Gilen Tell pertsonaia ezagun egin zen Euskal Herrian 1980ko hamarkada bukaeran eta 1990eko hasieran, haren kondairan oinarritutako telesail bat eman baitzuen ETBk urte horietan, euskarara itzulita. Jauntxo anker baten aginduz semeari sagar bat buruan paratu eta balezta batekin jaurtitako geziarekin fruitua erdibitzen zueneko unea zen telesail haren eszenarik oroituena. Behe Erdi Aroaz geroztik makina bat obratan azaldu da Gilen Tellen kondaira, eta kondaira hori, jatorrian, Europako herrialde berezienetako baten sorreraren kontakizuna da. Mendebaldeko Europaren bihotzean, Alpeen inguruko hainbat haranek bat egin zuten ondoko inperioez aparte biziko zen komunitate bat sortzeko, eta kondairaren eta errealitatearen arteko nahasketa horren emaitza da gaur egungo Suitza. Maparen erdian, hor jarraitzen du berezi, EB Europako Batasuneko mugek guztiz inguratuta. Ez du muga horien parte izateko asmorik, baina bizilaguntzat duen egiturarekiko harremanak baldintzatzen dio herrialde gisa duen izatea.
Herri germaniarrak eta latindarrak elkartuta sortu zuten Suitzako Konfederazioa. Europako estatuen artean XVII. mendean zehaztu zuen estatusa, Hogeita Hamar Urteko Gerrari bukaera eman zion hitzarmenean gainerako estatuek independentzia eta neutraltasuna onartu zizkiotenean. Nazioarteko aferetan neutral izatea da, hain zuzen, Suitzaren ezaugarri bereizgarrietako bat. Gerra Napoleonikoez geroztik (1798-1815) herrialdeak ez du nazioarteko gerretan parte hartu, eta gatazka handi guztietan alde guztiek errespetatu dute haren neutraltasuna.
Christopher Heaton-Harris Erresuma Batuko Estatu idazkariordea eta Mario Gattiker Suitzako Estatu idazkaria Bernan, aurtengo otsailean, brexit ondorenean giza eskubideen arloan aplikatu beharreko akordio bat sinatu ondoren. Peter Klaunzer / Efe
Horrekin batera, demokrazia zuzena eta izaera federala ditu bereizgarri nagusiak. Konstituzioan onartuta eta zehaztuta dago erreferendumak egiteko eskubidea eta mekanismoa, eta urtero herritarrek hainbat gairen inguruan zuzenean erabakitzen dute botoa emanda. Aurten, errate baterako, eraikuntza eredu jasangarriaren aldeko ekinbide bati buruz bozkatu dute —gehiengoak ez zuen onartu—, baita pentsioen erreformaren atal bati buruz eta armak kontrolatzeko legea EBren arauetara egokitzeari buruz —biak onartu zituzten—.
Federalismoak, berriz, gaur egun garrantzi handia du Suitzaren identitate nazionala definitzerakoan. Izan ere, Europako estatu independente gehien-gehienak ez bezala, Suitza ez da etnia nagusi baten identitatean oinarrituta dagoen estatu-nazio bat; hau da, ez dago ez suitzar etniarik, ez suitzera hizkuntzarik. Lau hizkuntza komunitatek osatzen dute suitzar nazioa —alemaniera hiztunek, frantses hiztunek, italiar hiztunek eta erromantxera hiztunek—, eta banaketa eta oreka argia ezarrita dute estatuaren instituzioetan eta geografian; horregatik, hizkuntza komunitate batek ez du bertzea zapaltzen.
"Neutraltasunari ez lioke sobera eraginen EBko kide izateak, bertze estatu neutral batzuk badaudelako EBn"
Paolo Dardanelli. Kent unibertsitateko ikerlaria
Hala ere, nahiz eta berezitasun nabarmenak dituen herrialdea izan, Paolo Dardanelli ikerlariak dio «kontu handia» izan ohi duela Suitza «bakarra» ote den definitzerakoan. «Munduan ez daude bi herrialde guztiz berdinak direnik, beraz, bere modura da bakarra». Ingalaterrako Kent unibertsitatean irakasle albokoa da, eta ikergaien artean du Suitzaren eta EBren arteko harremana. Oscar Mazzoleni kidearekin batera liburu bat argitaratuko du hurrengo hilean gai horri buruz, italieraz: Suitza-EB: konpondu gabeko harremana (Armando Dado Editore, 2019).
