Bizkaitarra da Irati Eguren Arruti ilustratzailea: 1981ean jaio zen Durangon, badira lau urte Elorrion bizi dela, eta pasatu den ikasturtean Berrizen eman ditu irudigintza eskolak. Gaztetan arkitektura ikasi ondoren, Arte Ederretan masterra egin zuen. Urtzi Reguero Ugarteren kontakizun bat ilustratzen dihardu orain, eta Tupust kolektiboaren bigarren argitalpena ikusteko desiratzen dago.
Irati Eguren, Elorrion, etxeko belardian. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Noiz hasi zinen marrazten?
Ez naiz gogoratzen. Oroitzapen asko ditut, ni txikitan marrazten ari naizela. Ez diot marrazteari sekula utzi. Uste dut horregatik hartu dudala lanbide hau.
Eskuz egiten dituzu lan guztiak?
Bai, baina inbidia moduko bat sortzen dit lan digitalak. Irudiak eskuz egiten ditut, kapa bat aurrena eta gero bestea; eta muntatzea ordenagailuan osatzen dut azkenean. Teknika mistoa da: analogikoa eta digitala.
Zein tokitan lan egiten duzu?
Etxean daukat estudioa, ganbaran. Lehen coworking toki batean aritu nintzen, baina neure burbuilaren premia neukan.
Lehenengo argitalpena zein izan zen?
Weberako irudiak, kartelak, fanzineak, liburu azalak egin nituen aurrena. Lehen album ilustratua 2016an egin nuen: Bainera bete itsaso, Miren Amurizak idatzia eta Elkar argitaletxeak plazaratua. Durangoko Arteka liburu dendan lamina batzuk salgai neuzkan; Mirenek haietako bat erosi zuen, eta konturatu zenean nik egindakoa zela, lehendik lagunak ginenez, bururatu zitzaion album bat egin genezakeela elkarrekin.
Beste lan batzuk ere badituzu...
Leire Bilbaok idatzitako Egunpasa ederra (2020) ipuina ilustratzen ondo pasatu nuen. Tupust kolektiboek komiki albuma egin genuen 2019an Txalapartarekin. HAEEkoek Teresa del Valleri egindako elkarrizketa baterako irudiak ere egin nituen. Aurten Patxi Zubizarretaren Oraina inoiz ez zen hain etorkizuna izan ipuinari egin dizkiot.
Ttap aldizkaria. 2021eko ekainaren 11. Irati Eguren Arruti
Zein lan egiten diharduzu orain?
Urtzi Reguero Ugarteren ipuin batentzat lanean ari naiz. Elkar argitaletxeak aterako du.
Udazkenean baduzu ikastaroren bat, ezta?
Durangoko liburutegian ilustrazio tailerra egingo dugu Maite Gurrutxagak eta biok. Bi hilabeteko iraupena izango du; astean behin, denera zortzi ekitaldi.
Zein estilo maite duzu?
Gustatzen zaizkidan ilustratzaileak dira: ez errealistak, akatsak ere erakusten dituztenak, akatsak dohain bihurtzen dituztenak.
Eta zein gai?
Une honetan, gizakia. Gehienetan emakumea. Baina batzuetan generorik gabekoak irudikatzen ditut.
Zein tresna erabiltzen dituzu gehien?
Arkatza beti erabiltzen dut. Eta harekin nahasten dut ondoren akuarela, argizaria, gouache. Collageak ere egiten ditut.
Kaier asko dituzu margoturik?
Bai. Prozesu hori asko gustatzen zait: ideia bat garatzeko zirriborroak egitea. Poltsa barruan beti eramaten dut formatu txikiko koadernoren bat.
Oraina inoiz ez zen hain etorkizuna izan. Ipuina, 2021.. Testua: Patxi Zubizarreta
Zein estilotan aproba egin nahi zenuke?
Olioarekin esperimentatzeko gogoa dut. Geldoagoa da sikatzeko. Ezaugarri horregatik jokatu behar duzu beste era batean.
Zein lanek eman dizu satisfazio gehien?
Kartelak egitea asko gustatzen zait. Esate baterako, Dorleta Kortazar ipuin kontalariaren 80amandre kontakizunarentzat egindakoa 2019an. BERRIAn egiten dudanarekin ere oso kontentu nago; serie moduko bat da, estilo berean, kolore gama batekin...
Zein izan da enkargu bitxiena?
Tatuaje bat diseinatuko dut urrian. Eta enkargu bereziena izan da, gure eskualdean baso eskola bateko jolaslekua diseinatzea. Oraindik ez da gauzatu; baina nork daki, beharbada noizbait...
Jakin dut Tupust kolektiboak argitalpen berria egingo duela.
Udazkenean argitaratzea da asmoa. Autoedizioa izango da bigarren zenbakia. Lehenaren gaia izan zen Ni, eta orain izango da Zu. Tonu bikoa egingo dugu hau ere, bi kolorez.