Tabuak zintzilik daude argazkien paretetan

Tabuak zintzilik daude argazkien paretetan

Mundua borroka betean zegoen duela mende erdi. Euskal Herrian ere bazen hainbat aje astindu nahia. Atzerrian kokatuta daude 'Elsa Scheelen' eta 'Egunero hasten delako', Euskal Herrian arbuiatu ohi ziren gauzak egiten ageri dira nobelotako bi protagonista nagusiak. Horrek arrastoa utzi zuen garaiko irakurle andrazkoengan. Baita gerokoengan ere.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abuztuaren 29a
13:25
Entzun

Saizarbitoriak eta Txillardegik apustu egin zuten, zeinek nobela lehenago idatzi. 1966ko abendua izango zen, 29 edo 30. Txillardegik ez zeukan Hegoaldera etortzerik, eta harengana joan ginen. Esango nuke Zeruko Argia aldizkarian Gazte Naiz sailean genbiltzanak ginela: Ramon [Saizarbitoria], Ibon [Sarasola], ni neu, eta Mikel Lasa ere bai, seguru asko». Mari Karmen Garmendiak (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1947). Hendaiako [Lapurdi] tren geltokiko kafetegian egin zutela hitzordua, eta Jose Mari Benito del Vallerekin —ETAren beste sortzaileetako batekin— agertu zela bilerara Jose Luis Alvarez Txillardegi. «Beste hainbat konturen artean, literaturaz-eta aritu ginen, eta hantxe Txillardegi eta Saizarbitoria, nobela bana zutela proiektatua eta zeinek lehenago idatziko, elkar zirikatzen». Saizarbitoriak ez du gogoan apusturik; Txillardegi ez da bizi zalantza argitzeko.

Apustuarekin ala apusturik gabe, bada, heldu ziren Txillardegiren Elsa Scheelen eta Saizarbitoriaren Egunero hasten delako. Xabier Letek askoz geroago kantatuko zuen Habanera famatuan bezala, 1969ko Euskal Herrian nagusi zen «arrosario santua neguko gela hotzean». Eta argazkien paretetan, Antillez gain, gauza asko zegoen zintzilik: Angola eta Vietnam; sobietarren tankeak Pragan eta maiatzeko hondartza Parisko kale harrien azpian; langile exodoa hegoaldetik Europa iparraldera; Erromako Elizaren buru Paulo VI.aren gurutzada jaiotzen kontrolaren aurka; Euskal Herria hezkuntzaren, hizkuntzaren eta kulturaren bitartez eraikitzeko egitasmoak; marxismoa eztabaidaguneetan; eliz gizon eta emakumeen sekularizazioa nonahi; ETAren lehen hildakoa eta ETAko lehen hildakoa; jazarpena eta salbuespen egoera. Testuinguru horretan heldu ziren nobelok irakurleen eskuetara —urrian, Txillardegirena; berehalaxe, Saizarbitoriarena—, emakume bana protagonista zutela. Atzerrian kokatuta daude bi liburuak, baina euskal irakurleentzat idatziak dira; emakumea gizonaren menpekotzat eta amatzat zeukan gizarte katoliko bateko kideentzat.

"Sekularizazioaren gaia, 'Elsa Scheelen' argitaratu eta gutxira, banalizatuta zegoen erabat Euskal Herrian"

Anuntxi Arana. Antropologoa

 

Anuntxi Arana
Anuntxi Arana. BERRIA

Anuntxi Arana antropologoak (Luiaondo, Araba, 1947) Txillardegiren beraren eskuetatik jaso zuen alea, 1970eko urtarrilean. Euskal Herrian 434 atxilotu, 189 espetxeratu, 75 deportatu eta 38 erbesteratu ekarri zituen salbuespen egoera urtetik, 1968tik, zegoen erbestean Arana, eta Bruselan ezagutu zuen Txillardegi. «Han bizi ginen geu ere Elsa Scheelen argitaratu zuenean. Gure etxetik harenera, oinez, ez zen ordu laurden baino gehiago». Garai hartan, Arana ez zen euskaraz irakurtzeko gai —«Txillardegi bera aritu zitzaigun pixka bat erakusten»—, eta atzera Euskal Herrian zen liburuok irakurri zituenerako, 1980ko hamarkada hasieran. «Ordurako, aldaketa asko gertatuak ziren: abortua legezkoa zen Iparraldean 1975etik, Franco hila zen jada, eta Espainian el destape deitu zioten hura gertatu zen». Aranak gogoan iltzatuak ditu abortatzera doan Giseleren «bakardadea tren geltoki hartan»; eta Elsa Scheelenen asperdura existentzialista. «Emakume antzua eta dibortziatua da Elsa, apez batekin harremanetan sartua. Sekularizazioaren gaia, liburua idatzi eta nik irakurri nuenerako, banalizatuta zegoen erabat Euskal Herrian».

