Alavesek eta Osasunak atzera pausoak eman zituzten atzo Lehen Mailara igotzeko bidean. Gasteizko taldeak txikia, husna egin baitzuen etxean Lugoren aurka. Osasunak, aldiz, handiagoa, 3-1 galdu baitzuen Albaceten, jaitsiera postuetan sartuta dagoen talde baten zelaian.
Bolada txarrean dago Alaves, lau puntu lortu ditu bakarrik azken sei jardunaldietan, baina hala ere bigarren postuari eusten dio lehen itzuliko uztari esker. Atzo ez zen izan Lugo baino askoz gehiago, eta bi taldeek garesti ordaindu zituzten gola sartzeko dituzten arazoak. Hala ere aukera onena etxekoek izan zuten, bigarren zatiaren hasieran, Pelegrinen burukadak langa jo zuenean.
Osasunak egun ilunagoa izan zuen Albaceten, eta igoera kanporaketa postuetatik irten daiteke gaur. Aurkaria kinka larrian dago eta hori baliatzeko asmoz zelairatu zen baina etxekoak nagusi izan ziren. Albacete 2-0 aurreratu zen lehen ordu erdian eta Urko Verak sartu zuen 2-1ekoa 42. minutuan. Osasunak eskura izan zuen berdinketa bigarren zatian baina ez zuen asmatu. Albacetek Torresek eginiko penalti inozoa baliatu zuen 3-1ekoa sartzeko (86. min.). Athletic B-k gaur jokatuko du (17:00), Nasticen aurka.
Alavesek husna egin du etxean eta Osasunak 3-1 galdu du Albaceten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu