Itziar Aretxaga Mendez - Alvaro Arrizabalaga Valbuena

Hezur eta izar

Batak lurpean bilatzen ditu erantzunak; besteak, zeruan. Biak ari dira gizateria bera bezain zaharrak diren galdera trinko zenbaiti erantzun nahian, iragana, orainaldia eta etorkizuna batzen diren dimentsioan: ikerketan.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abuztuaren 4a
13:42
Entzun

Bi aulki beltz Atarian. Salburuko hezeguneen behatokian. Eskuinekoan, humanitatearen hastapeneko hezurduraren behatzailea: Alvaro Arrizabalaga arkeologoa. Ezkerrekoan, duela ehunka mila urteko gizakiak nola, etorkizuneko gizakiak ere migratzen —beste planeta batzuk kolonizatzen— irudikatzen dituen astrofisikaria: Itziar Aretxaga.

Lehenik eta behin, zer big bang-ek piztu zizuen bokazioa?

ITZIAR ARETXAGA: Nire kasuan, ez zen errebelaziorik izan. Zientzialaria izan nahi nuela bai, hori oso txikitatik nekien, eta 14 urterekin garbi neukan fisika nuela gogokoena. Gero, behin unibertsitatean hasita, astrofisikari izan nahi nuela erabaki nuen.

ALVARO ARRIZABALAGA: Ni 14 urterekin hasi nintzen indusketa arkeologikoetan. Nire anaia bat geologia ari zen ikasten, eta espeleologoa ere bazen. Paco Etxeberria auzi medikua ere espeleologian zebilen, eta, haren gonbidapenez, Amaldako [Zestoa, Gipuzkoa] indusketetan parte hartzera gonbidatu ninduten. Halaxe hasi nintzen. Indusketa hartako buru Jesus Altuna zen, eta hura biologoa zen; Paco Etxeberria ere, medikua izanik, han zebilen; eta geologoak; eta kimikariak... Diziplina asko biltzen zen han, eta giro hark argi uzten zizun arte historiarena buruan izan behar zenuen beste alor bat besterik ez zela. Hala, batxilergoa zientzietatik egitea erabaki nuen, beste ezagutza horiekin hibridatu beharko nuela argi ikusi nuelako.

 

Lurpekoak ikertzen aritzen zara zu, Alvaro; izarrei so bizi zara zu, Itziar. Nondik gatoz?/Nora goaz? galdera betierekoei erantzuten, nolabait esatearren. Hala ulertzen duzue zuek ere, ala beste nolabait?

A.A.: Gure ogibidea oso teknifikatua bihurtzen ari da. Konplexu kontu bat ere izan daiteke, giza zientzietatik edo humanitateetatik gatozelako, baina erromantizismorako tarte gutxi geratzen da azken boladan guk egiten dugun horretan. Orain, gehienbat, beste diziplinetan lan egiten duten espezialistekin aritzen gara: fisikariak, matematikariak, kimikariak, biologoak, geologoak. Harriak non bukatzen diren jakin behar da; eta hortik haratago ikusten.

I.A.: Egia da. Datuekin eta modeloekin egiten duzu lan, eta era abstraktu batean pentsatzen duzu, baina gauza konkretuez, ez galdera handiez. Urratsez urrats. Horren atzean, baina, bada motibazio bat. Eta motibazio hori, noizbait, oroitu behar duzu. Neronek, bestela, adorea galtzen dut. Nik gauza horiek kontuan hartu behar ditut interesari eusteko eta besteei transmititzeko.
 

"Beste espezie batzuekin hibridatu gara. Afrikarrak eta mestizoak garelako gaude hemen. Hori esatea inportantea da gaurko paisaia ideologikoan"

Alvaro Arrizabalaga

 

A.A.: Guretik zurera joanez, Itziar, nik interpretatzen dut teknologia dela egokitzapen kultural bat, nonbait, humano bihurtzen gaituena. Hau da: teknologiak aldentzen gaitu beste animaliengandik. Eta teknologiaren bitartez bukatuko dugu izarretan, beste planetetan. Baina animaliak gara, edozein modutara.

I.A.: Beti luzatu ditugu begiak izarretara; zenbat eta antzinago joan, are gehiago. Zeru horri begira jarri, eta betidanik egon dira teoriak, ea nondik gatozen azaldu nahi zutenak. Esne Bidea hain da inpaktantea, ez nau harritzen edozein kulturak izarrei buruzko eta unibertsoari buruzko pentsaera bat moldatzeak, kosmologia bat sortzeak. Hori da, niretzat, zientzialari izateko gakoa. Horiek dira azken muturreko galderak: nondik gatozen eta nora goazen.