Demokrazia zuzena
Dardanellik azaldu du Suitzak badituela bertze herrialde batzuek ez dituzten ezaugarriak, eta horietako batzuek zail bihurtzen dutela herrialde hori noizbait EBko kide izateko aukera. «Neutraltasunari ez lioke sobera eraginen EBko kide izateak, bertze estatu neutral batzuk badaudelako EBn —Irlanda eta Suedia, errate baterako—. Arazo nagusia demokrazia zuzenean dago, Suitzako herritarrek ezinen lukete-eta EBko legedia auzitan paratu [erakundeek] hura onartu ondoren».
Davos hiriaren irudi bat, aurtengo urtarrilaren 20an, nazioarteko agintari politiko eta negozio jende boteretsuenak biltzen dituen urteroko Munduko Ekonomia Foroa hasi baino lehen.. Laurent Gillieron / Efe
Izan ere, EBrekiko harremanaren atal garrantzitsu guztien inguruan suitzarrek erreferendumean erabaki dute beti. Hala gertatu zen 1972an, Suitzak lehenbiziko harreman finkoa ezarri zuenean EEE Europako Ekonomia Erkidegoarekin, merkataritza askeko itun bat eginda. Mugakide dituen lau estatuetatik hiru ziren orduan EEEko kide —Austria izan ezik, eta Liechtenstein mikroestatua kontatu gabe—. Suitza EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkarteko kidea zen ordurako.
EFTA 1960an sortu zuten zazpi estatuk —horien artean zegoen Suitza—, haien artean merkataritza askeko eremu bat sortzeko. 1989an, EFTAko estatuek Europako Ekonomia Esparruarekin bat egiteko asmoa zuten; hau da, orduan EEEko kide ziren bertze hamabi estatuekin esparru komun bat sortu nahi zuten langileen, produktuen, zerbitzuen eta kapitalaren mugimendu askea ahalbidetzeko. 1992an Maastrichteko Ituna sinatu zuten Europako hamabortz estatuk, eta EEE zena EB bihurtu zen horrela. Batasunak hurrengo urteetan eman zituen integraziorako pauso erabakigarriak, eta, Dardanellik azaldu duenez, Suitzak garai horretan serioski planteatu zuen EBko kide izatea.
Schengen eremuko kide
«Europako Ekonomia Esparruaren negoziazioetan, 1991ko urrian, Suitzako Gobernu Federalak jakinarazi zuen egiazko helburua EBrekin bat egitea zela». 1992an erreferendumera deitu zuten ekonomia esparruarekin bat egin edo ez erabakitzeko, eta, Kent unibertsitateko ikerlariak uste duenez, EBrekin bat egin ala ez erabakitzeko plebiszitu bihurtu zen praktikan. «Garai hartan lau alderdi handienetatik hiru alde zeuden: sozialistak, kristau-demokratak eta zentro-eskuineko liberalak. Soilik eskuineko nazionalista kontserbadoreak zeuden aurka». Erreferendumean, gehiengoak ezezko botoa eman zion ekonomia esparru komunean sartzeari, alde txikiarengatik —%50,3 aurka, eta %49,7 alde—. Erreferendum horrek egoera berezian utzi zuen Suitza, EBn sartu gabe EFTAn gelditu ziren bertze hiru kideak —Norvegia, Islandia eta Liechtenstein— ekonomia esparru komunean sartu baitziren.
SVP eskuin muturreko alderdiak Schengen eremuan sartzearen aurka egindako kartel bat, 2009an. Atea ireki abusuei? leloa dauka idatzita.. Christian Brun / Efe
1992ko erreferendumetik igaro diren ia hiru hamarkadotan, gai zehatzen inguruko hitzarmenek ezarri dute EBren eta Suitzaren arteko harremana. Gaur egun, 120 baino gehiago dira egindako hitzarmenak. Nabarmentzekoa da Suitza badela Europan pertsonen zirkulazio librea bermatzen duen Schengen eremuko kide —EBko kide diren Erresuma Batua, Irlandako Errepublika, Bulgaria, Errumania eta Kroazia ez bezala, adibidez—, baita asilo eskaerak arautzen dituen EBren Dublingo sistemaren parte ere. «Suitza nahiko kontent dago status quo-arekin, baina EB ez», azaldu du Dardanellik. «Suitzari presio egiten ari zaio akordio integral bat egiteko, harremanen arlo guztiak hor biltzeko, eta elementu bat gehitzeko EBren lege berriak Suitzako lege bilaka daitezen automatikoki».
