moldaviak, Georgiak eta Ukrainak «ikuspegi europarra» zuten, eta, hori dela eta, EBko kide izateko eskaera egiteko moduan zeuden, baldin eta «printzipio demokratikoak» errespetatzen bazituzten. Moldaviako orduko agintariek adierazi zuten beranduenez 2018rako edo 2019rako egingo zutela eskaera. Oraindik ez da halakorik gertatu.
Protestak Georgiako Parlamentuaren parean, joan den ekainean, Tbilisin. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE
Kaukasoko herrialdeak —Georgia, Azerbaijan eta Armenia— daude urrunen Europaren erdigunetik. Hangotarrak europar sentitzen dira? Irakaslearen aburuz, «zaila» da esatea halako sentipenik ote duten. «Izan ere, eta hasteko: zer da europar izatea? Errusiak ez dio utzi Europako herrialde bat izateari. Irudika dezagun Katalina Handia enperatriza, Pedro I.a tsarra, edo Tolstoiren eta Dostoievskiren literatura, europar literaturatzat joa guztiz. Europarra izatea zer den definitzeko gai garenean, nortasun bateratu bat eraiki ahal izango dugu».
Kaspiar itsasoak egiten du, ekialdean, Europa eta Asiaren arteko muga, eta handik iparralderantz jota, ia 3.000 kilometro, Ural mendikateak. Kaspiar itsasotik oso gertu dago Armenia, eta herrialde hori Batasun Eurasiarreko kide da. Kazakhstanek, Errusiak eta Bielorrusiak sortu zuten erakundea, 2014an. «Batasun Eurasiarrak rol aglutinatzailea jokatu nahi izan du SESB ohiko herrialdeekin», argitu du Ferrero Turrionek. «Kontua da bere helburuek bat egiten dutela EBk politikoki eta ekonomikoki ekialderantz zabaltzeko duen asmoarekin». Haren iritziz, Ukrainako krisi politikoak modu oso grafikoan erakutsi du, «bi poloen arteko etengabeko tentsioarekin», EBren eta Errusiaren artean dauden gizarteen banaketa.
"Europarra izatea zer den definitzeko gai garenean, nortasun bateratu bat eraiki ahal izango dugu» "
Ruth Ferrero Turrion. GEurasia Europako eta Eurasiako Ikerketa Taldea
Kaukasoko herrialdeen artean, Georgiak eman ditu aurrerapauso gehien Bruselara bidean. Mamuka Bakhadze lehen ministroak esana dauka bide orri bat daukala EBn «integratzeko». Inkesten arabera, herritar gehienak horren alde daude. EBtik erantzuten diote, ordea, arreta jar dezala lankidetza ekonomikoan eta bi aldeen artean adostutako beste aspektu batzuetan. Georgiak, gainera, arazo bat dauka: haren menpeko Hego Osetia eta Abkhazia eskualde autonomoak de facto independenteak direla. Eta Bruselari ez zaizkio batere gustatzen gisa horretako gatazkak. Armeniak eta Azerbaijanek oso antzeko gatazka bat dute Karabakh Garaia dela eta.
Bestalde, Kazakhstani dagokionez, joan den maiatzean Donald Tusk bisitan joan zen hiriburura, eta azaldu zuen «bazkide erabakigarria» dela EBrentzat. Batik bat iruditzen zaio Europa eta Asiaren arteko «zubi lana» egin dezakeela. Dena den, harremanak eta sinatutako akordioak gorabehera, Ferrero Turrionek argi dauka: «Niretzat, EBk inondik inora ez ditu herrialde horiek kide gisa nahi. Gertagaitza da aukera hori, estatu horiek bat egiteko jarraitu beharreko prozedura oso konplexua delako». Pentsatzen du EBk bere «eragin marko ekonomikoan eta politikoan» eduki nahi dituela herrialde horiek, «ikuspegi europarra» baliatuz «egonkortze mekanismo gisa». «Arazo nagusia da horietako batzuk ez direla espektatiba horrekin konformatzen, eta gehiago nahi dutela».
Kronologia
1991. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, hamabost errepublikaz osatutako federazioa, desegin zuten.
1994. EB Europako Batasunak eta Errusiak Elkartze eta Lankidetza akordioa sinatu zuten.
2005. Errusiak eta EBk lau aspekturi buruzko bide orri bat berretsi zuten: ekonomia; askatasuna eta justizia; kanpoko segurtasuna; eta hezkuntza, kultura eta ikerketa zientifikoa.
2009. EBk Ekialdeko Lankidetza programa jarri zuen martxan, harremanak estutzeko Bielorrusiarekin, Ukrainarekin, Georgiarekin, Armeniarekin, Azerbaijanekin eta Moldaviarekin. Foro bat da, komertzioaz, estrategia ekonomikoaz eta bestez hitz egiteko.
2013. Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak uko egin zion Ukrainak eta EBk hitzartuta zeukaten elkartze akordioa sinatzeari.
2014. Janukovitx Ukrainako presidentea boteretik kendu zuten, EBk babestutako matxinada batean. Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuen, eta EB hasi zen Moskuri zigor ekonomikoak ezartzen. Bruselak erabaki zuen, gainera, bertan behera uztea urtero bi aldeek egiten zituzten aldebiko bilerak.
EBrekin sinatutako akordioaren ondoren, moldaviarrek bisarik gabe bidaiatu dezakete Schengen eremuan. Georgiarrek eta ukrainarrek ere 2017tik egin dezakete gauza bera.
2015. EBk bertan behera utzi zituen Bielorrusiari ezarritako zigor gehienak, Minskek kartzelatuta zituen preso politikoak aske utzi eta gero.
2017. Indarrean sartu zen hiru urte lehenago Ukrainako presidente berriak, Petro Poroxenkok, eta Bruselak sinaturiko elkartzeko akordioa.
2019. EBk Errusiari ezarritako zigorrak berritu zituen.
Bihar: Mendebaldeko Balkanak.