Iturrieta

Iturrieta mendietako kare haitzak

Entziako mendigunearen eta Gasteizko mendien artean, Iturrietako mendigunea dago. Gainaldeko tapizak agerian uzten ditu dolomiak eta kareharri geruzatuak.

Iturrietako mendiek bistan uzten dute zoru karstikoa. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
2020ko uztailaren 26a
15:04
Entzun



Kare haitza da Euskal herriko mendietako hezurdura nabarmena. Mendigune gehienak oso-osorik bloke karstiko baten gainean ezartzen dira; edo zati batean, bederen. Berezko gogortasuna dela eta, gandor eta ertz biziak zut egoten dira kare harrizkoan. Nafarroako Larra eta Gorbeialdeko Itzina paisaia malkartsua ziztuan etortzen da ibiltarion gogora, tokiotako kare haitzak hartzen dituen itxura geometrikoak eta magalean barreiaturik dauden haustura guneak ikusgarriak baitira. Eremu karstikoan barrena osteratxo bat besterik ez da eman behar zulo ilunak, troke obalak, harri xabalak, leize eta osin sakonak gozatzeko.

IBILBIDEA

Haitzaren jatorriari erreparatuta, ezaguna da kareharria sedimentazio harri bat dela eta haren osaeran kaltzio bikarbonatoa dagoela. Harkaitza erraz disolbatzen da euri urarekin bat egitean, eta zerutik isurtzen denak kimikoki higatu egiten du harriaren muina, modelatze prozesu geldo bati hasiera ematen zaiola. Beharrean hasita, hortaz, arrakaletatik, haustura gunetik eta isur-hobitik abian joaten da ura, zoli eta azkar, lurpeko harpearen bihotza umeltzeko xedez. Korrosio kimiko horri karstifikazioa deritzo. Astiro-astiro doan prozesu bat da, zeinak denbora behar baitu emaitzak ikusarazteko. Zorionez, denboraren poderioz, miraria suertatzen da, eta azalerako moldatze karstikoa gertatzen da.

Iturrieta mendiak

Arabako hego-ekialdeko bazterrean, Iturrietako mendiak airoso altxatzen dira. Entzia mendigune entzutetsuaren kontserbazio bereziko eremuari segida ematen diote. Edota alderantziz. Entziakoak egitura sinklinala bete-betean hartzen duelarik, agerian uzten du kareharri pakete trinkoak mugatutako goi ordokia, zeinak sakonune itxiak baititu. Entziako gunea, beraz, karstifikazioa gertatzeko ezin hobea da. Eta haren ondoan, haatik, antzerako paisaia bat marrazten da: Iturrietako errainuaren mosaikoa. Morfologia karstikoa ez dago hain garaturik han, kalkarenitak, dolomiak eta kareharri geruzatuak basoak berak leuntzen dituelako. Ibilbidean barrena, oinezkoa ohartuko da Iturrietako lurzorua belarrez eta orbelez jantzita dagoela; izan ere, adin nagusiko pagadia harkaitzari estu-estu lotuta agertzen da, eta gandorrera iritsi arte nekez ikusiko da berezko modelatze karstikoa. Sustraiak dardaraka edota hasperenka entzungo ditu, akaso, belarri oneko bidaztiak. Baina han ez da basoaren bihotzaren taupadak geldiarazten dituen lurrikararik izango. Ari duena ur isuria da. Izan ere, lurzoru trinko, gogor baina hauskorraren azpian drainatze sare zabala harilkatzen da, betiere argiaren ezkutuan.

 Iturrietako talaiak ezin hobeak dira Lautadako eskualdeaz gozatzeko.
Iturrietako talaiak ezin hobeak dira Lautadako eskualdeaz gozatzeko. JOSEAN GIL-GARCIA

Soilgaña eta Santa Elena tontorren hegoaldeko sakan batean, Cazadero izena hartzen duen parajetik urrun ez, Kalezuloen otsazuloa deskubritu berri dute etnologoek. Nonbait, parajeotan otsoak uluka zebiltzan garaian, karstak modelatutako haizpitarte batera joaten ziren auzokoak animalia basatiok uxatzeko. Baina horiek beste garai batzuk ziren.

Santa Elena eta Soilgaña

Iturrietako mendien hegalak ezagutzeko asmoz, abian jarriko da ibiltaria Erroetan, Arabako herririk altuena den toki pribilegiatuan. Herriko plazan sartu gabe, ezkerrera egin, eta, postetxearen paretik igarota, ezkerreko bidea hartuko du ibiltariak 14 zenbakidun etxea atzean utzi bezain pronto. Hala, nekazari bideari oratuta, atzean geratuko da Erroetako baserri multzoa. Aurrerago, ezkerretik segituta, pabiloi bat altxatzen den tokirantz bideratuko ditu pausoak. Eraikinaren ondo-ondotik igaro eta bide nagusiari men eginda, burdinazko igarobide bat zeharkatu du bidean. Horren ostean, eskuinetik jarraitu eta goratasuna hartuko du, Lazetako hezegunera iristeko asmoz. Ur putzuak ikusiko ditu ezkerraldean, sakonune xumean. Garaiaren arabera, gainera, batrazioen animazio korala etengabe entzungo da.

Ur biltegi txiki baten ondotik igaro eta metro gutxira, ezkerrean lagako du Igoroingo haitzarte sonatura jaisten den bide zabala. Beraz, eskuinera joko du bidebanatze horretan, eta, Luzkandoko mendate aldera metro batzuk egingo ditu. Une batez bide nagusia utzi beharko du, noiz eta Marabiletako antenatik datorren hari elektrikoa hurbil denean. Orduan, haren azpitik igaro eta maldan gora egingo du lapiaz buztintsua zapalduta. Iparrera urratsak egiten lagunduko duen bidetik jarraituko du oinezkoak.

Basoaren atarian dagoen hesi batera helduko da berehala. Metalezko bi zutoinen artetik igarota, pagadian sartu, eta, xenda lagun, Lautada aldera begira jarriko duen behatoki batera iritsiko da. Luzkandoko mendatetik datorren xendarekin bat egingo du han. Eskuinera joko du bidebanatzean, eta, amildegiaren paretik doan xendari ekinda, Santa Elena tontorrera iritsiko da. Postontziaz gainera, leku berean aspaldi existitu zen baselizaren omenezko gurutze txiki bat ikusiko du. Tontorretik metro gutxira, talaia eder bat dago Lautadako ekialdeko bazterrez gozatzeko.

Pago bikainak agertuko dira Santa Elenara bidean
 

Pago bikainak agertuko dira Santa Elenara bidean. JOSEAN GIL-GARCIA

Ertza galdu gabe, sigi-saga jarraituko du ibiltariak, edertasun handiko parajeak deskubritzearen karietara. Pagadia zeharkatuta, belarrezko tapizak maskaratua duen Soilgañaren pandero karstikora iritsiko da agudo. Basoan berriz sartu, eta, Erroetara zuzen doan bide balizatuari muzin eginda, basoan barrena segituko du. Hala, Adaleku magaleko San Joan trikuharriaren parean atsedena hartuko du. Beherago, mendatea eta mugarri ezaguna ikusiko ditu.

Erlaitz karstikoari bizkarra emateko abagunea delarik, eskuinera egin, eta, Erroetara eramango duen bideari begia kendu gabe, eliza ondoko plazatxoan amaiera emango dio Iturrietako ibilbideari.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.