Irakurgai, idazteko gai

Irakurgai, idazteko gai

1979an ikusi zuen argia 'Zergatik panpox'-ek, emakume batek euskaraz idatzitako lehen nobelak. Besteren idazgai izatetik idazle ere izaterako jauzia egina zegoen, eta bukatu ez den bidea hasi zen.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko irailaren 1a
23:04
Entzun

Gizon haiek/ beren indarrak, haragiak, lurra heriotza bihurtzen.../ gizon haiek/ izerdi suminetan/ danak batean, bat eginda, danontzat mundu bat egiten/ ikusi nituanean.../ lotsa sentitu nuen./ Ni, han, nere problemarekin,/ nere pentsamenduarekin,/ nere biziarekin,/ ni, nigan aurkitu nintzanean.../ lotsa sentitu nuen/ eta nere aurpegia gorri-gorri ipini zen/ gizon haien aurrean». 1969an eman zituen argitara Amaia Lasak (Getaria, Gipuzkoa, 1948) bere lehen bertsoak, Juan San Martinek koordinatutako Uhin berri. 1964-1969 bilduma liburuan.

Elsa Scheelen eta Egunero hasten delako argitaratu ziren urte berean ikusi zuen argia liburu horrek, 1969an, eta Lasa eta Patxika Erramuzpe (Aldude, Nafarroa Beherea, 1943) ziren andre bakarrak hogeita bost egileren artean. Hutsaren hurrengoa zen proportzioa, baiki, batere agertzen ez zirenak, gutxiengoan bada ere, agertzen hasi zirelako. «Idazle mutilek ondo hartzen gintuzten. Kultur munduan gehien-gehienak gizonak ziren, eta asko apaiz edo fraide izandakoak. Zozo zuriari bezala begiratzen ziguten, araua baieztatzen zuen salbuespena bagina bezala», dio Lasak. Etxeko giroan hasi omen zen idazten. Irakasletza ikastera Donostiara jo zuenean sartu zen pil-pilean zegoen kultur mundu hartara. «Euskal giro bat zegoen Donostian, eta irakasletza paralelo bat egiteko aukera ere bai, Andereño Eskolan». 1967an hasi zen Zeruko Argia-n argitaratzen. Mari Karmen Garmendia eta Arantxa Gurmendi han ari ziren idazten lehenagotik. «Emakumeak ginen, eta gure izaera aldarrikatzen genuen, baina feminismo kontzeptua eta kontzientzia beranduago sartu zen nire bizitzan». Kazetaritza eta literaturaz gain, antzerkia jorratzeari ere ekin zion Lasak, Iñaki Beobidek zuzentzen zuen Jarrai taldean sartuta.

Amaia Lasa
JON URBE, FOKU

 

"Gehien-gehienak gizonak ziren, eta apaiz edo fraide izandakoak asko. Zozo zuriari bezala begiratzen ziguten"

Amaia Lasa. Idazlea

 

Diziplina ugaritan aritzearena ez zen harrigarria, Iratxe Retolaza (Donostia, 1977) EHUko irakaslearen esanetan. Esparru guztietan hasiak ziren emakumeak tokia hartzen. «Amaia Lasak lehen poemak argitaratzerako, Marijane Minaberri hasia zen Iparraldean ere idazten, euskarazko haur eta gazte literaturako lehen urratsak egiten. Musikan ere, Ez Dok Amairun eta hortik kanpo, hasi ziren beren ahotsa entzunarazten». Patxika Erramuzpe bera, esaterako, kantugintzan zentratu zen. Amaia Lasak, berriz, 1971n argitaratu zuen lehen liburua, Mikel anaiarekin batera: Poema bilduma; eta 1977an argitaratu zuen bakarka Hitz nahastuak. Tartean, 1972an, San Pedro bezperaren ondokoak poema sorta eman zuen Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947), Euskal literatura 72 liburuan. Urretabizkaia izan zen, hain zuzen ere, euskal letretako lehen emakumezko nobelagile modernoa, Zergatik panpox-ekin. Euskarazko nobelagintzan lehen emakume protagonista nagusiak —Elsa Scheelen-eko Elsa eta Egunero hasten delako-ko Gisele— plazaratu eta hamar urtera. Txillardegiren eta Saizarbitoriaren nobelak «mugarritzat» jo ditu Retolazak. 1969an beste argitalpen «funtsezko» eta «ahantzi» bat izan zela nabarmendu du: Joxan Artzeren Isturitzetik Tolosan barru liburu-objektu artistikoa. Han eman zituen Artzek, esaterako, Mikel Laboak kantuz ezagutaraziko zituen Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak eta Ama hil zait. «Genero ikuspegitik, lan hori sekulako astindua da nazional-katolizismoaren familia eta gizarte eredua nagusi zen garaiari».

