Idiazabal eta gazta

Idiazabalgo gazta, irrikaturiko sor-marka

Euskal Gaztaren Azoka Idiazabalen ospatzen da urtero, Euskal Herriko jatorri izeneko gazta motak ezagutarazteko asmoz. Gazta egite eta ketze erakustaldia ez ezik, dastatzeko eta artzainak omentzeko parada ere izaten da Goierriko azoka horretan.

Josean Gil-Garcia.
2018ko uztailaren 19a
13:38
Entzun

Idiazabal herria Gipuzkoatik Arabara doan bide ertzean dago, Etzegarateko mendatearen hasieran. Naturaz inguraturik dagoen hiribildu historikoa da, eta, horregatik, bisitaria txundituta geratzen da herria eta inguruko bazterrak ezagutzen dituenean. Nahiz eta errepide nagusiak udalerria alderik alde zeharkatzen duen, zaila gertatzen da imajinatzen bertoko bizilagunen lan otzana. Kale barrenetik urratsak egiteaz batera, ordea, bestelako inpresioa jasotzen du bisitariak, gaztagintzari ohorezko errespetua eskaintzen baitzaio herrian. Izan ere, gaztagileak izatearen ospea aspaldi eskuratu zuten hiribilduko artzainek. Akaso, ohiko zidorretatik igarotako bidaztien joan-etorriak ederki lagundu zuen artisauon lana ezagutarazten. Denboran aurrera eginez, gainera, Idiazabalgo sor-marka etorri zen 1980ko hamarkadaren amaieran. Bizilagunek pozarren hartu zuten berria, izendapenak gaztagintzaren gaineko iraultzari jarraipena emateko aitzakia eragin zuen eta.

Jaki preziatu horren nondik norakoak hobeto ezagutze aldera, interpretazio zentro bat dute herrian. Bisita gidatua eginez gero, artzainen lanaren ezaugarriez gainera, sor-markak ekarri dituen konplitu beharreko arauen berri izango du bisitariak. «Ardi latxaren edo Karrantzako ardien esne gordina hartu behar da, baita gatzagi naturala ere. Horra hor koska!», entzungo da museoan, turistak gazta zatitxo bat ahora eramaten duen bitartean. Zer ikasi eta zer entzun badago, hortaz, Idiazabalgo museoan: «Usain eta zapore berezitsua du gazta ezagunak, beste esneki batzuekin nahasezinak. Koipetsua, azal gogorrekoa, krematsua eta irmoa ere bada».

Larre-aldaketa

Idiazabalgo gazta, urte osoan kontsumitzen den arren, udaberri aldean iristen da merkatura. Horren atzean, jakina, artzainaren lan mardula egoten da. Gaur egun, 65 artzain-familiak baliatzen dituzte inguruko larre freskoak euren artaldeentzat. Olazagibel baserriko Arantxa Etxezarreta eta Bitoriano Urrestarazu artzain bikoteak, besteak beste. Euskal Herriko larre-aldaketa egin izan da artaldeak goiko larreetaraino eramateko. Izan ere, Idiazabalgo gazta hainbat lekutan egiten da: Karrantzan, Urkiolan, Gorbeian, Entzian, Urkillan, Elgean, Urbasan, Aralarren eta Andiako mendigunean, besteak beste. Enrike Etxebarria artzain zeanuriztarrak, esaterako, Elexartza baserritik Gorbeia mendiguneko Arrabako larreetara eraman ohi ditu bere 200 ardiak. Ekainaren hasieran izaten da ikuskizuna. Artaldearekin batera, mendizale talde batek jarraitzen die atzetik. Arrabako bazkalekura iritsita, ardiak sakabanatu eta harat-honat ibiltzen dira landa emankor eta freskoetan, lehenengo elurteak iritsi arte.

Gazta egiteko prozesuaren berri, azokan. / Josean Gil-Garcia

 

Euskal Gaztaren Azoka

Idiazabalgo gaztari begi keinuak hainbat urtez ibili ostean, lehen Euskal Gaztaren Azoka ospatu zen iaz. Ordura arteko eginkizunaren luzapen eguneratua eta berritua izan nahi zuela, Euskal gaztaia, Euskal paisaia lelopean ederki borobildu zen egitaraua. Arrakasta, erabatekoa. Euskal Herriko hiru jatorri izendapenak gonbidatuak izan ziren: Idiazabal, Erronkari eta Ossau-Irati.

 


Gaztari gorazarre egiteko asmoz, Mulixka taldeko dantzari trebeek ikuskizuna egin zuten. / Josean Gil-Garcia

Aurten, bigarren edizioa arrakasta handiz ospatu dute, maiatzaren lehen asteburuan. Oraingoan ere, eguraldi aparta. Eliza ondoko parkean, udaletxearen aurreko eremuan eta kiroldegitik hurbil kokatu ziren postu guztiak. Euskal Herri osoko gaztak dastatzeko eta erosteko aukera izan zuten bisitariek, baita Portugal, Cadiz, Asturias, Menorca eta Extremadura herrietara jauzi gastronomikoa egiteko parada ere. Haurren gozamenerako, artzainen lanetan oinarritutako jolas eta probetan ondo baino hobeto ibili ziren. Sorginetxe trikuharriaren azpiko harriak 70 kiloko pisua zuelarik ere, errazki mugitu zuten sorgin-azti txikitxoek. Makil-saltoan ere dotore-dotore aritu ziren.