A.A.: Bada arkeoastronomia izeneko adar bat gurean, oso garrantzitsua, nekazari taldeen errituak, kultura eta sinesmenak interpretatzeko. Kosmologia, nolabaiteko egutegia izatea, bereziki garrantzitsua da nekazaritza zikloak kontrolatzeko, behin nekazari bihurtzen garela; baina nekazari bihurtu aurrekoetan ere —ehiztari-biltzaile gizarteetan—, bada kosmologia propio bat.
 

"Zientziak, edozein zientziak, gu geure lekuan jartzeko balio du. Gure aurkikuntzekin kultura aldatzen da, eta aurre egin behar diegu aurrejuzguei"

Itziar Aretxaga

 

Zehazki, zertan ari zarete orain?

I.A.: Ni galaxien sorrera eta bilakaera ari naiz ikertzen. Mexikoko Teleskopio Milimetriko Handirako kamera berria ari gara eraikitzen, talde batean. Zientzia aldetik egingo dugunaren koordinatzailea naiz hor. Kamera berri horrek abantaila tekniko asko dakartza, mapak eta irudi askoz handiagoak egiteko zeruan. Horrekin, galaxien erroldak egingo ditugu, galaxiak nola sortu ziren asmatzeko. Izar jaiotze erraldoiek galaxia baten sorreran zer eragin duten jakin nahi dut.

A.A.: Arkeologiatik bizi nahi nuen, eta lortu dut. Paleolitoarekin ari naiz, Euskal Herriko lehen gizakiekin. Euskal Herria diot, hemen ari garelako ikertzen, baina arkeologiaren kudeaketa probintziaka zatituta dago, eta, ildo batasun faltaren ondorioz, oso zaila da proiektu bat finkatzea. Zientzia, gero eta gehiago, kudeaketa ari da bihurtzen. Mikroskopiorako-eta gero eta tarte gutxiago dago.

 

 

Zertarako ikertu

 

Zer funtzio sozial ikusten diozue zuen lanari?

A.A.: Gure diziplinaren eragina oso garrantzitsua da, adibidez, klima aldaketaren azterketan. Datu objektiboak daude klimatologia oso azkar ari dela aldatzen pentsatzeko, baina datuak behar ditugu zenbaterainoko abiadaz aldatzen ari den jakiteko, eta ez bakarrik azken 150 urteetakoak.

Bestalde, Arabako Museoan bada erakusketa bat oraintxe bertan, eta hor argi uzten da, adibidez, gure espeziea migrantea dela, duela 40.000 urtetik hona garela europarrak; argi uzten da, baita ere, emakumeak egon direla betidanik, nahiz eta museoetan-eta ia agertu ez. Afrikarrak garelako eta mestizoak garelako gaude hemen. Beste espezie batzuekin hibridatu gara. Hori esatea garrantzitsua da egungo paisaia politiko eta ideologikoan.

I.A.: Alvarok oso gauza garrantzitsua esan duela uste dut: zientziak, edozein zientziak, gu geure lekuan jartzeko balio du. Gure aurkikuntzekin kultura aldatzen da, eta aurre egin behar diogu zenbait aurrejuzguri, zientziak ematen dizkigun datuekin. Hori da gure lanaren ekarpen nagusia, beharbada, baina ekarpen hori ez da preziatuena.

Horrez gain, badaude beste eragin batzuk, eta haiei ematen zaie balio handiena, beharbada, kultura makroekonomikoan. Aurkikuntzak, teknikoki, gure zientziak bultzatzen ditu, nolabaiteko jauzi teknologikoak eraginez. Jauzi teknologiko horiek, batzuetan, izaten dute eragina gizartean.

Adibidez?

I.A.: Argazki digitala, esaterako, astronomian sortu zen. Berrogei urteko bidea behar izan da denon poltsikoetara heltzerako. Internet ere bai: tesia egiten ari nintzela, irakasleak etortzen zitzaizkigun, nazioartean elkarrekin harremanetan jartzeko sare hori nola sortu galdezka. Eta bizi izan genuen aldaketa bat. Gero, gizartean, bestela sartu zen, digestioa eginda, baina guk geuk sortu genuen digestio hori, zientzia munduan.

