Behe lainorik eta zirimirik ez. Ekaitz laburrak, eta indartsuak. Lehorteak. Mendietan eta lautadetan larre gutxiago. Ur emari txikiko ibaiak eta errekak. Adituen ustez, Euskal Herriko barnealdeak eta mendialdeak geroz eta antz handiagoa izango dute Mediterraneo aldeko herrialdeekin.
Nagusiki, beroan nabarituko da aldaketa. Iragarpenen arabera, mende amaierarako, tenperatura maximoek lau-bost gradu egingo dute gora, eta minimoek, hiruzpalau. Udan, ohikoagoak izango dira 35 gradutik gorako egunak eta 20tik gorako gauak. Neguak ere, beroagoak eta lehorragoak. Eta horrekin, aldaketa asko. «Klima aldaketaren gakoetako bat da tenperatura, atmosferaren dinamika aldatzen baitu. Dena dago elkarri lotua», azpimarratu du Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Klima Aldaketako zuzendariak.
Gaur egun, eta batez besteko historikoa kontuan hartuta, gradu bat igo da tenperatura Euskal Herriko barnealdean eta mendialdean, eta eragina nabari da. Adibidez, eurian. Aurreikuspenen arabera, urte osoan gutxiago egingo du: neguan urritu, eta udazkenean maizago izango da. Udan, erdira murriztuko dira euri egunak, baina ekaitz gogorragoak izango dira. Euri jasak ugarituko dira: %5-20 gehiago. Zuluetak azpimarratu du mendialdean izango dela nabariagoa.
Diagnosi horrekin bat dator Maribel Gomez, klima aldaketari egokitzeko RedNels Nafarroako udal sareko koordinatzailea. Tafalla aldean uztail hasieran izandako ekaitza jarri du adibide gisa. «Muturreko gertakaria izan zen, eta ezin izan zuten aurreikusi. Geroz eta ohikoak izango dira halakoak». 2007an, 2011n eta 2014an Baztanen eta Ipar Euskal Herrian izandako uholdeak ere gogoratu ditu. «Orain, denbora gutxiagoan gertatzen dira halakoak: hiru urtean behin, gutxi gorabehera».
Olibondoak Araban
Adituek diote beroak eta ekaitzek eragin nabarmena izango dutela Euskal Herriko barnealdeko eta mendialdeko natura ondarean: aldatu egingo direla hainbat ekosistema. Eta horien ondorioak, besteak beste, nekazaritzan eta abeltzaintzan nabarituko direla.
Zuluetak uste du beroaldi eta lehorteen eraginez egungo nekazaritza eredua eta laboreak aldatu beharko direla. Barnealdean ugariagoak eta gogorragoak izango dira ekaitzak, eta zoruen materia organikoak galtzea eta lurra gazitzea ekarriko dute. «Lur horiek geroz eta txarragoak izango dira nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzeko».
Arabako Errioxako mahastiak aipatu ditu adibide gisara. Haren ustez, klima aldaketaren eraginez, oraingo tokietatik «mugitu» egin beharko dituzte, «goragoko eremuetara» eraman; eta mahastiak zeuden lekuetan, esaterako, olibondoak jarri. Gari edo garagar lekuen kasuan uste du aldatu egin beharko dela landatzeko garaia. «Nekazari eta abeltzainek egonkortasuna nahi dute, baina aldaketak datoz. Neurriak hartzen hasi behar gara denon artean».
Mahastiekin zer gertatuko den irudikatzeko, beste adibide bat jarri du Gomezek: pagoak. Hego isurialdean eta Pirinioetan jadanik hasi da desagertzen behe eremuetan, eta 1.000 metrotik gora hasi da azaltzen. Mugimendu horiei aurre egiteko, uste du «ahalegin berezia» egin behar dela lekuan lekuko espezieak beren latitudeetan euts diezaioten. «Horretarako, errotik aldatu beharko litzateke egun daukagun basogintza eredua».
Basoak arriskuan
Adituek azaldu dutenez, lurra lehortzeak eta basoek gora jotzeak eragina izango dute abeltzaintzan ere: larre batzuk «mugitu» egin beharko dituzte, eta beste batzuk «desagertzeko arriskuan» jarriko ditu klima aldaketak, bereziki hegoaldekoak. Ordea, ipar isurialdeko larreek, Nafarroa Beherekoek eta Zuberoakoek bereziki, hobeto eutsiko diote, Gomezen ustez.
Baso kudeaketan ere aldaketak espero dituzte bi adituek. Ohartarazi dute izurriteak eta gaixotasunak ugaritu egingo direla. Pinuen adibidea jarri du Zuluetak, xingola marroiarena. Aitortu du «lotura zuzena» dagoela onddo hori zabaltzearen eta klima aldaketaren artean. «Onddoa duela urte batzuk hasi zen agertzen, eta azken urtean neguko egoera atmosferikoagatik nabarmendu da: tenperatu altuak eta euri gutxi».
Bada beste adibide bat: ezpeldiak. Baztanen «ia akabatu» egin dira, Asiako tximeleta batek erasanda. Gomezek ohartarazi du kanpoko agente patogeno eta biologikoen erasoak geroz eta ugariagoak izaten ari direla basoetan eta landaguneetan. «Aurre egiteko, prebentzio neurriez eta erne egoteaz gain, praktika ekologikoagoak landu beharko lirateke».
