Kataluniako prozesu subiranista

Masen proposamena "hobetzeko" prest dago ERC

Alderdiak ez dio eskaintzari aterik itxi, eta abenduaren 2an jakinaraziko ditu bide orria "optimizatzeko" proposamenak. Rajoyk dio Masek "katalanen gehiengoa albo batera utzi" duela.

Joan Tarda, ERCko diputatua Madrilen. JAVIER LIZóN / EFE
Ander Perez Argote
2014ko azaroaren 26a
07:50
Entzun

Hauteskunde plebiszitarioak egiteko borondatea erakutsi zuen atzo Artur Mas Generalitateko presidenteak, alderdi independentistek horretarako zerrenda bakarra osatuko balute. Zerrenda horrek irabaziz gero, behin-behineko gobernua osatuko lukete, hemezortzi hilabetez jardungo lukeena, ondoren independentziari buruzko erreferenduma egiteko.

Masek proposatutako bide orriari erantzun dio Joan Tarda ERCko diputatuak. Adierazi duenez, alderdia "ez dago erabat itxita" proposamenari dagokionez, baina "hobetu" nahi dute. Edonola, zerrenda bakarrak boto gutxiago lor dezakeela uste du Tardak, alderdiak bananduta aurkeztuta baino. ERCko diputatuaren arabera, Masen proposamena "oso garrantzitsua da, historia hurbilean presidente batek inoiz ez duelako hain argi hitz egin", baina, edonola, estatu independentearen aukera "ziurtatu" behar dela uste du. Argi mintzatu da horren inguruan: "Ezin dugu ez irabazteko aukerarik eman". Alde horretatik, Masen eskaintza optimizatu nahi duela berretsi du, eta abenduaren 2a jarri du horretarako epe modura; egun horretan hitzaldia emango du Oriol Junqueras ERCko idazkari nagusiak, eta, Tardaren hitzetan, orduan argituko dira "Masen proposamena hobetzeko aukerak".

Zerrenda bakarra osatzeaz hitz egiteko prest agertu da Josep Antoni Duran i Lleida UDCko burua. Hala ere, azaldu du ez dela berdina independentziaren aldeko zerrenda bakarra osatzea edo CiUk eta ERCk koalizioa egitea, eta uste du gainerako alderdiek, "ez soilik ERCk, oso erraz" egin diezaioketela uko zerrenda bakarraren proposamenari. Horrez gain, nabarmendu du programaren edukia ere garrantzitsua dela, ez soilik estatu independentearen proiektua. Gogorarazi du UDC konfederazioaren aldekoa dela, ez independentziaren aldekoa, baina "elkarrizketarako prest" dagoela ziurtatu du.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, bestalde, Masen asmoak gaitzetsi ditu. Adierazi duenez, Generalitateko presidenteak katalanen "gehiengoa albo batera utzi" du. Hori dela eta, Katalunian "gobernu defizita" dagoela uste du Rajoyk, eta Generalitateak hartutako bidea kritikatu du: "Inora ez doan urratsa da".

ANC Biltzar Nazional Katalanak, berriz, datorren larunbatean jakinaraziko du bere jarrera ofiziala. Kataluniako mugimendu zibil independentista nagusiak batasuna eskatu die orain arte alderdi politikoei, eta gobernuko presidentea estutu du hauteskundeetara beranduenez hiru hilabete barru deitzeko. Atzo, Carme Forcadell presidenteak begi onez ikusi zuen Masen bide orria: "Ezetz esatea zaildu du". Era berean, ERC zerrenda bakarrean sartu beharko litzatekeela uste du, proiektua "herren" legokeelako bestela.

Alderdi txikien errezeloa

A-9a babestu zuten gainerako alderdiek ez zuten buruzagirik bidali Masen agerraldira, ezta UDC koaliziokideak ere. Quim Arrufat CUPeko parlamentariak zalantzan jarri du zerrenda bakarra osatzea independentziaren aldeko gehiengoak osatzeko biderik egokiena ote den: "inon ez dago idatzita zerrenda bakarra modurik onena denik". Alde horretatik, "batuketa guztiek batzen" ote duten galdetu du Arrufatek. Katalunian "sufritzen duten herritar asko" daudela gaineratu du, eta independentzia horiengan pentsatuta eraiki behar dela defendatu. "Independentzia ez da golf zelai batetik eraikitzen", borobildu du.

Hasierako taldetik gehien urrundu dena ICV-EUiA izan da. Masek bere plan alternatiboa aurkeztu zuenetik, Joan Herreraren alderdia balantzaka ibili da alde batera eta bestera: hasieran esan zuen ez zuela galdeketan parte hartuko; gero, «bai-ez» bozkatuko zuela. Orain, kanpaina egitea egotzi dio gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.