A.A.: Eta beste plano batean, orain, bada jauzi bat. Ikasleen erdiak tabletarekin datozkizu ikasgelara. Egiten diote argazki bat zeuk egin duzun argazkiari, zure hitz guztiak grabatzen dituzte, ez dute apunterik hartzen... Eta beste erronka batzuk agertzen dira bidean. Nola kudeatzen da irakaslearen jabetza intelektuala, esaterako?

I.A.: Ikasten ari gara nola egin hori, denon artean.

A.A.: Atzetik datozen belaunaldiak kontzeptu guztiz berrituekin datoz. Eta guretzat gakoak ziren kontzeptu batzuk eurentzat ez dira. Lau urtetik gorako edozein tresna, eurentzat, zaharkitua da, arkeologia industriala. Ez dute ikusten, adibidez, irrati-kasetearen eta goldearen arteko aldea.

I.A.: Pentsaera desberdinak ditugu, bai, baina ez dut uste haiek aurrea hartuko dutenik eta guk atzetik joan behar dugunik. Uste dut nahasketa bat gertatzen ari dela eta hortik beste zerbait sortzen ari garela.

A.A.: Zuenean aspaldidanik daude teleskopioak, Itziar. Gure diziplinan, baina, guztiz humanistikoak izan ondoren orain oso zientifikoak gara. 27 urterekin gurean tesia bukatu duen doktore berri bat Europako hoberenetakoa izan daiteke alor oso konkretuan, baina horretan bakarrik.

I.A.: Espezializazioa arlo guztietan ari da gertatzen. Egia da tesia bukatzen ari diren nire ikasleek asko dakitela gauza bati buruz, baina, beharbada, ez horrenbeste astronomiako beste alorrei buruz. Espezializazioaren ostean ikuspegia zabaltzea da erronka.

Eta arrazoia duzu, gurea teknifikatutako arloa izan da teleskopioarekin-eta. Arlo berriak ere ari dira sortzen. Astrobiologia, esaterako, lehenago urratu gabeko bide bat da. Astronomia kontzeptuak biologiarekin nahastea du funtsa, beste planeta batzuetan bizitza nola sortzen den asmatzeko —edo, gutxienez, ideia egiteko—. Arkeoastronomia aipatu duzu lehen, eta hor astronomo mordoa ari da lanean, arkeologoekin batera, beste zibilizazioek kosmosa nola imajinatu izan duten aztertzen.

Irudimena, ezinbestekoa hor ere.

I.A.: Nik era abstraktu batean pentsatzen dut beti. Izarrak ezin ditut ukitu. Zuk, gutxienez, hezurrak ukitzen dituzu, Alvaro, baina nik ezer ez. Batzuetan gertatzen zait, problema batean sartuta egotea, era abstraktu horretan pentsatzen, eta bat-batean konturatzea baietz, existitzen direla, eta zure asmakizun horiek guztiek badutela zentzu bat.

A.A.: Guk barne gatazka txiki bat izan dugu. Hau da, dena guztiz abstraktua, antropologikoa, ukiezina izan ondoren, dena material, dena datu analitiko bihurtu dugu. Orain, oreka berri batera bueltatzea dagokigu. Oreka horretan, datu analitikoak oso garrantzitsuak dira, baina datuon interpretazioa ere bai.

Interpretatzeko orduan, zenbateraino lor daiteke begirada inpartziala izatea?

I.A.: Horretarako, badaukagu metodo bat. Datuetan badago inpartzialtasuna, baina gure pentsaerak eragin handia du datuon interpretazioan.

A.A.: Gure diziplinari dagokionez, zuhurra eta zuzena izatea da kontua. Gainontzeko guztia irits daiteke eta iristen da —nahiz eta ez aitortu— oso ideologikoa izatera. Gure espeziearen garapen biologikoa eta egokitzapen kulturalak —gure koska hori— ezin dira interpretatu ideologiarik gabe. Lehen aipatu dudan bezala, datu analitikoek diote denok garela hibridoak, denok gatozela Afrikatik; baina ikusi nola interpretatzen den hori konstrukto kultural batean eta nola irakurtzen dituzten datuok batzuek eta besteek.

 

 

 

Merkatua

 

Zenbateraino bihurtu da zientzia ere merkatuaren logikaren preso?

