Navaridas

Navaridas

Geodibertsitate handiko gunea da Euskal Herria. Navaridasko aintzira da toki oparo horietako bat: interes geologiko eta geomorfologiko handia dauka, eta endorreismoarekin dago lotuta.

Navaridas herrian emango zaio hasiera ibilbideari. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
2020ko uztailaren 21a
16:30
Entzun

Ur isuri umileko aintzira endorreiko bat dago Navaridas inguruan (Araba). Hegaztiak, anfibioak eta odonatuak bertaratzen dira oasiaz gozatzeko.

Navaridas herria Toloño mendilerroaren begiradapean dago, Guardia sonatutik hurbil. Jakina denez, mahasti berdeek kolonizatzen dituzte Errioxako bazterrak, eta, zuhaixken antzera, zut daude han eta hemen, hosto zabal berdeak haize epelaren mesedetan. Gaur egun paisaia bikaintzat jotzen badute ere, artadi ilunak zoko-moko gehienak estaltzen zituen behiala. Aspaldiko paisaiaren lekukoa herriaren mendebaldean ikus daiteke oraindik. Izan ere, Villabuena udalerriko muga-mugan, artadi geometriko batek ederki janzten ditu mazela otzanak. Adar motz, astun eta bihurrituak lehorrera begira daude. Baina, akaso, denak ez. Basoaren magalean, ordea, aintzira obal bat dago, eta huraxe inguratzen duten mahatsondoen hostoak ximur-ximur eginda hari begiratzen diote. Akaso, begi bazterraz eta inbidiaz. Ez da harritzekoa: hanka punttak bustitzearen kariaz, gero eta hegazti gehiago biltzen dira urmaelera, uraren hozberoa neurtzeko ahaleginean ibiliko balira bezala.


 

 

Navaridasko aintzira endorreismoarekin dago lotuta. Kanporanzko drainatze sistemarik ez du, hortaz. Aintzira guztiek amets bat izango balute, itsasoarekin bat egitea litzateke. Zalantza izpirik gabe. Arrazoi geologikoak tarteko, Errioxakoari ozeanorako ibilbidea erabat itxi zitzaion aspaldi, kareharriz inguratutako harresi batek mugatua duela ilusioa. Gabezia horrek eragin zuzena dauka hezegunearen jokaeran. Interes geologiko eta geomorfologikoa bistan da, beraz. Eremu lauen ugaritasuna, estratuen gogortasunaren diferentzia eta haize egoskorraren eragina direla eta, oso itxura ederreko sakonuneak eratuz joan dira han eta hemen. Higadura gertakarien ondorioz, aintzira batzuk biribilak dira; beste batzuk —Navaridaskoa, esaterako—, luzangak.

Kohete etxola Navaridasko artadiaren bazter batean agertuko da.
Kohete etxola Navaridasko artadiaren bazter batean agertuko da. Josean Gil-Garcia

Navaridaskoa bezalakoak ugari ziren eskualdean. Ikerlarien aburuz, 50 baino gehiago. Nonbait, naturaren hizkuntza ikasi ordez, antzinako hizkuntza ahaztu omen zitzaien bizilagunei eta hezegune asko desagertu ziren betiko. Navaridaskoari halako zerbait gertatu omen zitzaion.

Dena dela, euriak oparoak direnean, ur isuriak kubetan metatzen dira, eta hiru hektarea inguru bustitzen dituzte. Urak guztiz hartzen baititu bazterrak, zingirako landaretzak kolonizatzen du ordokia. Inora joan ezinik, egunak ez zaizkio aspergarri egiten aintzirari. Izan ere, Guardiako Biotopotik, Nafarroako Las Cañas aintziratik nahiz Ebro ibaitik hegazti saldoak etortzen dira ur isuriari kilimak egitera. Baina odonatuak eta apoak, besteak beste, badira hezeguneaz eta lezkadiaz bapo aprobetxatzen dakitenak. Ibilbidean barrena ikusiko diren lau putzu xumeek, gainera, areagotu egingo dute biodibertsitatea.

Villabuena udalerriko muga-mugan, artadi geometriko batek ederki janzten ditu mazela otzanak

 

Santa Eulalia nekropolia

Navaridas inguratzen duen natura oparotasuna ezagutzeko, Lezara doan errepidearen bazterrean utziko du ibiltariak bere autoa, San Joan Ortegako baseliza parean. Uraska kalean gora ekin, herrian sartu eta, elizara jo gabe, Izpiliku plazara helduko da. Plazan, ezkerrera okertu eta, Guzman Aldazabal upategiaren eretzetik igarota, Errioxako GR bideak eskuinaldera eramango du oinezkoa. Hala, minutu gutxiren buruan, lepo xume batera helduko da. Ezkerrera egingo du han, eta Toloño mendilerroari begira jarriko da. Bideak banatzean, ezkerreko bide zabalari heldu eta Navaridasko Bide Berdeari men egingo dio oinezkoak. Segidan, Lezara doan nekazari bidea bazter eginda, mendebalderantz bideratuko ditu pausoak. Noranzkoa aldatu gabe jarraituko du, eskuin-ezker egin gabe. Talaia muinoaren albotik igaro eta berehala, Leza eta Navaridas herriak lotzen dituen errepidera iritsiko da.

 

Anfibioentzat eta intsektuentzat hezegune batzuk eraiki dira Navaridas inguruan
Anfibioentzat eta intsektuentzat hezegune batzuk eraiki dira Navaridas inguruan.Josean Gil-Garcia

Ezkerrera eginda, ehunen bat metro egingo ditu bisitariak errepide bazterretik. Errepideaz beste aldean, Santa Eulalia nekropolia bisitatzeko aukera ematen duen bidea ikusiko du. Beraz, errepidea gurutzatu eta muinoaren gainaldean Erdi Aroko herrixkari dagozkion hobi antropomorfiko ugari ikusiko ditu. Den-denak harrian zulatuta. Bisita egin ostean, bidean behera egin eta, asfaltoa ukitu gabe, eskuinera hartuko du. San Joan Ortegako baselizatik datorren bidearekin bat egitean, eskuinera biratu eta artadirako bidea bazter eginda, eskuineko pistari men egingo dio. Mantso-mantso, Navaridasko aintzirara helduko da. Aspaldiko hustubidea gurutzatuta, Aranzadi natur zientzietako elkartekideek eraikitako ur-putzu edo hezegune batera helduko da.

Hegaztiak, anfibioak eta odonatuak bertaratzen dira Navaridas inguruko aintzirara, oasiaz gozatzeko

 

Aurreragoko bidebanatzean, ezkerrera hartu eta ibilian jarraituko du oinezkoak, betiere hezegunearen kubeta inguratzeko asmoz. Ezkerrera joko du berriz, berehalaxe. Pinu deigarri bat ikusiko du han, bide bazterrean, ezin hobea den parajeaz gozatzeko jarrita egongo balitz bezala. Villabuenako bidearekin bat egitean, ezkerretik segi eta sakonunea inguratzeari eutsiko dio. Ibilian-ibilian eskuinera hartuko du hurrengo bidebanatzean, eta Navaridasko ur putzuak dauden tokira joko du zuzen-zuzen. Besteak beste, interesgune hauek ikusiko ditu han bidaiariak: intsektu onuragarrientzako hotela, intsektu polinizatzaileentzako lorez aberasturiko gunea eta anfibioentzako hiru hezegune ekologiko.

Mahatsondoek sortutako itsasoan barrena ibiliko da bisitaria.
Mahatsondoek sortutako itsasoan barrena ibiliko da bisitaria. Josean Gil-Garcia

Ataka xume batera igo ostean, ezkerrera joko du bisitariak, eta, bide nagusiari jarraikiz, egundoko paisaiaz gozatzeko aukera izango du. Une batez, ureztatzeko aho edo hidrante bat agertuko da bide ertzean. Nekazari bidea lagatzeko unea izaki, artadian barrena doan xendari jaramon egingo dio, ezkaiak, izpilikuak, erromeroak eta ipuruak lagun. Pista nagusira berriz irtenda, ezkerretik segitu eta, bideak banantzen direnean, eskuineko bideari ekingo dio pitin bat. Bide bazterrean Kohete izeneko harrizko etxola ezaguna agertuko da artadiaren ertzean. Etxolan ezkerrera egin eta, Castejon muino historikoa aurrez aurre delarik, Navaridaserako bideari oratuko zaio.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (II): Urdaibai.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.