Zuluetak ere uste du «berandu baino lehen» aldatu beharko dela basogintza ulertzeko era. «Daukagun ereduak, pinuaren eta eukaliptoaren monolaborantzarenak, ez du balio. Orain ikusi ditugu ondorioak. Espezie bati kaltea egin, eta sektorea jausi egin da».
Horrekin bat dator Gomez, eta nabarmendu du aurrera begira «kontu handia» izan beharko dela hemengoak ez diren espeziak landatzean. «Ura hain beharrezkoa ez duten espezieak lehenetsi behar dira; beste batzuk sartuz gero, itzala eta hezetasuna sortzeko gai direnak, hemengo bioaniztasuna garatzen laguntzen dutenak; denak lotura baitauka».
Ibaietan, adibidez. Egungo basogintza ziklo hidrikoan «kalte handiak» eragiten ari dela azpimarratu dute bi adituek. Zuluetak azaldu duenez, pinua eta eukaliptoa landatu eta berehala mozteko espezieak direnez —zorua atmosferarekin lotura etengabean egoten da—, ura hartzeko gaitasuna galtzen du lurrak, prozesua gutxika egitea ahalbidetuko lukeen biomasarik ez duelako. «Atmosferatik itsasorako bidea azkarragoa egiten du. Duela ez asko, hamar-hamabost eguneko prozesua zen, eta orain, bi egunekoa. Euri kantitate antzekoak ditugu, baina gutxiago dugu eskuragarri, berehala galtzen dugulako; eta ibaien ur emariak ere txikiagoak dira ekaitzak ez daudenean. Ditugun mendi zoruak, gainera, ez dira gai ekaitzen urak hartzeko, eta uholdeak gertatzen dira».
Hortaz, Zuluetarentzat, funtsezkoa da zorua babestea. «Zoruak hartzen du karbonoa eta kudeatzen du ura». Biomasa behar da horretarako, eta «egokienak» baso mistoak eta luzarokoak dira. «Agian, horrek ez du bat egiten basogintzako sektore ekonomikoaren helburuekin, baina bilatu beharko da era: adibidez, konpentsazioak ematea pinua eta eukaliptoa ez diren beste espezie batzuk landatu eta zaintzeagatik».
Basoarekin lotutako beste bi arriskuri buruz ohartarazi du Gomezek: luiziak eta suteak. Baterako zein besterako babes eremuak handitu behar direla dio. «Ibaien urak ingeniaritza bidez bideratzeko ideia birpentsatu beharko genuke». Suteak prebenitzeari dagokionez, abeltzaintzaren garrantzia nabarmendu du. «Itzuli beharko ginateke hedadurazko abeltzaintzara, abeltzaintza ekologiko eta jasangarriagora. Horrek, besteak beste, mendiak garbi mantentzen lagunduko luke».
Hegazti gutxiago
Klima aldaketak hainbat ekosistema aldatzea ekarriko du, eta horrek, halaber, animaliengan eragin zuzena izango du. Hala ohartarazi dute bi adituek. Jada hasiak dira aldaketa batzuk nabaritzen. «Kanpoko animalia batzuk gurean dauzkagu, eta hemengo hainbat galtzen ari gara». Hegaztien kasua nabarmendu du Zuluetak. «Gure basoetako hegaztien aniztasuna asko murriztu da; eta kopuru aldetik ere gutxiago ditugu».
Igarobideko hegaztietan ere nabari dituzte joera berriak, ustez klima aldaketak eraginak. «Duela 30 urte Euskal Herritik pasatzen ziren hegazti batzuek beste ibilbide bat hartzen dute orain, eta pasatzen ez ziren beste batzuek hemen egiten dute egonaldia». Baso eta hezeguneetako espezie galera aipatu du aldaketa horren arrazoi nagusien artean, eta, horrekin lotuta, intsektuena. «Espezieen %40 inguru galdu dugu».
Bioaniztasunaren galera barnealdeko eta mendialdeko ibaien kudeaketarekin lotu dute bi adituek. «Orain arte, ubidea kudeatu da, baina arro osoa hartu behar da kontuan», ohartarazi du Gomezek. Zuluetak azaldu du barnealdean ohitura izan dela ibaiertzeko landaredia eta zuhaitzak moztea, laboreak jartzeko. Horrek «eguzkiaren menpe» jarri ditu ibaiak, uretako oxigeno kopurua igo du, eta ibaietako bioaniztasuna gutxitu. Ohartarazi du galera hori areagotu egin daitekeela. «Erriberetako landarediak funtzio garrantzitsua du, uraren tenperatura orekatzen baitu; hori gakoa da bioaniztasunari eusteko eta kalitate oneko ura emateko: bai edateko, bai nekazaritzarako».
Aldaketa horiek guztiak ikusita, ekiteko garaia dela uste dute adituek: «Argi izan behar dugu klima aldaketa etorri dela eta hemen geldituko dela luzarorako», adierazi du Gomezek. Horrekin bat dator Zulueta: «Ez gara konturatzen biziaren zikloak oso luzeak direla. Orain martxan jar ditzakegun neurrien ondorioak ez ditugu nabarituko ehunka urtera arte. Gizakiok ez gaude errealismo asko onartzeko prest. Baina planetak jarraituko du, gurekin edo gu gabe».
Bihar: Bioaniztasuna.
Barnealdea eta mendialdea
Mediterraneoa, gertuago
Tenperaturaren gorakada, euri gutxiago eta ekaitz gehiago, eta uholdeen arriskua. Horiexek dira adituek 2100. urterako eginiko aurreikuspenak Euskal Herriko barnealde eta mendialderako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu