Pertsona gehien irentsi dituen itsaso zatia da hau». Errespetuz begiratzen diete Andaluziako kostaldean (Espainia) Gibraltarko itsasarteari eta Alborango itsasoari: milaka bizitza hondoratu dituzte itsaslaster bortitzek, olatu txiki etengabeek eta haize denboraleek. Migrazio bide horrek eragin ditu heriotza gehien azken hilabeteetan: Caminando Fronteras GKEaren arabera, mila pertsonatik gora zendu ziren 2018 osoan eta 2019ko lehen hiru hilabeteetan, baina 816 lagunen gorpuak desagertu egin dira. «Hilotzik ez egoteak ikusezin uzten du desagerpena eragin zuen bortizkeriaren kontakizuna, eta arrakala sakonak uzten ditu euren familietan eta komunitateetan», adierazi du erakundeak.
Hain zuzen, migrazio prozesuetan desagertu direnen inguruko galderak mahai gainean jarri zituen Mugak Zabalduz karabanak, uztailaren 12tik 21era Espainia hegoaldeko mugan egindako bidaian. Elkartzen eta antolatzen hasiak dira etorkin galduen senideak —amak, batik bat—, bilaketa estrategiak partekatzeko, mina kolektibizatu eta politizatzeko, eta migrazio bideetan dauden gobernuei erantzukizunak eskatzeko. Italiako Carovane Migranti taldearen eskutik, sare horren ordezkaritza bat izan zen bidaian. Euren testigantzen bidez, agerian utzi dute hari batek lotzen dituela istorio guztiak. «Gure seme-alabak indarkeriaren ondorioz desagertu dira. Ez dago nahita desagertutakorik: ez daude gurekin norbaitek kendu zizkigulako, behartu zituztelako aukerarik gabeko herrialde batetik alde egitera», aldarrikatu du Ana Gricelides Enamoradok. «Sufrimendu hau mundu mailakoa da, krimena mundu mailakoa delako».
"Gure seme-alabak indarkeriaren ondorioz desagertu dira. Ez daude gurekin norbaitek kendu zizkigulako"
Ana Gricelides Enamorado. Semearen bila dabilen hondurastarra
Honduraskoa da Enamorado, baina Mexikon bizi da, han desagertu baitzitzaion 2010ean seme bakarra: Oscar Antonio Lopez. Senideak bakarrik daudela kontatu du: «Familiako norbait desagertzen denean, blokeatu egiten gara, ez dakigu nora jo. Laguntza handia behar dugu». Baina erakunde publikoek ez diete halakorik ematen: gizarte eragileek hainbatetan salatu dute ez dagoela migratzean desagertu direnen auzian erantzukizuna hartu duen instituziorik. Caminando Fronterasen arabera, Espainiarako bidean galdu direnak ez daude desagertuen datu baseetan. «Informazioa eskatu arren, senideek ez dute erantzunik lortu, ez segurtasun indarrek, ez bestelako organismo publikok emandakorik».
Izenik gabeko migratzaile baten hilobia, Barbateko hilerrian. Roman Rios / EFE
Izenik gabe hilobiratuta
Mediterraneoko mugan, hilotzak kostaldean agertzen direnean ere, instituzioek ez dute beti lortzen gorpuak identifikatzea. Iazko azaroan, patera bat hondoratu zen Barbateko (Cadiz, Espainia) hondartzen aurrean, eta 23 gazte marokoarren hilotzak berreskuratu zituzten hurrengo egunetan. Bizirik iraun zutenen bidez jarri zizkieten izen-abizenak hildakoetako batzuei, eta horrela lortu zuten familiekin harremanetan jartzea, baina, sarri, zaila izaten da senideek ere gorpuak identifikatzea, Espainiara joateko baimena lortu behar dutelako. Hala, etorkin asko izenik gabe hilobiratzen dituzte kostaldeko hilerrietan; batzuk, zenbaki batekin, eta beste batzuk, erreferentzia batekin: «Mutil marokoarra».
"Nire semea ikasle ona zen, baina ez zuenez bisarik lortu, ontzi batean alde egin behar izan zuen"
Berdai Aldjia Belabed. Semearen bila dabilen aljeriarra
Hilerri horiek bisitatu nahi ditu Suad Zaidik. Mohamed Ali Sorti semearen argazkia darama lepotik zintzilik une oro. Euren jaioterritik, Tunisiako Sfax hiritik, itsasoratu zen 2011ko martxoan. «Amets europarraren bila joan zen. Bi lehengusurekin batera prestatu zuen bidaia; nik ez nekien ezer. Italiatik deitu zidan, gaizki egindako gauzengatik barkamena eskatuz». Orduan hitz egin zuten azken aldiz. Zaidik uste du lehorreratzea lortu zuela, eta orduan zerbait gertatu zitzaiola: «Bizirik dagoela sentitzen dut». Halere, ez du beste aukerarik baztertu nahi, eta Andaluziako hilerriak ere aztertu nahi ditu, badaezpada: «Europako edozein lekutan egon daiteke. Eta aurkitu nahi dut; hilik edo bizirik».