Ahotsaren bila

Retolazak euskal nobelaren garapena du ikergai, genero ikuspegitik, prestatzen ari den tesian. Alde horretatik, benetako jauzia Zergatik panpox-en dakusa: «Elsa eta Gisele protagonista dira, baina ez dira ahotsa. Normala den bezala, narratzaile baten galbahetik pasatuta daude, eta, neutrotzat joa den arren, narratzaile hori maskulinoa da. Bere ahotsaren bitartez irakurleari zuzenean hitz egiten dion lehen emakume ahotsa, gure nobelagintza modernoan, Zergatik panpox-ekoa da».

Marijo Olaziregi
JON URBE, FOKU

 

"Formaz eta edukiz berritzeko oso beharrezkoa zen ekarpena egin dute emakume idazleek"

Marijo Olaziregi. EHUko irakaslea, literaturan aditua

 

Marijo Olaziregi EHUko irakasle eta literatur adituak ere ahotsaren garrantzia azpimarratu du, lehenik eta behin: «Egia da Elsa eta Gisele protagonistak direla eta hori badela aurrerapauso bat ordura arteko nobelagintzan, baina hor garrantzitsua da nork hitz egiten duen». Urretabizkaiak hasitako bidetik etorri dira, erantsi duenez, gaur egungo panorama markatu duten aldaketak: «Zergatik panpox-ekin hasten da amatasuna auzitan jartzea, euskal abertzaletasunak emakumeari ematen dion rola auzitan jartzea. Formaz eta edukiz berritzeko oso beharrezkoa zen ekarpena egin dute emakume idazleek gure literaturara. Gaiak, ikuspegiak eta helburuak ez dira berak. Beste mundu batzuk dira».

Hastapen urteak ere beste mundu batzuk ziren, egungotik begiratuta. Literatur mundua —beste asko bezala— militantea zen, profesionalizatu gabea. 1980ko urteetan, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza sistema egituratzen hasi ziren, Retolazak gogoratu duenez, «eta hezkuntza sistemari loturiko literatur egitura bat» sortu zen. «1990etan garatu zen prozesu hori. Kanon bat sortu zen, eta historia bat egituratu, Koldo Mitxelenaren Historia de la literatura vasca [1960] ardatz hartuta. Hego Euskal Herriko hizkuntzalari gizonezko batek frankismo betean egindako euskal literaturaren historia bat da gaur arte egindakoaren ardatz nagusia, horrek esan nahi duen guztiarekin. Bada historia berriak egiteko garaia».

