Gazteen ekimena

Gazteen akuilua

Mundu osoko kaleak hartu dituzte gazteek klima larrialdia dela eta. Kolokan ikusten dute etorkizuna, eta aurre egin nahi diote horri: ez dute isiltzeko asmorik agintariek klima babesteko neurriak hartu arte.

Martxoaren 15ean Buckingham jauregiaren aurreko plaza hartu zuten grebalariek. HEIL HALL / EFE
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko abuztuaren 18a
20:39
Entzun



Klima aldaketaren aurkako borrokan gazteek hartu dute lekukoa azken urtean, eta 16 urteko suediar bat izan da aitzindaria: Greta Thunberg. Erreferente bilakatu da iazko abuztuaren 20an protestari ekin zionetik: parlamentuaren aurrean eseri, eta gobernuari exijitu zion Parisko Itunean onartutako neurriak martxan jartzeko. 21 egunez egin zuen ekintza bera, irailaren 9an hauteskundeak izan ziren arte. Ez da gelditu hauteskundeen ostean ere: ostiralero-ostiralero uko egin dio eskolara joateri, eta greba egiten du parlamentu aurrean. Ordutik, Thunbergen ahotsari beste milaka gazterenak batu zaizkio.

Ostiraleroko grebetatik hartu zuen izena Fridays For Future (etorkizunaren aldeko ostiralak) klimaren aldeko mugimenduak, eta Suediatik mundu osora hedatu da azken hilabeteotan. Euskal Herrira ere bai. Ikasturte osoan, ikasle grebak egin dituzte, eta kaleak hartu etorkizunaren alde ahotsa altxatzeko. Martxoaren 15ean eta maiatzaren 24an egin zituzten protestarik jendetsuenak, eta Euskal Herrian ere oihartzun handia izan zuten. Martxoko mobilizazioa «garaipena» izan zela dio Guillermo Sabas Rodriguez Bilboko plataformako kideak. Mobilizazio hura mugarri izan zen: ordutik biltzen dira ekintzaile taldeak Bilbon eta Baionan.

Mobilizazio jendetsuak egin dituzte gazteek Baionan azken hilabeteetan. GUILLAUME FAUVEAU

 

Nazioarteko mugimendua da, baina talde bakoitzak era independentean lan egiten du: ordezkaritza bakoitzak erabakitzen du talde barruko dinamika nolakoa izango den. Bilbon, esaterako, ostiralero egiten dituzte ekintzak, elkarretaratzeak gehienetan, eta ostegunero, batzarra. Beste hautu bat egin dute Baionan: bildu, bai, astero biltzen dira, baina ekintzak noizbehinka egiten dituzte. «Ostiralero egiten baditugu, jendea ez da etorriko», azaldu du Nahia Briauld Ipar Euskal Herriko mugimenduko kideak. Uda sasoian aldatu egin dituzte dinamikak.

Suedia izan zen mugimenduaren sorlekua, eta gazteek indar handia hartu dute han. Thunberg izan da gidari, baina hura ere gainerakoen maila berean dago. Hala kontatu du Isabelle Axelsson Suediako mugimenduko kideak: «Gretak ez du bere burua mugimenduaren burutzat hartzen». Egia da, hala ere, haren ekintzek belaunaldi bat inspiratu dutela: «Gazteak orain ohartu dira boterea dutela, eta beren etorkizuna babesteko gauzak egin ditzaketela». Thunbergek izan duen garrantziaz ohartarazi du Erresuma Batuko mugimenduko kide Jake Woodierrek ere: «Hark erakutsi du norberaren ekintzek gauzak alda ditzaketela, eta horrek jendea mugiarazi egin du. Askotan uste izan baita txikiegiak garela aldaketa eraginkorrak egiteko».

"Ikusten dugu gazteok antolatutako grebak kontuan hartzen direla, eta gobernua mugitzen hasi dela"

Nahia Briauld. Ipar Euskal Herriko plataformako kidea

 

Thunbergen eragina Euskal Herrira ere iritsi da. «Iparraldeko taldea izan zen lehena Frantziako Estatuan Thunbergen deiari jarraitzen», kontatu du Briauldek. Sare bat sortu da nazioartean, eta babesa ekarri die horrek taldeei, Sabasek nabarmendu duenez. «Beldurra izaten da hasieran, ez baitakizu zer gertatuko den, nola joango den mugimendua. Horregatik, garrantzitsua da babesa».

Eskakizun anitz

'Haien diruzalekeriak gure etorkizuna amaituko du' pankarta zabaldu zuten bi gaztek protesta batean. FRIEDMANN VOGEL / EFE

Kezka da gazte mugimendu horien abiapuntua: klima aldaketaren eragina gero eta nabariagoa den honetan, etorkizuna arriskuan ikusten dute. «Egungo gazteok eta etorkizuneko belaunaldiek ez dugu bizitzeko planeta osasuntsu eta erabilgarririk izango», salatu du Axelssonek. Uste dute zuzeneko ekintzak direla bidea. Jomuga bera dute mundu osoko ekintzaileek: agintariek klima aldaketa gelditzeko neurriak hartzea, eta herritarrei egoeraren larritasunaz kontzientzia piztea. Eskakizunak, hala ere, tokiko beharren arabera zehazten dituzte.

