Europako Batasunaren eremua koloreztatuta duten mapetan zulo handi bat bereizi ohi da, EBren koloreak eta Adriatiko itsasoak inguratuta. Balkanetako sei estatuk osatzen dute zulo hori, eta mapa batean kolorez irudikatutakoa ez ezik, zulo politiko handi bat da EBrentzat, gaur egun daukan handiena. Izan ere, batasunak kontinenteko mapan dituen bertze hutsune gehien-gehienek ez bezala, Balkanetako estatu horiek denek EBko kide izan nahi dute, baina Bruselak ez du pauso erabakigarririk eman haien borondatea betetzeko. Estatu horien elite politikoaren eta herritarren zati handi baten desioa da EBn sartzea, uste baitute haien herrialdeen egoera politikoa, soziala eta ekonomikoa hobetuko direla horrekin. Aurreikuspen baikorrenek, ordea, 2025eko data dute. Gutxienez ordura arte jarraitu beharko dute EBren koloreak inguratutako zuloa izaten.
2003an Europar Kontseiluak goi-bilera batera gonbidatu zituen Mendebaldeko Balkanetako buruzagiak, Tesalonikan (Grezia). Herrialde horiek batasunean integratzeko adostasunaren abiapuntua izan zen hura, baina, ordutik, soilik Eslovenia (2004) eta Kroazia (2013) bihurtu dira EBko kide. Estatu horien eta integrazioaren arteko eztabaida aurtengo uda hasieran egon da puri-purian. Ekaina bukaeran urtero egiten den Europar Kontseiluari begira, Albaniak eta Ipar Mazedoniak itxaropena zuten EBko estatuetako agintari gorenek baiezkoa emanen ziotela batasuneko kide bihurtzeko negoziazioak hasteari, baina, bertze behin, ez zen halakorik gertatu.
EBk hainbat erreforma egiteko exijitu zien bi herrialdeei, bertzeak bertze egitura politikoak eta judizialak Bruselaren nahietara aldatu zitzaten, eta Europako Batzordeak udaberrian ontzat jo zuen horien garapena. «Arazoa EBko herrialde batzuek dituzten eragozpenetan dago, bereziki Frantziak eta Herbehereek paratu zituztenetan», azaldu du Tena Prelec ikerlariak. «Haien etxeko kontuei lotuta dago. Errate baterako, EBko politikariak kezkatuta daude EBren hedapenak kalte eginen ote dion haien alderdien babes mailari. Eta Herbehereen kasuan, uste dute herrialde txikia direnez soilik negoziazioak hasteko prozesuan izanen dutela eragina, baina hori pertzepzio oker bat da, EBko estatu guztiek baitute zeresana bat egiteko negoziazioen azken txanpan».
"EBko politikariak kezkatuta daude EBren hedapenak kalte eginen ote dien haien alderdien babes mailari"
Tena Prelec. Balkanetan aditua
London School of Economics-en eta Sussex-eko Unibertsitatearen Balkanetarako aditua da Prelec —Ingalaterrako akademiak, biak—. Uste du Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren bat egite prozesuek «oinarrizko inportantzia» izanen dutela EBren hedapen politikaren etorkizunean.
Ipar Mazedoniaren izena
Ipar Mazedoniaren kasua, errate baterako, paradigmatikoa iruditzen zaio. Independentziaz geroztik (1991) Greziarekin izan duen gatazka diplomatikoa konpondu zuen iaz, herrialdeari izena aldatu eta konstituzioan Greziak irredentistatzat jotzen zituen pasarteak kenduz. Horren truke, Atenasek betoa kendu zien EBn eta NATOn sartzeko prozesuei. «Azkeneko presidentetzarako hauteskundeetatik [iragan maiatzean] ikusi da agintean dagoen koalizioak babesa galdu duela horregatik. Hori guztia [Greziarekin eginiko akordioa] egin zen herrialdeak EBrantz hurbiltzeko zuen aukera desblokeatzeko. Perspektiba hori zapuztuko bada, ondorioak herrialdetik kanpo ere nabarituko dira, eremu osoan».
Albaniako bi herritar botoa ematen joan den ekainaren 30eko udal hauteskundeetan, Tiranan. MALTON DIBRA / EFE
Albanian dago EBrekin bat egitearen inguruko kontsentsurik handiena, baina hango alderdi politikoak batzen dituen gai gutxitako bat izanen da hori, uda hasieran gobernuaren eta oposizioaren artean sortu zen krisi larriak erakutsi zuen bezala. Oposizioak boikot egin zien udal hauteskundeei, eta Edi Rama lehen ministro sozialistak eta haren arerioek elkarri leporatu zioten Europar Kontseiluak negoziazioen hasierari buruzko erabakia gibelatu izana. Udazkenerako utzi dute auzia 28 estatuek, eta Prelecek uste du erdibideko erabaki bat hartuko dutela. «Bati utziko diote negoziazioak hasten, eta bertzeari hurrengo bilera sortara arte itxaroteko eskatuko diote».
Bat egiteko negoziazioek paratzen dute hautagai bat batasunerako bidean, baina ziurtasunik gabeko bide bihur liteke, baita ikaragarri malkartsua ere. Serbiarena da horren adibide bat. 2014an hasi zituen negoziazioak, eta Mendebaldeko Balkanetako sei estatuen artean aukera onenak dituena da. Negoziatu behar dituen 35 ataletatik bi ditu itxita, eta bertze hemeretzi orain ari dira negoziatzen. Hala ere, 2025a da eman dioten eperik goiztiarrena, eta gaur-gaurkoz gainditzeko ia ezinezkoa dirudien traba bat du bidean: Kosovorekin duen gatazka. Serbiak oraindik probintziatzat dauka Kosovo, eta EBko bortz estatuk ere ez diote independentzia onartzen —2008an aldarrikatu zuen—, baina Bruselak exijitu die «harreman normalak» izatea batasuneranzko integrazio prozesuarekin jarraitu nahi badute.
Tentsioaren hazkundea
Iazko abuztuan jakin zen bi herrialdeetako agintariak lurralde trukeak egitea aztertzen hasi zirela; hain zuzen, Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak eta Hashim Thaci Kosovokoak Austriako Alpbach hiriko foroan parte hartu baino egun batzuk lehenago. «Vucicek eta Thacik parte hartu zuten eztabaida bateko hizlarien artean nengoen», kontatu du Prelecek. «Eztabaidaren izenburua zen: EBren hedapenaren aukera berriak. Baina eztabaida bideratu zen pare bat hamarkada gibelerago eramaten gintuen gauza batera: etnien araberako lurraldeen banaketara. Nahiz eta ez zen esplizituki aipatu, argi zegoen bi lider politikoek aipatu zuten ‘akordioak’ lurralde trukeren bat biltzen zuela. Une horretatik aitzinera, EBren hedapenari buruzko eztabaida gehienak Serbiaren eta Kosovoren arteko harremanean zentratu ziren, bertze gai inportante batzuk baztertuta gelditu ziren bitartean».
Aleksandar Vucic Serbiako presidentearen aurkako manifestazio bat, Belgraden, joan den apirilean. / Srdjan Suki, Efe
Prelecek zehaztu du Alpbacheko foroaren ondoren hasi zela okertzen bi gobernuen arteko harremana. Iazko azaroan, Interpol Poliziaren nazioarteko erakundeak ez zuen onartu Kosovoren bat egiteko eskaria, eta Serbiak garaipen diplomatikotzat aldarrikatu zuen. Pristinak Serbiako produktuei tarifak ezarrita erantzun zuen, eta abenduan Kosovoko Parlamentuak armada bat sortzeko legea onartu zuen. Horrek guztiak azken urteotako mailarik okerrenera handitu du tentsioa. Armada sortzeko erabakiak AEBen babesa izan zuen, eta EBk epel erantzun zuen. Tarifen auzian, ordea, biek kritikatu zuten Kosovo, eta horiek kentzeko eskatu zioten. «Hori erratea, egitea baino errazagoa da, ordea», Balkanetako ikerlariaren ustez. «Kosovoko herritarren artean babes handia izan du tarifak ezartzeko erabakiak, Serbiaren jarrera harrotzat dutenari egindako desafio ekintza baten gisan ikusten baitute, eta, hortaz, tarifak kendu nahi dituen edozein politikarik kostu politiko handi bat jasatearen truke egin beharko du».
EBra sartzeko sailkapenean Kosovo da aukera gutxien dituena, bortz kidek ez dutelako estatu independentetzat onartzen. Azken aurrekoa Bosnia eta Herzegovina da, hango gerra bukatu zuten Daytongo Akordioez geroztik (1995) etnia nagusien arteko oreka zail batean oinarritzen baita haren funtzionamendua, eta sakoneko arazo larriak ditu: batasun politiko eza, ustelkeria indize handiak eta egoera ekonomiko larria, bertzeak bertze. Iazko hauteskunde orokorretan hiru etnia nagusien —bosniaken, serbiarren eta kroaziarren— hautagai nazionalistenak nagusitu ziren, eta giroa anitz zakartu zen. Bosnia eta Herzegovinak 2016an egin zuen EBko kide izateko eskaera, eta erantzunaren zain dago.
Bosnia eta Herzegovinako poliziak Kroaziako mugan, iazko urriko irudi batean. / Fehim Demir, EFE
Mendebaldeko Balkanetan biztanle gutxien dituen estatua, berriz, Serbiaren maila berean kokatuta dago rankingean, 2025ari begira. Montenegro paper gainean garapen handia izan duen bertze herrialde bat da, baina garapen hori zenbaterainokoa izan den zalantzagarria da», erran du Prelecek. «Buruzagitza politiko berdina egon da boterean azken hiru hamarkadatan, eta bezerokeria eta ustelkeria politikoa erruz gertatzen dira». Serbian Vucicen aurka gertatu bezala, Montenegron ere manifestazio handiak egin dituzte aurten Milo Djukanovic presidentearen aurka. Prelecen arabera, oposizioaren zati bat NATOren aurkakoa denez —Montenegro 2017tik da aliantza militar atlantiarreko kide—, Mendebaldeko liderrek maiz «errusiazale» erranda «gutxiesten» dute oposizio osoa.
Balkanetako eragileak
Europa erdiko eta ekialdeko estatuak dira Mendebaldeko Balkanek EBn dituzten aliatu handienak, baina hori ez zaie nahikoa izan Bruselatik konpromiso irmoagoak lortzeko. Hala ere, Mendebaldeko Balkanak ez dira zain egote hutsarekin konformatu, eta bertzelako ekonomia handiekin harremanak landu dituzte. Errusia, Txina eta Turkia dira horiek. EBko agintari batzuek, jendaurrean adierazi dute kezka herrialde horiek eremuan duten eraginarengatik, baina horrek ere ez du eragin Mendebaldeko Balkanetako sei estatuen integrazioa bizkortzeko borondaterik. «EB ez bada gai haren eragina nabarmenki ezartzeko hurbilen duen eremuan, EBko estatuek guztiz inguratzen duten batean, nola pentsa dezake atzerri politika bateratu bat eduki dezakeela?», galdetu du Prelecek.
Balkanetako adituaren iritziz, sei estatuen integrazio prozesua bermerik gabe gehiago gibelatzen bada, honakoa izanen da haien etorkizuna: «Herritarrek itxaropena galduko dute EBn sartzeko prozesuan, indar nazionalistak sustatuko dira, eta EBkoak ez diren eragileak azkartuko dira».
Kronologia.
1995. Jugoslavia desegin zuten lehenbiziko gerrak hasi ziren. Albanian estatu sozialista desegin zen.
2002. Montenegro eta Kosovo euroa erabiltzen hasi ziren, Jugoslaviaren parte zirenean.
2004. Eslovenia EBn sartu zen, Jugoslaviako zati ziren errepubliketan lehena.
2005. Mazedonia kide izateko hautagaitzat onartu zuen EBk.
2007. Serbiak eta Montenegrok Elkartze eta Egonkortze akordioak sinatu zituzten EBrekin.
2009. Schengen eremuko herrialdeetan ibili ahal izateko bisak eskuratu zituzten serbiarrek, montenegroarrek eta mazedoniarrek.
2010. EBko kide izateko hautagai bihurtu zen Montenegro. Schengen eremuko herrialdeetan ibili ahal izateko bisak eskuratu zituzten albaniarrek eta bosniarrek.
2012. EBko kide izateko hautagai bihurtu zen Serbia. Negoziazioak hasi ziren Montenegrorekin.
2013. Kroazia EBn sartu zen.
2014. EBk kide izateko negoziazioak hasi zituen Serbiarekin. Albania hautagaitzat onartu zuen.
2015. Bosnia eta Herzegovinaren eta EBren arteko Elkartze eta Egonkortze akordioa indarrean sartu zen.
2016. EBk eta Kosovok Elkartze eta Egonkortze akordioa sinatu zuten.
2019. EBk Ipar Mazedoniari eta Albaniari esan zien urrian erabakiko zuela kide izateko negoziazioak hasi ala ez.
Bihar: Iparraldeko eredua (III).