UDAKO SERIEA. Mendebaldeko Balkanak, EBra bidean (III). Albania.

Europazaleenak, oztopoak oztopo

Europako Batasunarekin bat egiteko helburuak babes zabala du Albaniako herritarren artean. Eremuko bertze herrialdeekin alderatuz, Albaniak modu argiagoan erakutsi izan du Mendebaldearen aldeko jarrera. Dena den, Bruselak ez du sartu lehenbiziko hautagaien artean.

Europazaleenak, oztopoak oztopo.
mikel rodriguez
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Albaniak 1948an guztiz hautsi zuen harremana Jugoslaviarekin, eta Sobietar Batasunaren aliatu egin zen. Herrialde etsai batek (Jugoslaviak), Mendebaldeko batek (Greziak) eta Adriatiko itsasoak inguratuta gelditu zen. XX. mendearen bigarren erdialdean, Europako herrialderik ezezagunena eta bakartuena izan zen. Europa ekialde osoan bezala, ordea, Berlingo Harresia erori ondoren (1989) hasi zen aldatzen Albaniaren historia. Goiko hondoraino betetako itsasontzietan herrialdetik ihesi egiten zuten albaniarren irudiak ezagun egin ziren Mendebaldean, eta migrazioari eta pobreziari lotutako irudia zabaldu zen Albaniari buruz. 1990eko hamarkadako urte ezegonkorren ondoren, XXI. mendean Mendebaldeko egituretan integratzeko prozesua hasi zuen. NATOn onartu zuten (2009), baina EB Europako Batasunean sartzeko helburuak bertzelako oztopo batzuekin topo egin du.

«Albaniar gehienek Europa mitiko baten irudi idealizatu bat dute», azaldu dio BERRIAri Afrim Krasniqi ISP Albaniako Ikerketa Politikorako Zentroko zuzendariak. «Albaniar gehienak ez daude informatuta EBrekin bat egitearen kostuen eta abantailen inguruan. Ez daude horri buruz eztabaidatzeko tokian, uste zabaldua baita Europa dela bide bakarra, etorkizun posible bakarra». Krasniqiren arabera, EBk Albaniako herritarren artean duen ospea «Balkanetako herrialdeen artean dagoen handienetakoa» da. «Gure alderdi politiko bakar batek ere ez du deus errateko EBren kontra. Ezta muturrekoenek, nazionalistek, gutxiengoen alderdiek edo populistek ere». ISPko zuzendariak dioenez, albaniar gehienek uste dute «Europarekin berriz bat egiten ari direla», Otomandar Inperioak Albania inbaditu ondoren (XV. mendean) bide «natural» hori galdu zutela iritzita.

1990eko hamarkada gatazkatsuaren ondoren, 2003an hasi zuen Albaniak EBra hurbiltzeko bidea. Tesalonikako goi bilerak ezarri zuen abiapuntua. Krasniqik azaldu du «aitzinamendu handiak» egin direla azken hamabortz urteotan. Hiru adibide nagusi aipatu ditu. Bata, Albaniak eta Serbiak elkarren artean garatu duten harremana. «Bi herrialdeek funtsezko garrantzia dute eremuaren egonkortasunean, eta hagitz elkarlan ona sortu dute, konfiantzan eta harremanen areagotzean oinarrituta». Krasniqiren ustez, horrek eragina izan du bigarren aitzinamenduan, gatazka etnikoen gutxitzean. «Orain ez dago irekita etnien, estatuen edo erlijioen arteko gatazkarik, eta ez da espero gertatuko direnik. Gatazka horiek ordezkatu ditu Bruselatik babes gehiago lortzeko lehia batek».

Albaniak eta Serbiak tentsio eta etsaitasun harreman historikoa dute. Jugoslavia desegin eta Albanian estatu sozialista desagertu ondorengo urteetan, tentsio hori areagotu egin zen, gehienbat Kosovoko gerran (1998-1999). Tiranak Belgradi leporatu zion albaniar etniako gutxiengoak zanpatzea, eta Belgradek Tiranari, berriz, asmo irredentista eta espantsionistak izatea, inguruko estatuetako albaniar etniako herritarren lurraldeak bereganatu nahi zituelakoan. Albania Handia erran izan zaio albaniar nazionalismoaren proiektu horri, eta tarteka tentsio iturri izan ohi da. Horren adibide batek nazioartean oihartzun zabala izan zuen duela lau urte, Albaniako eta Serbiako gizonezkoen eliteko futbol selekzioek Belgraden jokatu zuten partida batean. Drone bat agertu zen estadioan, Albania Handiaren maparen irudi bat zuen bandera bat garraiatzen. Serbiako jokalari batek bandera hartu zuen, eta istiluak hasi ziren bi taldeetako jokalarien artean. Istilu horiek harmailetara ere igaro ziren, eta partida bukatutzat eman zuten. Ondorio diplomatikoak utzi zituen, Edi Rama Albaniako lehen ministroak Serbiara egitekoa zuen bidaia hilabetez gibelatu baitzuen —Albaniako buruzagi goren batek Serbiara egin behar zuen lehenbizikoa 68 urtean—.