Mari Karmen Garmendia
Mari Karmen Garmendia. GORKA RUBIO / FOKU

Eztabaida iturri

Argitaratu eta berehala irakurri zituen nobelok Mari Karmen Garmendiak. Garai haietako alfabetatze kanpainako herriz herriko hitzaldiak —kanpaina horren osagarri ulertu zuen liburuok eman zituen Lur argitaletxearen sorrera bera ere—, ikastaroak eta Zeruko Argia-ko artikuluak aipatu ditu irakasle eta Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak: «Dena zegoen egiteko. Nazional-katolizismoak pisu handia zuen».

Emakumeen karreraren «helmuga bakarra» ezkontza zen, Aranaren esanetan: «Nik hala sentitu nuen Valladolidera [Espainia] frantses filologia ikastera joan nintzenean. Emakume batzuk errespetatzen ziren, baina Elizagatik eta zeukaten anaia, aita edo senarrarengatik. Nik ez nuen bereizten Eliza gizartearengandik. Dena bat ziren».

Horregatik ziren ausartak Elsa Scheelen eta Egunero hasten delako, Garmendiaren ustez. «Nik ez dakit zenbat irakurle izango zituzten, baina esango nuke eskandalua, batez ere, euskaltzale eta abertzale helduen artean eta Elizako zenbait sektoretan eragin zutela. Saizarbitoriarenak, batez ere. Euskaldun-fededun irizpide horiek bizirik zeuden».

"Eskandalua euskaltzale eta abertzale helduen artean eta Elizako zenbait sektoretan eragin zuten, batez ere"

Mari Karmen Garmendia. EAEko Kultura sailburu ohia

 

Elizaren eragina nabarmendu du urte luzez Auñamendi argitaletxean lan egin duen Idoia Estornes Zubizarreta (Santiago, Txile, 1940) historialariak ere, lehenik eta behin: «Abortuaren gaia tabu zen erabat herrialde katoliko guztietan: Espainia, Frantzia, Italia, Grezia... Hego Euskal Herrian Francori egotzi ohi zaizkio halakoak, baina Eliza katolikoaren kulturari zor zaizkio abortuari, dibortzioari eta halakoei buruzko tabuak». Tabu horiek, baina, ez zuten antisorgailuen iritsiera eragotzi. «[Gregory Goodwin] Pincus doktoreari esker sortu zuten lehenengo pilula, 1956an, eta nik gogoan dut 1958an jada emakume batzuek eskatu egiten ziotela nire senarrari, ginekologoa bera».

Aldaketa, erreakzioa

Pilulen zabalkundeak gizarte aldaketa ikaragarria ekarri zuen. Nahi gabe haurdun gelditzeko beldurretik askatu zituen andreak, eta jaiotzen gaineko kontrola galdu zuten Elizako hierarkek eta gainerako gizonek. Emakumeen eskubideen eta abortuaren aldeko aldarrikapenak gero eta ozenago entzuten hasi ziren Mendebalde osoan. 1967tik, Frantziako Neuwirth Legearen ondorioz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan pilulak eskura zitezkeen.

Giro horri erantzunez, eta hainbat elizgizon antisorgailuak erabiltzeko eskubidea onartzen hasia zela ikusita, Vatikanoko buru Paulo VI.ak Humanae Vitae entziklika argitaratu zuen 1968ko uztailaren 25ean. Erreakzio agiri horretan, gizon zein emakumeen esterilizazioa, antisorgailuen erabilera eta abortua —edozein zelarik ere kausa— gaitzetsi zituen.

Idoia Estornes Zubiarreta
ANDONI CANELLADA, FOKU

 

"'Egunero hasten delako' harrigarria egin zitzaidan. Andreek ere ez zuten -eta abortuari buruz idazten!"

Idoia Estornes Zubizarreta. Historialaria

 

«Abortuari buruz ezin zen hitz egin, kakari buruz hitz egitearen pare zelako, zikina zelako», Estornesen esanetan. 1974an hasi zen Elsa Scheelen irakurtzen. Haurdun zegoen, eta euskara maila hobetu nahi zuen, haurra jaiotzerako. «Hizkuntza maila gehiegizkoa zuen niretzat, baina, eta utzi egin nuen. Hala, Egunero hasten delako-rekin hasi nintzen. Ez nuen Saizarbitoria ezagutzen, eta haren kontatzeko erak liluratu egin ninduen. Egile gizon batek emakumea protagonista bihurtzea gai horretan, harrigarria egin zitzaidan. Andreek ere ez zuten-eta abortuaz idazten!».

Liburua irakurtzerako, bazuen abortatzeko bidaien berri: «1970 inguruan, artean klandestinoa zen ELA-STVko zazpi bat emakume elkartu ginen Gipuzkoan, eta Baionan bagenituen kontaktuak, norbaitek behar bazuen aborta ahal zezan». Eta, aldiro, baldintza negargarritan abortatzeagatik zigortutakoei edota hildako emakumeei buruzko albisteak zabaltzen ziren. Orratzekin zauritzen zuten barrena; perrexila barneratzen, gaiztotu arte.

