UDAKO SERIEA. Euskal Herriko ingurubirak (eta VI).

Undurragako urtegia

Arratia ibaiko ur biziak galgatu egiten dira Gorbeiaren magalean. Undurraga izena daraman urtegi ezkutuan, hain justu. Haren inguruan ibilbide biologiko bat egokitu da, hezeguneaz eta landaretzaz gozatzeko.

Undurragako urtegia.
Josean Gil-Garcia.
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Undurragako urtegia Zeanuri (Bizkaia) herritik kilometro batera dago. Arratia ibaiko ur biziak sortu eta bat-batean gelditzen dira han, aurreko mendearen azken laurdenean eraikitako urtegi txikian kiribilduta. Akabo ur murmurioa, Barazarretik jauzitako ur biziek sosegua topatzen baitute han, Gorbeia mendiguneko bazter liluragarrian. Urtaroaren arabera, gainera, 15 hektarea inguru hartu dituen ur laminak kolore berdexkak islatu ohi ditu, eta horrek paisaian xirmi-xarmaz mimetizatzen laguntzen dio, muskerrari belar hezearen eta bazka berdearen artean gertatzen zaion moduan.

1973. urtearen amaieran hasi zen lanean hornikuntzarako eta urak erregulatzeko urtegi otzana. Orotara, 2 hektometro kubiko ur kubeta luzexkan biltegiratuta. Arrigorriagako Venta Altako ur araztegiraino iristearen kariaz, haraino bideratu zituzten Zadorra sistemako ur apetatsuak, betiere ur emariak eraman zitzakeen materia solidoak, magnesioa, burdina eta bakterioak araztu zitezen. Kontsumo sarean sartu aurretik egin beharreko ohiko lana, beraz. 2018az geroztik, ordea, desbideratze bat baliatzen dute araztegirako bidea hoditeria baten bidez gauzatzeko.

Igorreko eremu funtzionaleko paisaia-interes bereziko eremuaren barruan sartuak daude gaur egun Undurragako ur laminaren bazterrak eta urtegia bera, 2023ko urtarrilaren 31n onartutako lurralde plan partzialean paisaiari buruzko zehaztapenetan azaltzen denez. Urtegiko ipar-mendebaldeko ertzak lehengoratu dira funtzio ekologikoa berreskuratu eta ibai paisaia hobetzeko asmoz. Hala, igarobide natural bat egokitu berri dute urtegiaren inguruan, besteak beste bisoi europarraren (Mustela lutreola) mugimenduari bermea emateko xedez, batik bat urtegiko hezegunearen eta presa azpiko Arratia ibaiaren arteko zonan. Denera, 5.000tik gora landarek topatu dute ostatu urtegiko ertzetan. Hori guztia, gainera, paisaiari dagozkion balio ekologikoei lotutako elementu estrukturalak bermatzearen kariaz.

Zeanurin, ibilian-ibilian

Zeanuri herria (Bizkaia) izango da Undurragako urtegiko bira egiteko aukeratutako abiapuntua. Kultur etxe parean, hau da, autobus geralekuaren aurreko bidebanatzean hasiko da txangolaria ibilian-ibilian. Aita Urraburu plazan sartu eta idi proben plazatxoa igaro bezain laster, zubia gurutzatuko du. Ondoren, ezkerrera egin eta Undurragara doan errepidetxoarekin topo egingo du. Altzibar dorretxe parean jarrita, asfaltoan aurrera egingo du bihotza soseguan. Autobiaren azpitik igaroko da ziztuan. Errotabarri errota zaharberritua aurrerago ikusiko du, errepidearen ertzean, errekaren altzoan. 1785ean eraikitako errota izango du bisean bis. Irina egiteko baliatu ohi zuten behiala. Hala diote, bederen, ohar historikoek. Arto eta gari aleak harri bitarteetara sartuta, errotarri egoskorrek txikitu egiten zituzten ur isilen jarioan. Hala, errotari nekaezina inguruko baserrietako bezeroengana abiatzen zen astero-astero, asto eta idien laguntzaz, eskatutako urre preziatua saltzera. 1975era arte.

Errota atzean utzi eta jarraian agertuko den bidebanatzean, Arratia ibairen gainetik egurrezko barandak erakusten dituen zubi bat ikusiko du. Handik egingo baitu itzulera, bide tentagarri horri muzin eginda urtegiko ubidearen azpitik igaroko da. Errepideak paisaian marrazten duen bihurgunea egitean, Undurragako presa edo hormara iritsiko da azkenik. Bazter ederrez gozatuko du han ibiltariak; izan ere, talaia pribilegiatua da lan hidrauliko artifizialari erreparatzeko. Keinu arranditsuaren moldean-edo, zuhaitzek eta landaretza trinkoak maindire berdez jantziko dituzte ur laminaren ertzak eta mazelak. Bertaratutako orok paraje basatia izango du opari. Ikusmenerako eskaintza oparoa, benetan, urtegiko urek ez baitute huts-mina ezagutzen.

Undurragako ertz oparoa

Presa gurutzatu gabe, errepidean aurrera egingo du, urtegia bera hego-ekialdetik estutzen duen asfaltoari segika. Pinpilin-panpilin besoak dantzan eta pauso luzexkak bidean, Undurraga auzora iritsiko da bidaztia. Urtegi ertzera jaisteko aukera emango dion bidea bazter utzita, zehar-zehar jarraituko du, betiere ingurumariari darion distirak goxo-goxo lagunduta. Errepide nagusiari men eginda, beraz, Arratia ibaia gurutzatuko du aurrerago. Ipiña eta Ipiñaburu auzoetara doan errepidea eskuinean lagata, ezkerrera hartuko du, Zeanurirako itzulera hasteko xedez.

Arrogeta baserri paretik igarota, Palomares auzora igotzen den errepidea utzi eta ur laminatik hurbil doan korridore ekologikotik jarraituko du. Arbinako erreinuan sartuta, hartxintxarreko bideari ondo helduko dio ibiltariak, eta bazterretan hazten den landaretzaz gozatzen hasiko da. Izan ere, bada zertaz gozatu Undurragako ertzetan. Basabidera bilduko dira lizarrak, intxaurrondoak, hurritzak, haltzak, akaziak eta astigar meharrak, , besteak beste.

Korridore ekologikoa amaituta, presara helduko da berriz ere. Pasarela deigarri bezain luzea hasiko da han. Ereinotzaren erreinuarekin bat egingo du orduan ibiltariak. Akaso, Madeira eta Kanaria uharteetako landaretza oparoa etorriko zaio gogora mazelako tapiz trinkoan barrena igarotzean. Landaretza termofiloak egingo dio harrera zirraragarria, oihan batean egongo balitz bezala. Adaburu trinko eta erregularrak oinetik adarkatuta ikusiko ditu, hostoak elkarren gainean desordena naturalean egokituta. Hosto berde ilunak adarrei josita-edo, «asko nekatzen dira hostoak zintzilik adarretan, zuhaitza menderatzeko ahaleginetan», Juan Kruz Igerabide idazleak esango lukeen legez.

Behin oihanetik irtenda, ezkerrera hartuko du bidebanatzean, eta, jaitsiera xume bat egin ostean, Zeanurirako bideari lotuko zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.