Europa iparraldeko herrialdeak

Liskarbidea da beti

Bizilagunak estatu kide bilakatu diren arren, Islandiak eta Norvegiak EBn ez sartzeko erabakia hartu dute aukera izan dutenro. Biak egungo harremanarekin konforme dira.

ander perez zala
2019ko abuztuaren 23a
09:38
Entzun



Europa iparraldeko herrialdeak zalantzati agertu dira Europako integrazioaren eta eraikuntzaren auzian, eta horri buruzko eztabaidak agerian utzi du gaia korapilatsua eta nahasia izan dela Finlandiarentzat, Suediarentzat, Danimarkarentzat, Norvegiarentzat eta Islandiarentzat. Elkarren artean harreman estua duten arren, eta bizilagunak diren arren, bostek ez dute bide bera hartu Europako Batasunarekiko (EB) harremana finkatzeko orduan. Danimarka 1973an sartu zen Europako Ekonomia Erkidegoan —EBren aurrekaria—, eta Finlandiak eta Suediak 1995ean eman zuten pauso bera. Islandia eta Norvegia ez dira EBko estatu kide, baina gertuko lankidetza adostu dute talde komunitarioarekin: biak ala biak daude merkatu bakarrean, 1994tik baitira EEE Europako Ekonomia Esparruko kide.

Islandiaren eta Norvegiaren artean 1.470 kilometro ur inguruko distantzia dago, baina horrek ez du eragotzi mendeotan bi herrialdeek harreman estua izatea. Islandiaren kolonizazioan eta horrek eragin zuen emigrazioan parte hartu zuten norvegiarrek —Ingolfr Arnarson norvegiarra izan zen irlan bizitzen geratu zen lehen kolonoa—, eta, harrezkero, historia partekatua izan dute bi herrialdeek. Esaterako, Islandia Norvegiako Erresumaren parte izan zen XIII. mendetik, eta XV.ean biak Kalmarko Batasunean sartu zituzten, Europa iparraldeko bost herrialdeak batu zituen monarkian; hori XVI. mendean desegin zenean, bi herrialdeak XIX. mendera arte egon ziren elkarrekin, Danimarka-Norvegia Erresuman; eta, azkenean, XX. mendean lortu zuten independentzia.

Gaur egun, Europa iparraldeko herrialdeak ezagun egin dira euren ongizate sistemengatik, eta hainbat ezaugarri komun dituzte: kalitate handiko zerbitzu publikoak, hazkunde ekonomiko egonkorra — salbuespena Islandia izan da, 2008ko krisiaren ondorioz—, langabezia tasa txikia eta kontinentean ospe handia lortu duten hezkuntza sistemak; esaterako, Eurostaten arabera, iaz Norvegiak %3,9ko langabezia izan zuen, eta Islandiak %2,7koa —Gaindegiaren arabera, Euskal Herrikoa %10,01ekoa izan zen—. Horiek bilakatu dira bereizgarri nagusiak.

Salbuespenen eremua

Europa iparraldea EBren integrazioaren salbuespenen eremutzat har liteke. Finlandia da hango herrialdeen artean gehien sartu dena talde komunitarioaren egituretan; besteak beste, Danimarkak eta Suediak euroa ez erabiltzea erabaki baitzuten. Norvegiari eta Islandiari dagokionez, egoera desberdina izan da, kanpoan geratu baitira; Stefan Ganzle Agder Unibertsitateko irakasle albokoak uste du EBren auziak zatitu egin dituela bi herrialdeetako herritarrak: «1950eko hamarkadatik, auzi hori liskarbidea izan da».

Errealitate horrek azaltzen du, hain justu, talde komunitarioarekin adostu duten harremana: «Kontuan hartuta bi herrialdeak ez liratekeela gai izango gehiengo europazale bat osatzeko, Europako Ekonomia Esparrua da lankidetza formarik egokiena».

Iazko inkesta baten arabera, islandiarren %57,3 dago EBn sartzearen aurka; iritzi berekoak dira norvegiarrak, hirugarren erreferenduma egingo balute; horien artean, kopuru handiagoa da: %68.

Norvegian bi galdeketa egin zituzten iragan mendean, eta bietan ezezkoa gailendu zen; 1972koan, boto emaileen %53,5 agertu zen kontra, eta 1994koan, %52,2. «EBko kide izateari buruzko eztabaidak hitzordu horietan egon ziren, eta emaitzak ezagunak dira».

Ganzlerekin bat dator Osloko Unibertsitateko Jarle Trondal. «EEEk babesten du Norvegiaren eta Islandiaren merkatu bakarrerako sarrera, eta bi herrialdeentzat ezinbestekotzat jo da horren parte izatea, estatu horien ekonomia txiki eta irekiengatik. Norvegiak, esaterako, 130 bat arlotan sinatu ditu akordioak EBrekin. Horren ondorioz, Norvegia da talde komunitarioan gehien integratuta dagoen estatu kide ez den estatua. Gainera, horrek ahalbidetu du estatu kide izateari buruzko dikotomia lauso bilakatzea».