A.A.: Gizarteratze lanaren irakurketa gaitza da, eta denok gaude hor sartuta. Arkeologia fetitxismoz beteta dago. Olinpiar Jokoetan gaude beti: «Nik daukat zaharrena», «nik daukat handiena», «nik daukat politena»... Bereziki, aztarnategi arkeologikoetan giza aztarnak aurkitzen baldin badituzu. Halakoetan, podiumera igotzen zara zuzenean. Saltzaile bihurtzen ari gara azkenean, aztarnategi bat askoz hobeto saltzen delako gizakien aztarna fosilak baldin badauzka.

I.A.: Astronomian ere, aurkikuntza handi bat dago eta toki guztietan agertzen da. Baina hori aurrerapauso bat besterik ez da; ez da azken teoria. Justu kontrakoa esango duen zerbait etor daiteke. Hori da zientzia, azken batean. «Oker zeuden» ere esan ohi da, eta ez: interpretazio bat egin zuten; zeuzkaten datuak kontuan izanda egin zuten beren proposamena. Zientzian ez dago erabateko frogarik, aizu.

A.A.: Hala da, baina nik ondo gogoan dut 2003an Flores uhartean [Indonesia] gizaki baten aztarnak agertu zirela —Homo floresiensis jarri zioten izena—. Ordu arte, dena argituta zegoen; munduko antropologo oso ospetsuek txantxatzat jo zuten albistea. Ordutik hona, bi edo hiru urtean behin, gizaki espezie berri bat agertzen da; batzuetan, gurekin aldi berean bizi izan dena. Urtean hiru edo lau aldiz gertatzen dira «mendeko aurkikuntzak». Eta egia da unibertsitateko testu liburuak aldarazten dituzten aurkikuntzak direla, baina logika horretan sartzeak badu bere arriskua. Denok egin behar dugu autokritika txiki bat horretan, baita kazetaritza aldetik ere.

I.A.: Baita historiaren aldetik ere. Hartu Einstein, esaterako. Jenio bat zen, baina hark ere beste pertsona batzuek egindako lana erabili zuen. Hor bada kate bat, eta kate hori aitortu egin behar da. Duela gutxi ezagutu dugun zulo beltzaren irudi hori, esaterako: hor talde handi bat aritu da lanean —100 bat lagun—, ez pertsona bakarra. Nobel sariekin berdin.

A.A.: Zientzian frankotiratzaile moduan aritu nahi izatea, bakuna eta bakarra izateko, alferrikakoa da gaur egun.

I.A.: Nik ere talde handietan egiten dut lan. Ehun kidekoak-eta. Egia esan, gero oso zaila da azaltzen zure ekarpena lantalde handi horretan, eta beharrezkoa duzu ondo azaltzea akademia barruan -eta proiektu berrietarako laguntzak eskatu behar dituzunean—, baina talde handia behar duzu.

"Beti izan dut lanerako aukera gehiago kanpoan, hemen baino. Hemen talde batzuk badaude, baina jendea joan egiten da oraindik, unibertsitateetan ez dagoelako espektro zabalik"

Itziar Aretxaga

 

Zientziaren historia aipatu duzu, Itziar, eta hor ere emakumeen izenak apenas ageri diren.

I.A.: Zer esango dizut, bada, nik... Aldatzen ari da, baina aitortza lortzeko bide luzea dago egiteko oraindik. Gatazka handia dago hor, eta desoreka bat. Desoreka hori, baina, kulturala da erabat.

Hitz egin dezagun ikerlari gazteen panoramari buruz. Zuetako bakoitzak ezagutzen duen esparrutik, nola ikusten duzue?

I.A.: Gauzak ez dira inoiz errazak izan, eta, ziur aski, ezta izango ere.

A.A.: Adanismo apur bat ere badago. Batzuetan, entzuten duzu: «Inoiz ez dira egon gauzak egun bezala». Eta nik gogoan dut karrera bukatu nuenean %20tik gorakoa zela hemen langabezia.

I.A.: Urte bertsuan bukatuko genuen biok karrera, eta, pentsa ezazu, ni kanpora joan nintzen, eta ez naiz sekula bueltatu!

A.A.: Horixe. Eta zure karrera praktikoagoa zen, nolabait esatearren. Nire lan aukerak hutsaren hurrengoa ziren.

Alde horretatik, hobetu egin da egoera zuen garaitik?