Mulixka taldeak eskainitako dantzak sekulako ikusmina eragin zuen. Iñaki Palacios musikari arabarraren eskutik eta Josu Sanchezek sinaturiko koreografian oinarrituta, Idiazabal izena azokaz haratago eraman nahi izan zuten. Arabako ardo festan egin zuten bezalaxe, Palaciosek zorion hitzak baino ez zituen egindako lana goraipatzeko. «Tradizioa, kultura eta artzaintzaren indarra irudikatu nahi izan dugu euskal musika tresnak baliatuta».


Beasaindik atera aurretik ikus daiteke Igartzako ondare multzoa. / Josean Gil-Garcia

 

Gaztaren Ibilbidea

GR 283 kodea hartu duen Gaztaren Ibilbideari dagokion zati bat igarotzen da Idiazabaldik. Hartaz baliatuta, ostera polita egin dezake ibiltariak. Ibili-ibilian, Ordizia herrian (Gipuzkoa) hasi eta Kale Nagusiari jarraitu behar zaio, Donejakue bideari dagozkion bide-seinaleak gogaide. Urdaneta kaleak lekukoa hartuta, noranzkoari eutsi eta ibaiaren paraleloan jarraitu behar da, Lazkaibar zubia gurutzatu gabe. Beasaingo udalerrian ziztuan sartzen da ibiltaria. Bertan ikusten dira GR 282 kodepeko Gaztaren Ibilbideari dagozkion lehen arrastoak. Egokitutako bidegorriaren ondoan jarraitzen da Beasaingo herrigunean sartu arte.

Herriko Kale Nagusia atzean utzirik, Nafarroako etorbideari jaramon egiten zaio platano ilara zuzenak markatutako pasealekutik. Igartzako ondare multzora iristean, harrizko zubia igaro eta, bide-seinaleei jarraituta, trenbide gainetik igarotzen da. Bigarren oztopoa A-1 autobia da. Errepide zabala igaro ahal izateko, eskailerak igo eta zubia gurutzatu behar da. Egitura metalikoa atzean utzi bezain pronto, ezkerretik jarraitzen da Olaberria eta Segura helburuak dituen xendatik. Indar faktoria inguratuta, goratasuna hartzen da. Txintxurreta baserriaren paretik igaro ostean, Atari-Eder izenekora bideratu behar dira pausoak. Haren ezkerretik pasatu ostean, Altamira baserrira iristen da bisitaria. Altamiratik Larrunarri, Aizkorriko mendigunea eta Murumendi mendiak bistaratzen dira paraje horretarik, hiru erraldoiak izango balira bezala. Altamirako baserria ezkerrean utzita, behitegi baten ertzetik igaro eta Garitain baserriraino jarraitzen da. Gero, larre eta pinudien artetik ehunka metro egin behar dira. Bideak hegoalderantz egiten du segidan. Abaroa izeneko baserrira laster batean iristen da ibiltaria. Idiazabalgo gazta erosteko aukera dago han. Haren ertzetik igaro eta berehala, Olaberria herrira iristen da. Ibilbidearekin jarraitu aurretik, komeni da San Joan tenplura igotzea, haren ondoan orientazio mahai bat dago, eta inguruko paisaia interpretatzen laguntzen du.



Zebazelai kalean behera egin, eta ezkerreko kaleari jaramon egin behar zaio biribilgunean, GR zidorrak dioenez. Azken txalet gunera iritsita, Aizkorriko mendigune aldera begira jarri eta goratasuna galtzen hasten da. Berdillari eta Aranguren baserrien albotik igarota, Oiarbide jauregira iristen da ibiltaria. Etxe dotore bezain sendoa da, eta armarria fatxadan erakusten du. Idiazabalgo udalerrian sartuta, Oiarbidesaletsea eta Etxeberrigoikoa baserrien artetik igarotzen da. Gero, Nafarrasagastibarrena izeneko baserrira iristean, bide zabala bertan utzi eta ezkerretik doan Gaztaren Bideari ekin behar zaio, besteak beste, sagarrondoak eta gereziondoak dituen saila inguratuz. Arantzazumendiko errekara heltzean, begi bakarra erakusten duen Artsugarats zubia dago; baita behialako harbide dotore baten zati bat ere. Galtzada gogaide, beraz, Antia baserrira igo behar da aurrena; Gurutzetako Andre Mariaren baselizara, hurrena. Ermitan eginiko bisitaren ostean, Idiazabalerako bidea hartu eta, Oskarbi txalet parean, porlan bidetik irten behar da, ezkerretik doan galtzadari jarraitu ahal izateko. Harriz harriko bidean, Uzkanda errekastoa gurutzatu, eta Idiazabalgo plazan ematen zaio amaiera ibilbideari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.