Bilboko taldeak, adibidez, «klima larrialdia» ezartzeko eskatu die erakundeei, eta udal batzuekin ari dira hizketan. Eusko Jaurlaritzak orain bi aste izendatu zuen. Sabasek aitortu du erabaki «sinbolikoa» dela izendapena, baina uste du «neurri eraginkorragoak» hartzea ekar dezakeela.

"Beldurra izaten da hasieran, ez baitakizu zer gertatuko den, nola joango den. Babesa garrantzitsua da"

Guillermo Sabas Rodriguez. Bilboko plataformako kidea

 

Iparraldean hurrengo pausoa eman nahi dute. Izendapen hori ekainean egin zuen Frantziako Asanblea Nazionalak. «Ikusten dugu gure grebak kontuan hartzen direla, eta gobernua mugitzen hasi dela», dio Briauldek. Izendapen hori lortuta, bost eskakizun nagusi egin dizkiete agintariei: erregai fosilen isuriak gelditzea, karbonoaren zuzeneko zerga sortzea eta sektore guztietan ezartzea, herritarrak ohartaraztea klimaren krisiaren larritasunaz, ekosistemen desegitea geldiaraztea, eta klimari kalte egiten dioten produktuak debekatzea.

Horrelako neurriak exijitzearekin batera, Suedian indar egiten ari dira ardurak hartzearen garrantzian: erantzukizuna hartzeko eskatu diote gobernuari. «Bai aurreko belaunaldiek egindako txikizioengatik, bai haien agintaritzapean oraindik egiten ari direnengatik». Erresuma Batuan desorekari ere erreparatu diote: nor ari den pairatzen klima aldaketaren kalteak: «Ondoriorik larrienak pairatzen ari dira krisian eragin gutxien izan dutenak, hego hemisferiokoak batik bat. Eta ipar hemisferioan eragiten dutenean ere, txiroek eta bazterturik daudenek sufritzen dituzte gehien».
 

"Gazteak orain ohartu dira boterea dutela, eta beren etorkizuna babesteko gauzak egin ditzaketela"

Isabelle Axelsson. Suediako mugimenduko kidea

 

Gero hobeago baten alde

Kezka dute geroarekin, baina ez dute etsia hartu nahi. Joan den astean topaketa batzuk egin zituzten Europako Fridays For Future mugimenduko kideek Lausanan (Suitza), Irribarre egin etorkizunerako leloarekin. Datozen hilabeteetarako plangintza osatu dute, eta etorkizunaz hausnartu. 40 bat herrialdetako gazteak bildu dira. Tartean izan da Briauld, Iparraldeko mugimenduko ordezkaria. Elkarlanerako sareak sortu dituzte bateko eta besteko mugimenduetako kideek, eta mobilizazio bat egin zuten azken egunean, hilaren 9an, milaka lagunen parte hartzearekin. Argi utzi nahi izan dute udan ere lanean ari direla, udako oporrik ez dagoela klima aldaketaren auzian.
 

Etorkizunarekin kezkaturik daude gazte belaunaldiak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Iragarri dute zein izango den datorren ikasturteko lehen ekintza nagusia: protesta aste bat irailean. Hilaren 23an, NBE Nazio Batuen Erakundeak klimari buruzko goi bilkura du New Yorken, eta, hori baliatuta, 20tik 27ra protesta astea izango da mundu osoan. Egun nagusia 20a izango da: nazioarteko ikasle greba antolatu dute egun horretarako. Hasiak dira lanean. «Historiako klima mobilizaziorik handiena ari gara antolatzen», esan du Woodierrek.

Lehenago, baina, bada beste deialdi esanguratsu bat ere Euskal Herrian: G7koen bilkura Miarritzen (Lapurdi). Hilabete amaieran izango da munduko zazpi potentzia nagusien goi bilkura, eta hori baliatu nahi du Fridays For Future mugimenduak, aldarriak helarazteko. Iparraldeko taldea ekintza bat prestatzen ari da egun horietarako. Briauldek azaldu du agintariei egoera ikusarazi nahi dietela, eta «ekintza baketsuak» egingo dituztela nabarmendu du.

Hurrengo hilabeteetatik aurrera ekintza gehiago egingo dituzte. Ez baitute geratzeko asmorik. Azpimarratu dute kalera ateratzen segituko dutela, ahotsa altxatzen, kontzientziak astintzen. Argi esan du Axelssonek: «Ez gara geratuko politikariek guretzat eta ondorengo belaunaldientzat etorkizun seguru bat bermatu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.