«Modako kontzeptu bat»

Krasniqik dioenez, Albania Handiaren proiektua ez dago «ez begi bistan, ezta ezkutuan ere». «Albania Handia modako kontzeptu bat da hauteskundeen aitzinetik emozioak pizteko erabiltzen dena, edo barne diskurtso nazionalistak haizatzeko». ISPko zuzendariak azaldu duenez, Albaniak Kosovorekin eta Mazedoniarekin baino lankidetza handiagoa du mugakide dituen bertze hiru estatuekin. «Serbiarekin harremanak hagitz maila altukoak dira, Montenegrorekin hagitz onak, eta Greziarekin ere oraintxe bertan une ezin hobeagoan daude». Hiru estatu horiek badituzte albaniar etniako biztanleak, baina ez Kosovok eta Mazedoniak bezain bertze —%90 eta %25, hurrenez hurren—. Hala ere, Kosovokoa itxi gabeko auzi bat da Balkanetan, eta Albania auzi horren parte da. Krasniqiren ustez, Kosovoren independentzia «etorkizunean desagertuko ez den errealitate bat» da, eta «horren onarpena gibelatzeak ondorio negatiboak ekarriko dizkio eremuaren garapenari».

Tesalonikako goi bileratik egin diren aitzinamenduen hirugarren adibideak Albaniako Estatuaren funtzionamenduarekin du zerikusia. «2016az geroztik, Albaniak izugarrizko jarrera erakutsi du Justizia sistema erreformatzeko. AEBek eta EBk babestu duten esperimentu bat izan da. Albaniako Justizia egituren %90 inguru errotik erreformatuko dira datozen bortz urteotan. Hori zen Bruselak Albaniari ezarritako irizpide nagusietako bat, eta serioski bete du. Noski, arazo handiak daude ustelkeriarekin eta ekonomiaren geldialdiarekin, baina argi utzi behar da arazo horiek lotuta daudela lehenik eta behin kulturarekin, eta gero legearekin». Krasniqik Albaniaren egoera konparatu du Errumaniak eta Bulgariak EBn sartu aitzineko azken urteetan zutenarekin—2007an sartu ziren—. «Haien integrazio bizkorrak sortu zuen eragin negatiboa kontuan hartu beharko litzateke, baina ez litzateke batere bidezkoa eragin negatibo horren ondorioz [EBko] kide izateko eskakizunak handitzea».

Hain zuzen, Albaniak Errumaniarekin eta Bulgariarekin partekatzen duen ezaugarri bat da biztanleen emigrazio handia. EBn ere irudi hori hedatuta dago Albaniaz. «Oraingo migrazio olatuen fenomeno nabarmen bat da joan den mendeko azken urteetakoekin konparatuta daukan ezberdintasuna», azaldu du politologoak. «Lehenago, albaniarrek bakoitzak beren kabuz migratu ohi zuten Mendebaldeko herrialdeetara, haien patua aldatzeko, haien ekonomia pobretuak hobetzeko eta Albanian uzten zituzten senideei laguntzeko. Orain, ikusten dugu errenta ertaina eta handia duen jendea ari dela herrialdea uzten». Horrek ondorio batzuk utzi ditu herrialdearen garapenean: «Azken bi hamarkadetan unibertsitateko tituludunen eta langile kualifikatuen %70ek utzi dute herrialdea: doktoreek, ingeniariek, adituek, informazio teknologietako espezialistek... Horiek osatzen dute garapen ekonomiko jasangarri baten bizkarrezurra». Biztanleen herenek inguruk utzi dute herrialdea estatu sozialista desegin zenetik.

Krasniqiren ustez, EBk errealitate horri eman dion erantzuna ez da aproposa izan. «Balkanetako herrialdeei presio egiten zaie Ekialde Hurbileko migrazio olatuak geldiarazteko, baita haien herritarrek EBrantz egiten duten migrazioa bukatzeko ere. Eskatzen zaie terrorearen aurka borroka egiteko, nazioarteko eta eskualdeko krimen antolatuaren aurka borroka egiteko, eta erne egoteko Errusiaren, Txinaren eta Turkiaren eraginaren aurka. Baina ordainetan jasotzen dutena da azaleko promesa batzuk eta batere errealistak ez diren zenbait eskakizun, EBko herrialde gutxi batzuen epe motzerako interesetan oinarrituta daudenak». EBko estatuek Albaniako egungo liderrei ematen dieten babesa ere estrategia okerra dela uste du ISPko zuzendariak. «Albanian ongi dakigu gure politikariak ustelak direla. Haien aurka protesta egiten dugu, eta hagitz kritikoak gara haiekin. Eta aski ongi dakigu gure politikari ustelen babeslerik handienak ez direla bilatu behar Tiranan, baizik eta Erroman, Parisen, Washingtonen eta Berlinen».

EB, «helburu nazionala»

Joan den maiatzean EBk Mendebaldeko Balkanekin Sofian egin zuen goi bilerak Tesalonikakoaren bigarren zatia izan behar zuen, baina Albanian animoak hoztu ditu. «Mendebaldeko Balkanak bakarrik kontuan hartu zituzten Errusiaren eta Turkiaren eraginetik kanpo mantendu beharreko eremu bezala, batasunean integratu beharrekoa bezala baino gehiago. Sofiako goi bileraren mezua Tesalonikakoa baino anitzez minimalistagoa izan da, baita Berlingo 2014ko prozesukoa baino ere [ekonomia eta azpiegitura elkarlanaz aritzeko foro bat]. EBk huts egiten du Mendebaldeko Balkanentzat plan zehatz bat aurkezteko orduan, eta erran beharrik ez dago ez duela deus eskaintzeko etorkizun hurbilerako». Hala ere, Krasniqiren iritziz, albaniar gehienen iritzia ez da aldatu, eta uste dute EBn sartzea «helburu nazional nagusietako bat» dela. Oraingoz, Albaniak lortu duen konpromisorik irmoena da hurrengo urteko ekainean hastea EBko kide izateko negoziazio formalak.

Bihar: Mazedonia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.