Historia berri horretan jasotzekoa litzateke, besteak beste, 1970-1980an idatzi zuten egile gehienek —Maripi Solbesek, Gema Lasartek eta Maddi Pelotek, esaterako— utzi egin ziotela jardun horri; 1987an Jakin aldizkariak Emakumea eta literatura ale monografikoa argitaratu zuela Aurelia Arkotxa, Nerea Azurmendi, Itxaro Borda, Maite Gonzalez Esnal, Tere Irastortza, Mariasun Landa, Gema Lasarte, Ermiñe Madariaga eta Laura Mintegiren parte hartzearekin; eta 1990eko urteetan Itxaro Borda eta Laura Mintegi gehitu zitzaizkiola Urretabizkaiari nobelagintzan. «Azken hamarkadetan gure literatura definitu duen kanona nobela izan da, eta, hiru egileok kenduta, oraintsu arte, ez da egon ibilbidea egin duen nobelagile emakumezkorik».

Erronkak

1999an, Emakume Idazleen Lantaldea sortu zen, besteak beste, emakumezko idazleen lana publikoari helarazteko aukerak lantzeko. «2007tik hona» sartu dira emakumezko gehien euskal letren bidera, Retolazaren arabera, baina ez da literaturaren historia lan berririk argitaratu 2004tik, eta egile berriok lortutako ikusgarritasunak ez du aldaketa sakon baten isla: «Euskal prentsak badu kontzientzia feminista, baina hori ez da euskal kultur sistemaren errealitatea. Zenbait emakume idazlek hedabideetan ikusgarritasuna izateak ez du esan nahi kultur esparruan aitorpena dutenik. Kultur esparruan osotasunean eragitea da erronka. Arazorik handiena kritika arloan dugu».

Iratxe Retolaza
MARISOL RAMIREZ, FOKU

 

"Zenbait emakume idazlek ikusgarritasuna izateak ez du esan nahi kultur esparruan aitorpena dutenik"

Iratxe Retolaza. EHUko irakaslea, literaturan aditua

 

Olaziregik ere argi du badela zeregina datozen hamarkadetarako: «Oraindik ere, emakumezkoek idatzitako literatura aldarrikapenaren esparruan irakurtzeko joera dago. Askotan, beldur naiz ez ote dugun betiko kutxatilan jarraitzen, ez ote dugun literaturaren arrastotik atera eta kutxatila batean sartzeko joera oraindik ere». Intimismoaz haraindi (Eusko Ikaskuntza, 1999) argitaratu zuenetik gertatu diren aldaketak ukatu gabe bada ere, idazle emakumezkoen gaineko aipamen gutxiesle eta ironikoak oraindik ere ohikoak direla azpimarratu du. «Batzuek mehatxu bat ikusten dute, nonbait, egungo egoeran».

Hori guztia, literaturaren gizarte-eragile rola apaltzen ari delarik, Retolazaren aburuz. «Erreferentzialtasuna askoz gehiago jokatzen da egun diziplinarteko jardunean liburuetan baino, Ez Dok Amairuren garaiko proposamenetatik gertuago, Arestik eta Lurrek ordezkatu zutenetik baino. Eta, hala ere, estetikoki eta ideologikoki, segitzen dugu liburuaren kultura soilean pentsatzen».

Arantxa UrretabizkaiaJON URBE, FOKU

Arantxa Urretabizkaia: "Genero ikuspegia urruti zegoen oso gure zerumugatik"

'Zergatik panpox'-en egileak sekula ez omen dio transzendentziarik bilatu bere lanari. Lur argitaletxeko kide zeneko garaiak eta ondorengo bakarkako idazle ibilerak ditu hizpide.

Lur sortu eta berehala hasi zen bertan Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947). Han zela irakurri zituen Elsa Scheelen eta Egunero hasten delako, testuak zuzendu, taldekideentzako gidari lanak egin eta ezkutuan idatzi bitartean.

Zer esango zenuke Elsa Scheeleni eta Gisele Sergierri buruz?