"EBk gogorrago jokatu du Suitzarekin, hein batean mezu bat bidaltzeko Erresuma Batuari"
Paolo Dardanelli. Kent unibertsitateko ikerlaria
Iaz, akordio horretarako zirriborro bat adostu zuten bi aldeek, baina negoziazioak arruntean gogortu dira aurten. Suitzak arazo bikoitz bat du. Alde batetik, Dardanellik uste du EBk jarrera gogorra izan duela. «Brexit-ak gauzak zaildu ditu. EBk gogorrago jokatu du Suitzarekin, hein batean Erresuma Batuari mezu bat bidaltzeko, ez dezan espero brexit-aren auzian leun jokatuko duela». Izan ere, EBko diplomatikoen aspaldiko ikuspegia da Suitzak onura handiak jasotzen dituela harremanetik, ordainetan betebehar handiegirik eduki gabe. Herrialde horren presio fiskal txikia eta banku sistemaren opakotasuna dira EBren kezka iturrietako batzuk, uste baitu lehia ekonomiko bidegabea eta zerga iruzurra ahalbidetzen dituela.
Kontseilu Nazionala (parlamentuaren behe-ganbera) elkartuta, Ignazio Cassis liberala (erdian) Kontseilu Federaleko kide izendatu zuten egunean, 2017an —Suitzako Gobernua da Kontseilu Federala—.. Peter Schneider / Efe
Suitzak bertzelako ikuspuntu bat du. «Gobernuak zalantzak ditu akordioaren zirriborroa parlamentura eta, ondoren, erreferendumera eramateko, badakielako polemikoa dela eta babes apala duela. Suitzak uste du haren burujabetza gainditzen duela, eta sistema politikoaren arlo erabakigarriak urratzen dituela, errate baterako, demokrazia zuzena», azaldu du Dardanellik.
Gainera, alderdien eta herritarren artean desagertu egin da 1990eko hamarkada hasierako europazaletasuna. «EBko merkatua eta bertze lotura batzuk mantentzeko interesa dago, baina kezka sortzen du sistema politikoan eduki dezakeen eraginak». Ikerlariak dioenez, alderdi nagusien artean gaur egun sozialistak baino ez dira EBn sartzearen aldekoak, «baina haiek ere jarrera birpentsatzen ari dira». Dardanellik dio gaur egun herritarren %20 baino gutxiagok babesten dutela Suitza EBn sartzea.
Suitzaren bazkide ekonomiko nagusia da EB, eta, Austria kide egin zenetik (1995), batasunaren mugek alde guztietatik inguratzen dute. EBrentzat, berriz, erreferente inportantea da Suitza, nahiz eta batasuneko kide ez izan, historikoki guztiz integratuta egon delako Europa mendebaldeko bizitza politiko, sozial, kultural eta ekonomikoan. Bien arteko harremana nola garatuko den aurreikustea, ordea, «zaila» egiten zaio Dardanelliri. Argi duena da EBrekiko harremanaren inguruko eztabaidak «modu nabarmenean» eraginen diela Suitzan urrian egitekoak diren hauteskunde federalei.
Bihar: Turkia.
Kronologia.
1972. Suitzak eta Europako Ekonomia Erkidegoak merkataritza askerako itun bat egin zuten.
1992. Suitzan erreferendum bat egin zuten Europako Ekonomia Esparruan sartu ala ez erabakitzeko. Ezezkoak irabazi zuen.
2001. Suitzak erreferendum batean uko egin zion EB Europako Batasuneko kide izateko eskaera egiteari. %77 agertu zen aurka.
2005. Suitzak erreferendum bat egin zuen Schengen eremuarekin bat egin ala ez erabakitzeko. Baiezkoak irabazi zuen.
2009. Suitza Schengen eremuko kide egin zen.
2013. Suitza eta EB harremana zehazteko hitzarmen bat negoziatzen hasi ziren.
2014. Suitzako herritarrek EBko herritarren immigrazioa murriztearen alde egin zuten erreferendum batean.
2016. Suitzako Parlamentuak malgutu egin zituen EBko herritarren immigrazioari buruzko erreferendumean erabaki ziren neurri nagusiak.
2018. Suitzak eta EBk harremana zehazteko hitzarmenaren zirriborro bat adostu zuten.
2019. Suitzako Gobernuak zirriborroaren puntu batzuk berretsi zituen, baina bi aldeek negoziatzen jarraitu zuten.