Goiatz Labandibar

Atzerakontua

Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) Igartza Saria jaso zuen 2011n, eta horren emaitza izan zuen lehen lana: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013). Narrazio liburua zuen hura, eta halaxe izan ditu hurrengoak ere: Fotogramak (Elkar, 2016) eta Hori zen dena (Alberdania, 2019). Cafe Bar Bilbao saria jaso du aurten, Salaketa antzezlanarekin.

jarraia184467.jpg
Goiatz Labandibar.
2020ko uztailaren 19a
17:54
Entzun

Batek jakiten duenean atzerakontua azken hamar segundoetan sartu dela, eta ez dagoela heriotza ez den helmugarik, eta mundu honetan egin beharrekoak egiteko denbora justua duela, lotsa eta beldur guztiak galtzen ditu.

Hondarrezko erloju bat da bizitza. Lasai jaio, estu bizi eta lasai hiltzeko aukera ematen duena. Hondarrezko erlojuaren tutu estutik behera hasten denean harea erortzen, gauzak beste modu batera ikusten ditu batek. Batez ere, harea hori arrapaladan jausten denean, urakan baten abailan. Lasai hiltzea denik eta esperantzarik ederrena dela konturatu naiz barren ia osoak jan dizkidan metastasia dudala dakidanetik.

Ez da erraza heriotzaren aurrean beldurra eta lotsa galtzea. Lotsa galtzeko, baina, beldurra galdu behar da lehenengo. Nik izua izan diot hiltzeari. Ez dut hil nahi izan. Medikuak gibeleko minbizia diagnostikatu zidanean dardarka hasi nintzen, negarrari eman nion eta antsietate krisi latza izan nuen haren bulegoan. «Lasai, ez izan beldurrik —esan zidan medikuak— hiltzea ez da hain beldurgarria. Denik eta gauzarik naturalena da. Denik eta errazena. Denok gaude aurrez diseinatuak hiltzeko. Hiltzeko makina perfektuak gara gizakiak».

Jakinduria ia filosofiko hori entzun arren medikuaren ahotik, daitort ez zela hain erraza izan beldurra asimilatzea. Ez nintzen jauzika eta bibaka atera sendagilearen bulegotik, ez nintzen txistuka joan kimioterapiako lehenengo saiora, ez nien irribarretsu kontatu senide, lagun eta lankideei karramarroak ni ere harrapatu ninduela, krausk, hozka egin zidala bere atzaparrekin eta ez ninduela soltatuko, berarekin eramango ninduela arrastaka atzeraka, atzeraka, atzeraka... atzerago egin ezin, eta amore ematen nuen arte.

Zergatik niri? galdera erretorikoaren fasea izan zen lehendabizi gainditu behar izan nuena. Ez dut inoiz erre. Ez dut inoiz edan. Beti eman izan dut eguzkitako krema babeslea, pantaila totala. Beti hartu ditut neurriak larrutan egiterakoan. Ez naiz sekula labaindu bizitzaren alde basatian. Ez naiz Lou Reed zalea izan sekula... Beraz, zergatik niri?

Baina, pixkanaka, karramarroaren beldur izateari utzi nion. Arrazoia zuen medikuak. Jaiotzea hiltzea bera da. Hiltzeko makina perfektuak gara, horretarako diseinatuta gaude; izaki bizidun baino izaki hilkor deituko baligute hobe genuke, egokiago definituko genuke gure berezko esentzia.

Zergatikniri? fasea pasatu ondoren etorri zen lotsa galtzea.

Lotsa galtzea da aitortzea, lehenik zure buruari eta gero gainerakoei, lehenik barne hausnarketan eta gero ahotsgoran, beti pentsatu izan duzuna, sentitu izan duzuna eta, batez ere, isildu izan duzuna. Aitortzea mila aldiz joan zarela batere gogorik gabe kuadrillako otorduetara, ezkontzan zin egindako leialtasun botoari behin baino gehiagotan izan zarela desleial, inoiz ez bezala busti zitzaizkizula kuleroak lankide emakume batekin musuka aritu zinen Gabonetako bazkari hartan, behin autobusean ondoan eseri zitzaizun agureak galtzen azpitik sartu zizula eskua. Eta aitortzea gehiago maite duzula zure seme-alabetako bat besteak baino.

Hori esan nahi dizuet gaur zuoi bioi. Beti maite izan dut gehiago Lili. Ez dakit zergatik. Ez dut erantzunik. Baina hala da. Ama, bakarra dela esan ohi da. Eta halaxe izan ohi da gehienetan. Eta ama batek ezin du erdibitu. Ez gorputza; ezta bihotza ere. Gezurra da seme-alaba guztiak berdin maita ditzakeela ama batek. Hemendik eta Txinarainoko gezurra. Bihotza ez da ez erdibitzen ez bikoizten. Hori ezinezkoa da anatomikoki, eta, ezinbestean, ezinezkoa da emozionalki ere.

Horregatik, familiako erretratu guztietan dut besoetan nire seme ez-kutuna. Ez igartzeko nire kutuna alaba zela. Amok maitasuna disimulatzeko darabiltzagun trikimailu kaxkar horietako bat da, ez duena balio deustarako: karramarroak atzaparkadaka desitxuratu duen hilotz bat makillatzea baino gehiago ez, behintzat.

Ziur naiz zuek ere erreparatu diozuela. Ez naizela deus berria esaten ari. Agian ez duzula inoiz ahoskatu egia hau, baina beti izan dituzula arrebaren zeloak, Imanol, beti jakin izan duzula nire begiko ninia bera zela. Eta zu ere, Lili, zenbatetan probestu izan zaren nire (a)maitasun irrazionalaz —zeren bai, ama baten maitasuna beti da irrazionala, zentzurik gabea, edozein logika zapuztuko duena eta egiarik nabarmenenaren aurrean itsutuko duena—.

Ez iezadazue azalpenik eskatu. Ezin dut esan zergatik maite dudan gehiago Lili, Imanol. Ez da politagoa delako. Edo bizkorragoa. Edo azkarragoa. Edo alaiagoa. Edo maitakorragoa. Edo sentsibleagoa. Ez da lehenengo jaio zelako, ez da erditzea errazagoa izan zelako, ez da haurdunaldi hobea izan zelako edo loti hobea zelako. Ez daukat arrazoirik, baina bai, gehiago maite (izan) dut Lili.

Barkatu, Imanol. Maite zaitut, Lili.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.