Elsa ez da ez emazte ez ama; eta, batez ere, kezka intelektualak ditu. Seguruena, hori ez zen azpimarratu orduan; orain ikusten dugu. Ez Elsa ez Gisele ez dira amak, eta, Giselek, gainera, ama ez izatea erabakitzen du. Hori guztia iraultza handia da. Gure letra zibilak oso gutxi dira; gehienak erlijiosoak ziren garai hartara arte, eta agertzen ziren emakumeak gizonen amak ziren. Gero, ama ez direnak eta emakumeen amak ere etorri dira. Pixka bat denetik daukagu. Gertatzen dena da ni ez nintzela horretaz konturatzen orduan. Gero ikusi da zer aldaketa ekarri zuten, baina ez dut uste momentu hartan hori nabarmendu zenik. Genero ikuspegia urruti zegoen oso gure zerumugatik.

Liburuok Lur argitaletxeak plazaratu zituen. Nola heldu zinen hara?

Ramon Saizarbitoriak kontaktatu zuen nirekin. Talde batzuk jarri zituzten abian, gaika, eta euskara edozertaz hitz egiteko gauza zela frogatzea zuen helburu gureak. Bost minutu iraun zuen, baina, eta bi lagun bakarrik geratu ginen: Joxemi Zumalabe eta ni neu. Orduan, talde nagusira joateko esan zidaten. Hala hasi nintzen. Momentu hartan, Ramon eta Ibon Sarasola ikasten ari ziren, eta ni lanean, erizain, egunero zortzi orduz. Ez genuen editore sentsazioa. Arratsaldeetan elkartzen ginen. Gabriel Arestik lan asko egiten zuen editorialean garai hartan. Hura Bilbon zegoen, eta gu Donostian, eta bilerak egiten genituen, aldiro, harekin.

Ordurako idazten zenuen.

Idazten nuen, baina klandestinitate osoan. Poesia soziala egin nahi nuen, Arestik hemen eta Louis Aragonek Frantzian bezala, baina San Pedro bezperaren ondokoak atera zitzaidan. Poema sorta hura ez nuen argitaratu nahi, baina Ramonek eta Ibonek baietz eta baietz, eta, azkenean, Euskal literatura 72 [Lur, 1972] liburuan atera nuen. Poema sorta horrek sari bat irabazi zuen, eta Iboni telefonoz deitu eta esan nion: «Eskuetan al duzu egunkaria? Begiratu!». Bikote ginen orduan, eta, albistea ikusi zuenean, erantzun zidan: «A zer kasualitatea, zure izen-abizen berak dauzka». Ez zekien inork.

Orain ere, idazteak klandestinitatetik asko du niretzat. Lan ezkutu bat da, eraginik ez duena eguneroko bizitzan. Ez dut nire lana gutxiesten, baina transzendentziarik ez diot bilatzen.

1979an atera zenuen Zergatik panpox. Lehen emakumea izan zinen nobela modernoa argitaratzen.

Sekula ez dut izan horren kontzientziarik. Lur bukatu zenetik, nire kabuz ibili naiz. Eta, bolada batean, bakarra izan nintzen idazten, egia da, ni baino lehentxeago argitaratzen hasi zen Amaia Lasa Ameriketara joan zelako. Gero hasi ziren Itxaro Borda eta Laura Mintegi.

Bakan izatetik, talde handia osatzeko bidean dira emakume idazleak.

Maite Gonzalez Esnalek-eta Arizkunen [1999an] antolatu genuen emakume idazleen lehendabiziko bileran, esan nien gazteei: «Zuek normalak zarete, baina ez ni, ez Maite, ez Mariasun [Landa], ez gara». Gazteek bizimodu normal bat dute. Gurea ez zen normala izan.

Hala ere, zeu ere idazle.

Niri galdetzen didatenean emakume idazle izateaz eta halakoetaz... Nik badakit zer naizen. Jendaurrean nire lanak irakurtzea zaila egiten zait oraindik ere. Ni betidanik izan naiz irakurlea, eta betidanik irakurri izan ditut emakumeek idatzitako liburuak. Ez zitzaidan iruditzen ezer arrarorik egiten ari nintzenik; beste askok egina zuen hori nire aurretik. Euskaraz ez, horixe aldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.