UDAKO SERIEA Kirola zilbor hestean. Llopistarrak.

Miresmena begiekin

Aita eliteko futboleko atezain entrenatzailea da, eta, azken urteetan, Real Madrilen ari da lanean. Semea ere atepean hasi zen kirolean, baina lesio baten erruz, edo hari esker, jakin zuen zenbat goza zitekeen igerilekuan.

ainara arratibel gascon
Donostia
2017ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Aita-seme gehienek izan ohi dute harreman berezia. Luis eta Iñigo Llopisen kasuan, berehala ikusten da hori. Luis, aita, Real Madrileko lehen taldeko atezainen entrenatzailea da; Iñigo, semea, paralinpiar igerilaria. Elkar miresten dutela nabari da. Bata bestearentzat eredu direla. Pertsona gisa eta kirolari gisa. Elkarrengandik ikasten dute, eta bata bestearentzat akuilu dira, garai onetan zein txarretan. Kirola dela eta, Luis Madrilen bizi da, eta Iñigo Donostian, Maria Eugenia Sanz amarekin. Baina datorren ikasturtetik aurrera familia osoa Madrilen batuko da. Izan ere, Iñigok Gorputz Heziketa ikasiko du han. Horregatik ere ilusio berezia nabari zaie. Irribarreak ez die ahotik alde egiten. Bizitzak erakutsi die unean-unean bizi behar dela, egunean egunekoa.

Jaiotzatik urritasuna du hankan eta besoan Iñigok. Baina hori ez da sekula oztopo bat izan. Ez semearentzat, ezta haren gurasoentzat ere. «Naturaltasunez bizi du egunerokoa, bere adineko beste edozein gaztek bezala. Bai niretzat eta bai nire emaztearentzat hori da inportanteena. Txikitatik hala izaten saiatu gara». Naturaltasun hitza aipatu du Iñigok ere, bere ezintasunaz hitz egiterakoan. «Nik beti pentsatu dut edozer gauza egiteko gai naizela. Inork ez dit esan behar izan, 'saiazaitez'. Inork esan gabe egin dut. Agian, ez dut besteek bezala egin. Baina dena lortu dut». Irakasleak aho zabalik uzten zituela gogorarazi du Luisek: «Gimnasia beste ikaskideek bezala egiten zuen, adibidez. Oso ausarta izan da beti».

Luisentzat, beti eredu izan da semea. «Jaikitzen denetik da eredu. Kontuan izan hanka lurrean jartzeko protesi bat jarri behar duela. Hori ez da oztopo bizikleta hartu eta Grosetik Amarara entrenatzera joateko, eta gero, handik irtetean, eskolara abiatzeko». Luisek argi du «opari bat» izan zela Iñigo bezalako seme bat izatea: «Gauzak gero eta hobeto joan zaizkigu. Jaio zenean, ni Hernanin nengoen, eta pentsa non nagoen orain. Berak erakutsi dit egunetik egunera joan behar dela, presarik gabe. Gaurko egunean disfrutatu egin behar duzu, eta biharamunarekin ez itsutu. Presarik gabe bizi».

Miretsi egiten du semea. Pertsona gisa eta kirolari gisa. «Iñigo ez da kirolari profesionala, baina haren jarrera eta konpromisoa kirolari profesional baten parekoa da. Ikaragarri maite du bere kirola. Sekulako bihotza dauka, eta oso lehiakorra da. Hori ikusi egiten da. Ikaragarrizko energia ematen digu. Oso harro gaude». Halere, bere buruarekin kritikoa ere bada. «Irabazi arren, beti topatzen du hobetzeko zerbait. Hori ona da».

Iñigok dio gurasoengandik ikasi dituela balio horiek. Eskertu egin du haiengandik jasotako laguntza eta heziketa, eta berretsi du berak ere eredu duela aita. «Aitari esker, txikitatik ikusi eta ikasi dut zer den kirol profesional bat izatea. Zenbat lan egin behar den emaitzak lortzeko: gogor entrenatu, ondo elikatu, behar beste atseden hartu. Hori egunerokoan aplikatzen saiatzen naiz».

Hain zuzen ere, aitaren bideari jarraituz, txikitan hasi zen futbolean jokatzen. Nola ez, atezain. «Eta ez zuen batere gaizki egiten», berretsi du Luisek. Berehala erantzun du Iñigok, irribarrez. «Aitak hori esatea handia da». Ikastolako lagunekin jokatzen zuen, hondartzan, protesiarekin eta eskularru berezi batzuekin. Behin, baina, geldiketa bat egitera irten, eta urritasuna duen hankako izterrezurra hautsi zuen. «Berrindartze lan gisa gomendatu zidaten igeri egitea. Konturatu nintzen gustura aritzen nintzela, eta lehiaketa bat probatu nuen. Izugarri disfrutatu nuen, eta gaur arte». Futbola gustuko zuen, baina pixkanaka utziz joan zen. «Nahiago nuen igeriketan jarri indar guztiak, eta ez erdizka bietan aritu».