Zer-nolako begirada

Norvegiaren kasuan, herrialdearen historiak azaltzen du, hein batean, EBri buruz duen ikuspuntua. Estatua Schengen eremuko, EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkarteko —sortzaileetako bat izan zen— eta EEEko kide da, eta horrek ahalbidetzen dio pertsonen, ondasunen, zerbitzuen eta kapitalen zirkulazio askea izatea estatu kideekin.

Erasmus programan eta Frontex EBren mugen zaintzarako agentzian ere parte hartzen du, baina ez du integrazioan gehiago sakondu nahi izan: hori egiteak euren subiranotasunean eragina izango dutela uste dute herritarrek, eta hori izan zen arrazoi nagusia bi galdeketetan ezezkoaren alde egiteko. Herrialdeak independentzia 1905ean lortu zuen, Suediaren parte izateari utzi zionean, eta hori duela gutxi gertatu izanak jarrera bat errotu du: subiranotasun nazionalari eustea.

Bi herrialdeek badute puntu komun bat EBrekiko ikuspuntuan, ideia horrekin zerikusia duena, Trondalen ustetan: «EBren auzia periferia erdiko auzi bat da, non periferia paraleloen aurka mobilizatzen baitira erdigune sozioekonomiko, kultural eta geografikoak. Estatu kide izatearen galdera politizatzen bada, bereizketak herrialdea eta alderdi politikoak zatitzen ditu, eta horrek ezinezko bilakatzen du EBren parte izatea».

Islandiaren saiakera

Islandia izan da azkena Europa iparraldeko herrialdeen artean EBn sartzeko saialdia egin duena, duela gutxi gainera. Aurten, hamar urte bete dira hango gobernuak eskari formala egin zuenetik, 2008ko krisi gogorrak herrialdea jo eta urtebetera; gertakari horrek eragina izan zuen herritarrek EBrekiko zuten ikuspuntuan, eta, garai hartako egoerari aurre egiteko, askok irtenbidetzat jo zuten estatu kide bilakatzea. Hau da, islandiarrek euren estatuaren barne eta kanpo politika tradizionalak zalantzan jarri zituzten; ordu hartan, sozialdemokratek eta berdeek osaturiko koalizioa zegoen agintean, eta parlamentuak EBn sartzeko prozesua hastearen alde egin zuen, tarte txikiaz.

Negoziazioak hasi ziren, eta, bi aldeek hainbat arlotan aurrerapausoak egin zituzten arren, elkarrizketek okerrera egin zuten urteak pasatu ahala, 2013an guztiz blokeatuta geratzeraino.

Arrantzaren eta nekazaritzaren auziek sortu zuten liskarrik handiena, Islandiaren ekonomian garrantzi handia duten sektoreek. Horri gehitu behar zaio 2013ko bozetan gobernu aldaketa bat izan zela, eta Independentzia Alderdia euroeszeptikoa iritsi zela agintera, eskuineko beste alderdi batekin koalizioa osatuta.

Orduan, gobernu horrek behin-behinean eten zuen EBn sartzeko prozesua, eta 2015ean talde komunitarioari jakinarazi zion ez zuela estatu kide bihurtu nahi. Tartean, euroaren krisiak eta EBren barne arazoek herritarren iritzia aldarazi zuten, eta euroeszeptizismora itzuli ziren hainbat eta hainbat.

Islandia EFTAko, EEEko, Schengen eremuko eta errefuxiatuei buruzko Dublingo araudiko kide izatera mugatu da, eta, orokorrean, ez da Norvegia bezainbeste integratu talde komunitarioan.

Beraz, ez dirudi bi herrialdeek estatu kide bilakatzeko beste saiakerarik egingo dutenik. Trondalen iritziz, bi estatuek egungo statu quo-ari eutsiko diote, integrazio maila ezberdinak dituztelako, eta egungo egoera bi aldeei komeni zaielako. «Estatu kide gehienek barne bereizkuntzak dituzte, eta Norvegiak eta Islandiak batasunaren kanpo bereizkuntza irudikatzen dute». Ganzle ere uste berekoa da: «Etorkizuna EEEn eta horrek betetzen ez dituen arloei buruzko akordioetan egongo da oinarrituta».

Halere, ikusteko dago brexit-ak izango duen eragina, Europa iparraldeko bost herrialdeen aliatu historikoa izan baita Erresuma Batua. Irteera gauzatuz gero, Islandiak eta Norvegiak berrikusi beharko dute EBrekiko eta Erresuma Batuarekin dituzten harremanak; brexit-aren prozesuan agintariek orain arte adierazitakoa kontuan hartuta, badirudi Europa iparraldeko herrialdeek lehentasuna emango diotela talde komunitarioarekiko lankidetzari, eta ez Londresekikoari.

Horrek esan nahiko du aliantza berriak egin behar izatea, Erresuma Batua izan baita orain arte EBn izan duten aliaturik garrantzitsuena. Hortaz, egoera zail batetik ahalik eta posturarik onuragarriena atera beharko dute.

Bihar: Suitza (IV).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.