A.A.: Zenbait gauzatan, bai; beste zenbaitetan, berdin jarraitzen du. Uste dut egiturazko faktoreak eta bertako faktoreak bereizi egin behar direla. Bertako faktore bat da, adibidez, egon den krisialdia, oso gogorra, akademian bereziki. Horren ondorioz, unibertsitateetako piramideetan belaunaldi oso bat falta da, 40 urte ingurukoena, ez dutelako aukerarik izan promozionatu eta akademian sartzeko.

Egiturazko faktoreen artean, erraztasun handiagoa dago doktoretza egiteko finantzaketa lortzeko, doktoretza ondokoa egiteko baino. Hori arazo handia da.

I.A.: Niri eman zizkidaten bekak, eta oso eskertuta nago alde horretatik gizarte honekin, baina profesionalki beti izan ditut aukera gehiago kanpoan, hemen baino. Hemen talde bakan batzuk badaude zenbait lekutan, eta, beharbada, hortik sortuko da beste zerbait handiagoa, baina, oraingoz, mundu horretan ez dut aukera handirik ikusi. Jendea joan egiten da oraindik hemendik, hemengo unibertsitateetan ez dagoelako espektro zabalik.

A.A.: Kanpora ateratzea halabeharrezkoa ere bada. Nire frustrazioaren zati bat da, hain zuzen ere, doktoretza ostekoa egiten ari nintzela, unibertsitatean irakasle hasteko erabakia hartu izana. Gogorra izan zen. Orain, hiru urtean behin, bizpahiru hilabete beste ikerketa zentro batean egiten saiatzen naiz. Kontua da joandakoen itzulera nola bermatu, etorri nahi izanez gero.

I.A.: Ni Mexikon bizi naiz azken hogei urteetan, eta gure departamenduan erdiak Mexikotik kanpokoak gara. Cambridgera postdoka egitera joan nintzenean ere, gauza bera. Non topatzen duzun lana, hor egokitzen zara. Globalizatutako arlo bat da.

 

 

Negazionismoa

 

Kreazionismoa, terraplanismoa, klima aldaketaren ukazioa... Mendebaldean, negazionismoa indartzen ari da gero eta eremu gehiagotan, erlijioaren eskutik.

I.A.: Niri beldur izugarria sorrarazten dit. Batzuk agintari politikoak dira, gainera, eta eragin izugarria daukate jendearengan. Gero eta gehiagok sinesten du zientzia beste aukera bat dela, fede bat balitz bezala. Eta mendeetan zerbait egin baldin badugu, eraikin zientifiko bat egin dugu, ahalik eta objektiboena. Zerbait gaizki egin dugu metodo zientifikoa gizarteratzerakoan.

A.A.: Kreazionismoarekin borrokan ari gara 1859tik hona, [Charles] Darwinek bere [Espezieen jatorria] liburua kaleratu zuenetik, eta, ukitu positibo bat ematearren gaiari, inoiz baino kreazionista gutxiago dago egun munduan. Beste kontu bat da ea zenbateraino duten eragina. Trump aipatu ohi da, baina Ronald Reagan ere kreazionista zen.

I.A.: Baina ez da AEBetako kontua bakarrik. Latinoamerika osoan ari dira hedatzen. Bolsonarok, esaterako, terraplanista bat izendatu du Zientzia ministro.

A.A.: Bai, oso ikusgarriak dira orain, baina gure kritikak ere ikusgarriagoak izan daitezke horrexegatik. Guk baditugu gure argudioak, oso objektiboak, halakoen tesiei aurre egiteko. Neronek izan dut 14 urteko bat, indusketa batean barreka, «mundu guztiak daki-eta Lurrak 6.000 urte dituela» esaka. Arrasaten izan zen. Jehovaren lekukoa zen. Kreazionista, beraz.

I.A.: Nik oso desberdin ikusten ditut Europa eta Amerika. Populismoaren eskutik, halakoak oso errotuta ikusten ditut Amerikan.

A.A.: Baina ez dira gehiago.

I.A.: Baina ahots gehiago eta botere handiagoa daukate.

A.A.: Hori bai, baina hori gure abantaila bihurtu behar dugu. Argudio zientifikoak gizarteratu eta gizarteratu, ezin dugu besterik egin. Gure metodoa egokia da. Froga dezatela ez dela zuzena.

I.A.: Jende horri datuak bost axola zaizkio, ez da hori ahaztu behar.

A.A.: Bai, baina Trumpi boza eman dionak zer uste duzu, sinesmen sistema oraingoa duela? Lehendik bazuen!
 