Hortik, eta urte askotako ahaleginaren ondoren, iaz Rioko Paralinpiar Jokoetan lehiatu zen Iñigo. 2015. urteko Europako Junior Txapelketen ostean hasi zen jabetzen bazuela Riora joateko aukerarik. «Gutxieneko marka lortzen saia nintekeela esan zidaten. Baina nik urruti ikusten nuen. Dena den, gogor entrenatu nintzen, eta lortu egin genuen». Rioko esperientzia ahaztezina izan zen. «Ez bakarrik onenekin lehiatzeko aukera izategatik, baizik eta beste ezintasun batzuk dituzten kirolariak ezagutzen direlako. Gainera, sekula ez nuen pentsatuko 10.000 lagunen aurrean igeri egingo nuenik». Luisezin izan zen Rion egon. «Baina,niretzat, oso berezia izan zen. Joango zela jakin genuenetik bertatik, gainera. Lehen Txapeldunen Liga irabazi berritan izan zen. Negar egin nuen, eta oraindik ere hunkitu egiten naiz gogoratzen dudan aldiro».

Lehen proba Valdebebasen ikusi zuen, taldeko beste entrenatzaileekin eta jokalariekin. Gehienek gertutik jarraitzen dute Iñigoren egunerokoa. «Ez bakarrik Real Madrilekoek, baita aurretik egon naizen taldeetakoek ere: Levantekoek, Athleticekoek...». Iñigok harreman estua du haietako askorekin. Real Madrileko atezain Keylor Navasek, adibidez, lepoko bat oparitu zion, eta lehiaketa guztietara eramaten du. Iñigo lehiatzen ikustea «zirraragarria» da haientzat, azaldu du Luisek. «Ni oso harro nago harreman horretaz. Haientzat, Iñigo goi mailako kirolaria da. Jakitun dira zer-nolako ahalegina egin behar izan duen iritsi den lekura iristeko. Kirol egokituaz baino gehiago, kirolaz hitz egiten dute». Harreman hori oso polita da Iñigorentzat ere. «Indar handia ematen didate egunerokorako, eta lanean jarraitzeko. Oso pertsona arruntak, gertukoak eta jatorrak dira».

Iñigok ere gertutik jarraitzen du haien egunerokoa. Batez ere, aitaren taldearena. Adibidez, iaz,Milanen izan zen, eta, aurten, Cardiffen. Aitak Txapeldunen Liga nola irabazten zuen ikusi ahal izan zuen. «Milangoan, batez ere, asko sufritu genuen. Ziur naiz nik aitak baino gehiago sufritu nuela, oso urduri jartzen naiz eta. Baina politena ondorengo ospakizuna izan zen, eta aitarekin hori partekatu ahal izatea». Luisek ez ditu une horiek ahaztu. «Milanen, Cristianok gola sartu, eta besarkatu nuen lehen pertsona Iñigo izan zen. Zelaira jaitsi zen, eta hantxe bertan ospatu genuen gainerakoekin». Sekretu bat aitortu du, dena den, Iñigok. Aitak entrenatzen duen taldekoa ez ezik Athleticekoa ere bada. «AitaAthleticen zegoenean, kluba barrutik ezagutzeko aukera izan nuen, eta oso berezia iruditu zitzaidan. Aldagelan askotan egon nintzen, eta oraindik ere harremana dut askorekin: Gurpegirekin, Javi Martinezekin, Iraolarekin, Llorentenerekin… Ni, gainera, kozkortzen ari nintzen. Urte ikaragarriak izan ziren». Orain ere maiz joaten da San Mamesera. «Lagunek adarra jotzen didate. Baina kuadrillan hiru gara Athleticekoak, eta zirikatzen gaituztenean elkarri laguntzen diogu». Luisek ere oroitzapen politak ditu Bilboko urteez. « Oso klub berezia da, eta ikaragarria da jendeak harekiko duen identifikazioa. Athletic herriaren bihotza da».

Ikasturte berria, «ilusioz»

Baina bolada txarrak ere izaten dituzte beren kirol ibilbidean. Hor biak izan dira elkarren babes. «Horietatik ere ikasten da. Balio du gauzak hobeto egiten saiatzeko, eta zeure buruari gehiago eskatzeko. Edozein lehiaketaren edo partidaren aurretik azkenmezua beti izaten da etxera», onartu dute biek. Real Madrilen entrenatzea presioa dela aitortu du Luisek, bana baita pribilegio bat ere. «Oso talde alaia eta berezia da. Asko ikasten dut haiengandik. Baina egia da beti irabaztera behartuta gaudela». Presioaldietan etxekoak dira lasaigarria: «Gu presioa kentzen saiatzen gara», esan du Iñigok.

Orain, aurrez aurre egin ahal izango du hori. Biak ilusio handiz daude garai berriarekin: «Emazteak eta biok erabaki genuen hobe zela unibertsitate aurreko ikasketak Iñigok hemen egitea, eta hemen hazten eta entrenatzen jarraitzea. Orain, bizimodu berrira egokitu beharko dugu, baina partida amaitu eta etxera itzultzean gauza handia izango da familia ondoan izatea ». Iñigo ere gogoz dago ikasturte berrirako: «Beti ikasi nahi izan dut Gorputz Heziketa. Gainera, Irrikaz nago Goi Errendimendu Zentroan dauden kirolariekin esperientziak partekatzeko. Ea ordurako lesiotik erabat osatuta nagoen, eta sasoi betean has naitekeen».

Bihar: Fagoagatarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.