Legeak aldatu dira ordutik, baina orduko logika askoren zantzuak aldiro agertzen dira. «Gizon gazte askoren emakumeen gaineko kontrola eta agresibitatea agerikoak dira gaur ere», dio Aranak. Emakume dibortziatuekiko aurrejuzguek hor diraute, Estornesen esanetan: «Andre dibortziatu bat ez da ezkongabe baten pareko ikusten». Eta abortuaren gaineko eztabaida sekula ez da erabat itzali.

IRITZIA

Elsaren oparia

Idurre Eskisabel Larrañaga Idazlea eta EHUko irakaslea

1983a izango zen. 12 urte nituen (13 egiteko). Ez dakit, zehazki, Elsa Scheelen-en ale hura nola ailegatu zen nire eskuetara. Badakit, ordea, parean tokatzen zitzaidan guztia irakurtzen nuela, antsiaz, eta ahal zela euskaraz. Hain justu, baliteke orduko euskarazko ekoizpenaren murritzak libratzea haur-gazte literaturaren gisako itxituretatik. Edo, baliteke, orduan, oraindik, haurtzaroa, nerabezaroa, zein gainerako aroak ez egotea hain hesituak, bizitza hain didaktizatua.

Kontua da Elsa Scheelen irakurri nuenean 12 urte nituela (13 egiteko), eta neure ustetan atzean utzita neukala noizbait izandako umea. Gainera, Julio Iglesiasek egunero ematen zidan arrazoia irratiren batetik: «Es que el alma le estaba cambiando/de niña a mujer...».

Iglesiasek kantatzen zuen ipuin arrosa baino kontu lohitsuagoa zen, ordea, emakume egite hura, baita Lois jeansak soinean, Pippi ikusiz eta Los Angeles de Charlie izatera jolastuz hazi ginen neskatoontzako ere. Artean Simone de Beauvoirren albisterik ez izan arren ohartzen hasiak baikinen ekitearekin baino lotura estuagoa zuela emakume egiteak egotearekin; edo, zehatzago, egote modu batekin: besteentzako izatearekin, besteen premien zain. Egon egiten ziren ama eta izebak otordua prest etxekook mahaian esertzeko zain. Egon zeuden «andreak» presoen aldeko kantuetan, gizonak kaleratzeko zain. Egonean munduko boteregunerik preziatuenetakoan kokatu berri zen Lady Di, printzearen zain.

12 urte nituen (13 egiteko), eta nire baitako zati batek sinetsita zeukan emakume egitea egonarri infinitu bat berez garatzea zela, amaierarik ez ezik irauterik gabeko lan batera katigatzeko. Aitek, gizonek, sikiera, urguiluz esan baitzezaketen nire izerdiak tren horren gurpiletan dirau, edo nire nekeak altzairu herdoilgaitzean betikotu dira. Ez zen halakorik porru-patatetan. Emakume egitea zen, azken batean, besteentzako egote hura pozik hartzea, edo, gutxienez, baretasunez —konformidadea esaten zion amonak—.

Baina nire baitako beste zati batek susmatzen zuen estalki amultsu haren azpian ikustera ausartzen nintzena baino pitzadura handiagoa ezkutatzen zela. Emakume egitearen parte zela ondoez, amorru eta frustrazioak keinu txeratsuen bidez zapaltzea, halako batean, ama, izeba edo bizilagunaren ipurdiko injustuan, marmar ilunean edota buruko min jasangaitzean ateratzen zen arte, presio eltzetik lurruna nola.

Susmo horietan nintzela irakurri nuen Elsa Scheelen eta ezagutu Elsa, besterentzako izan beharraren pairamena gozagarririk gabe gorpuzten zuen emakume hura. Jakina, ez zen Elsarik gure inguruan, baina haren keinuetan ispilatzen zitzaizkidan, tarteka, Maritxu, Pili, Arantxa, Isabel eta Lurdesak. Horixe oparitu zidan Elsak: senez igartzen hasitako pitzadura hura hitz, esanahi eta azalpenen bidez hautemateko bidea, eta, horrenbestez, aurre egiteko armak eraikitzen hastekoa.

Gutxira, armatze bide horretan lagun izan nuen, halaber, Egunero hasten delako-ko Giséle. Eta, batez ere, Zergatik panpox-en izenik gabe baina hain ahots gardenez belarrira mintzo zitzaidan Antxonen ama, Txemaren emaztea, neu egin nintekeen emakumearen ispilu hain egiazkoa.

12 urte nituen (13 egiteko), eta opari handia ekarri zidan Elsak.

 

Bihar: Lur argitaletxearen historia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.