Suad Zaidi, karabanan egindako manifestazio batean. Mugak Zabalduz
"Europako edozein lekutan egon daiteke nire semea. Eta aurkitu nahi dut, hilik edo bizirik"
Suad Zaidi. Semearen bila ari den tunisiarra
Kemen berberarekin mintzo da Berdai Aldija Belabed aljeriarra: «Nire azken hatsera arte bilatuko dut semea». Meruaneren ama da: 26 urte zituen 2007an desagertu zenean. «Ikasle ona zen, tituluak zituen, baina ez zuenez bisarik lortu, ontzi batean alde egin behar izan zuen. Annabatik atera zen Italiarantz, beste bederatzi mutilekin batera. Denak desagertu ziren». Halere, ez du uste itsasoan ito zirenik. Tunisiako aginteei —mugatik gertu dago Annaba— egotzi die gazteak atzematea.
Estatuek bahituta
Hamar gazteen senideen tesi hori defendatzen ari da Kuceila Zerguine abokatua: «Ben Aliren garaian, Tunisia Europaren jendarmea zen: hara zihoazen pertsonak talde terroristetako kideak izateaz susmagarri ziren; beraz, atzeman egiten zituzten. Migratzen saiatu diren ehunka gazte aljeriar kartzelatu dituzte espetxe sekretuetan».
Frogak dituztela gaineratu du. «Senideek Tunisiako portu batean aurkitu zuten mutilek erabilitako ontzia, osorik, kaltegabe». Gazteak kartzelan izan zirela ere berretsi zuten: «Espetxeko langileak, soilik mutilen argazkia ikusita, gai izan ziren haien izen-abizenak esateko. Familiek baimena eskatu zuten semeak bisitatzeko, baina auzitegira joan zirenean, gazteen izenak ez zeuden presoen zerrendan. Eta, noski, espetxeko langileek gero ukatu egin zuten informazio hori eman izana».
Nazioarteko erakundeetara jo dute; besteak beste, behartutako desagerpenei buruzko NBEren taldeari eman diote kasuaren berri. Senideek bilaketaren zama osoa eramatea gaitzetsi du Zerguinek: «Ez dagokie haiei, baina gobernuek ez dute ezer egin nahi izan. Ikerketa eraginkor eta independente bat eskatzen ari gara». Antzekoa da egoera Mexikon, Mario Vergarak salatu duenez: «Gobernuari ez zaizkio bere herritarren giza eskubideak interesatzen. Justizia ere desagertuta dago han».
Mario Vergara, karabanako protesta batean. Mugak zabalduz
Guerrero estatukoa da Vergara. 2012ko uztailean Tomas anaia bahitu zuten; dirua eskatu zioten familiari, baina ez zuten ordaindu, ez zirelako bizitza frogarekin fidatu. «Esan ziguten damutuko zitzaigula, ez genuela berriz anaiaren berri izango». Ordutik, haren bila jardun da; penaz azaldu du beste krimen handi batek eman diola bultzadarik handiena: «2014ko irailean Ayotzinapako 43 ikasleak desagerrarazi zituen estatuak. Haien gurasoen borrokak ahotsa eman zigun aurrez desagertutakoen senideei, eta haiei esker hasi ginen mendixketan hobi eta gorpu bila».
Auzia gizarteratzera
Arriskutsua da desagertuak bilatzea Mexikon. Ikasleen bila jardundako aktibista bat hasi zitzaion Vergarari laguntzen: Miguel Jimenez Blanco; 2015eko abuztuan hil zuten, tiroz. Haren irakaspenak oraindik erabiltzen ditu, halere: «Lurrean uhinak edo beste kolore bateko lur zatiak ikusten genituen guneetan zuloak egiteko esaten zigun. Hala hasi ginen gure herriko egia lurpetik ateratzen. Hezurrek hitz egiten baitute: hildakoek gertatutakoa kontatzen dute, eta zauriak orbaintzen dituzte».
"Hezurrek hitz egiten dute: hildakoek gertatutakoa kontatzen dute, eta zauriak orbaintzen dituzte"
Mario Vergara. Anaiaren bila ari den mexikarra
Hala, 300 lagun baino gehiago aurkitu ahal izan dituzte azken urteetan. Auzia gizarteratzen lan handia egin dute Mesoamerikako Migratzaileen Mugimenduak eta hango amek urtero egiten duten karabanak. Horko kide da Enamorado: «Ikusgai egiteak funtzionatzen du. Europan ere hori egitea garrantzitsua da». Mugak Zabalduz karabanari esker onez mintzatu zaio Zaidi ere: «Europako gobernuek informazioa ematen hastea lor dezake».
Bat datoz senideak: babesak «indarra» eman die. Izan ere, oreka zail batean bizi dira: itxaropen agortezinaren eta errealismo behartuaren artean. Vergara: «Pertsona batzuk sutan errez desagerrarazi dituzte, ez dadin arrastorik geratu; desagertuak izango dira beti. Horren kontzientzia hartzen ari gara: agian, ez dugu nire anaia inoiz aurkituko, baina topatzen ari garen hildako guztiek nire anaiaren izena dute».
Bihar: Sasoikako langileak.