"Oraingo jokabideei eutsiz gero, gizateriak 200 urte baino gehiago irautea zientzia fikzioa iruditzen zait; Marten kolonia bat izatea baino askoz zientzia fikzioago"

Alvaro Arrizabalaga

 

Eta fedea eta zientzia uztartzea, ez al da oximoron bat?

I.A.: Zientziaren aldetik, dena azal daiteke. Big Bang-aren beraren azalpen posible batzuk ere badaude; horretarako ez duzu jainkorik behar. Badago beste printzipio bat zientzian, Ockhamena, beharrezkoa ez den zerbaitekin bizitza konplikatu beharrik ez daukazula dioena. Nik bat egiten dut horrekin, baina besteek zer egiten duten... Errespetu osoz ikusten dut. Horrek ez dauka eraginik zientzian. Pentsatzen dut astrofisika arloko zientzialarien erdiek-edo badutela fedea erlijioren batean edo bestean.

A.A.: Bai? Horrenbeste?

I.A.: Bai. Nik asko ezagutzen ditut.

A.A.: Harrigarria iruditzen zait. Ez nuen pentsatzen horrenbeste izango zirenik. Arkeologian oso fedegabeak gara. Sinesmenak eta ezagutzak norabide desberdinak dira. Ez dut esango guztiz kontrajarriak direnik, baina norabide desberdinean doazela bai.

Sapiens-a planetarentzako izurrite bihurtu da?

A.A.: Harrapari bihurtu gara geure planetarentzat, gure espeziearentzat eta gainontzekoentzat. Eta hori azaltzeko ez da erlijioaren beharrik.

I.A.: Dauzkagun datuek erakusten dute gure planeta kolapsora daramagula, baina niri kristoren bakea ematen dit jakiteak zeinen zaharra den unibertsoa eta zeinen zaharra den Lurra. Gu, hari horretan, etapa txiki-txiki-txiki bat besterik ez gara. Lurrari bost axola zaio guri zer gertatzen zaigun espezie gisa; gu desagertuko gara eta segituko du bizitzen. Eta hau planeta bat besterik ez da unibertso handi-handi-handi batean. Hori da nire jarrera.

Garapena «gehiago, azkarrago, urrunago» kontzeptuekin lotu izanak ere izango du eraginik.

A.A.: Batez ere, «diru gehiago» kontzeptuak du zerikusi zuzena horrekin. Eredu ekonomikoa dago azpian, hori sustatzen.

 

 

Etorkizuna

 

Teknologiak kolapsotik salbatuko gaituela uste duenik bada.

I.A.: Teknologiak aurrerapen asko ekarri digu, eta duela berrehun urte baino hobeto bizi gara, bai, baina teknologiak ezin ditu konpondu problema guztiak.

A.A.: Nik uste dut teknologia anestesia dela; egungo egoeraz benetan ez jabetzeko darabilgula.

Bi mende barru beste planetaren batean bizitzeko gai ikusten gaituzula esana duzu, Itziar.

I.A.: Bai. Lurra konkistatu eta kolonizatu den bezala, planeta sistemako beste toki batzuetan egingo dugu. Ezinbestekoa da. Lurra txikia geratu zaigu. Ilargira joateko teknologia badaukagu, hara joateko planak berriro abian daude, eta han gauza asko egin daitezke. Nire ustez, 200 urte barru egongo dira koloniak Ilargian, eta, beharbada, Martera ere joanak izango gara eta norbait bizitzen egongo da han ere. Bide hori jada aurreikusia eta planifikatua dago.

Lurraren egoera bost, orduan?

I.A.: Ez. Lurra gure kuartel nagusia da. Batzuk ari dira jada pentsatzen ea zer neurri jarri behar diren martxan giza bizitza hemendik milioi bat urtera Lurrean egon dadin.

Gure inguruko planeta guztiak ez daude bizitzarako egokituta, eta hemendik sortu behar duzu egokitasun hori. Beste izar baten planetara joateko ez daukagu teknologiarik. Ez dugu izango 200 urte barru, nik uste. Akaso, 1.000 urte barru ere ez. Distantzia oso handiak dira, ikaragarriak.

A.A.: Ez dakit nola iritsiko garen beste 1.000 urte bizitzera genero moduan, eta badaramatzagu 2,5 milioi lur gainean. Zalantza asko dut. Oraingo jokabideei eutsiz gero, 200 urte baino gehiago irautea zientzia fikzioa iruditzen zait; Marten kolonia bat izatea baino askoz zientzia fikzioago.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.