Trantsizioa, erronka berria

Atherbea elkarteak «trantsizio hirigintza» bultzatu nahiko luke, Ipar Euskal Herrian diren etxebizitza hutsak erabiltzeko, baina erakunde publikoen borondate politiko eskasa deitoratu du.

Maurizia kolektiboak etxe bat okupatu zuen maiatzean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Hutsa bada, okupatzen dugu», erraten zuten 1980ko hamarkada bukaeran eta 1990ekoaren hasieran Patxa mugimenduak Baionako karriketan jartzen zituen pankartek. Okupazio mugimendu zabala eraman zuten, eta ohikoak ziren hutsik zeuden eraikinei beste erabilera bat emateko ekinaldiak. 30 urte geroago, Maurizia kolektiboko gazteek Santa Ursula karrikako eraikin huts bat okupatu zuten maiatzean. Bertan bizitzeaz gain, proiektu soziokultural bat gauzatzeko asmoa zuten, eta egoera erregularizatzeko kontratu bat izenpetzea eskaini zieten erakunde publikoei, haiena baitzen jabetza. Baina Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ez zuen onartu gazteek okupatutako eraikinean jarrai zezaten, eta luze gabe kanporatu zituzten bertatik.

Bi egoerak parekagarriak lirateke, ez balitz gaur egun etxebizitzaren arloko krisi larria bizi duela Ipar Euskal Herriak. Etxebizitza andana turismora bideratua da, salmenten eta alokairuen prezioa azkar emendatu da, eta bizitegi sozialen eskasia nabarmena da. Gizarte elkartasunaren arloan diharduten elkarteek osatzen duten Elkartasunak Eraiki sareak babesa eskaini zien okupatzaileei maiatzean. «Arrunt bide ona da, erakutsi baitute badela auzo bat arras baldintza onak dituena hori eramateko», berretsi du Pantxika Ibarburu Atherbea elkarteko zuzendariak. «Hori» trantsizio hirigintza da, Ibarbururen hitzetan.

Etorkizuneko proiektu bat gauzatu bitartean hutsik dagoen eraikin bati erabilera funtzional bat ematean datza trantsizio hirigintza. Eraikin horietako anitz urteetan zehar egoten dira hutsik, batzuetan hamarkada bat baino gehiago —hala izan zen Mauriziakoek okupatu zuten etxebizitzan—. «Hori da kontzeptu horren interesa, originaltasuna eta, hein batean, konplexutasuna ere bai. Pentsatzea epe baterako hutsik egon behar diren leku horiek beste baliagarritasun bat atzematen ahal dutela». Ibarbururen hitzetan, hamarnaka aukera egon litezke Ipar Euskal Herrian. «Gaur egun badira tresna juridikoak denbora horretan eraikina elkarte baten esku uzteko. Behar sozial handiak ditugu, eta parean egoitza huts andana».

EPFL Ipar Euskal Herriko Lurraren Erakundeak erosi ohi ditu erakunde publikoek gerora proiektuak garatzeko erabiliko dituzten lurrak eta eraikinak. Gaur egun, haren esku diren bi egoitza erabiltzen ditu Atherbeak: Baionan duten eguneko harrera lekua eta neguko plana eramateko aterpea. Baionako gaztetxea eta Pausa migranteen harrera lekua ere kasu horretan sartuko lirateke. Aturri bazterreko Lesseps kaian erakunde publikoek hirigintza proiektua gauzatu bitartean daude hor. «Ahal dugun heinean, gure esku dauden etxebizitzak okupatuak izan daitezen entseatzen gara; bestela, eraistea proposatzen dugu», esplikatu du Arnaud Portier EPFLko zuzendariak. Baina horretara iristeko dauden traba ekonomikoak eta juridikoak azpimarratu ditu behin eta berriz, gehiagotan ez egitea argudiatzeko.

Ibarbururen erranetan, Euskal Elkargoak «neurri batzuk» hartu izan ditu, baina «urrunago joan daiteke». Egiten denaren eta egiten ahal litekeenaren arteko aldea azpimarratu du: «Urrats txiki bat bide luze batean. Askoz gehiago egiten ahal da». Horretarako erakundeen esku dauden etxe hutsen kopurua jakin beharko litzatekeela dio, baina «ez da zenbaki ofizialik».

Atherbeako zuzendariaren iritziz, Euskal Elkargoak ez du norabide politiko gisa hartua. «Ez dute gai global bat bezala hartzen, epe laburreko erantzunean dira», deitoratu du. Urtero negoziatzen duten neguko planaren adibidea eman du: «Urtero zerbait berria balitz bezala lantzen dugu». Konbentzitua da gehiago egin daitekeela.

Eskaera soziala ezin betez

Izan ere, Ibarburuk esplikatu du Ipar Euskal Herrian den eskaera soziala gero eta handiagoa dela: 2022an 13.500 eskaera izan ziren bizitegi sozial bat eskuratzeko, baina 1.251 lagunek baizik ez zuten erantzun baikorra izan, hau da, %9k. Gaur egun, bi urte ingurukoa da goaitatze epea. «Merkatu pribatuan diren prezioekin jende anitz bide bazterrean gelditzen da».

Beste fenomeno bat ere aipatu du: bizitegi sozial baten eskaera egiten dutenen %12 maizterrak dira; haien etxeen jabeek bizitokia berreskuratzea galdegin dutenean geratu dira kalean. «Laguntza eske heldu zaigun publiko berri bat da». Azken urteetan %80 emendatu da. «Nehoiz ikusi gabeko egoera da. Behar dugu beste bide batzuk atzeman, beste proiektatzeko manera bat».

Bihar: Testigantzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.