Albistea entzun

Unai Garcia de Andoin

"Arcelorreko lantegi batzuek lehiari eman diote lana, ez guri"

Abenduaren 19an Aguraingo Arcelor Mittal enpresako buruek lantega itxi egingo dutela jakinarazi zieten langileei. Urtarrilean hasiko dituzte negoziaziook; bitartean, langileek greba mugagabea iragarri dute. Garcia de Andoin Arcelorreko langile batzordeko buruak dio lana egon badagoela.

Aguraingo Arcelor Mittaleko langile batzordeko presidentea da Unai Garcia de Andoin.
Aguraingo Arcelor Mittaleko langile batzordeko presidentea da Unai Garcia de Andoin. Raul Bogajo / Argazki Press

Asier Garcia Uribarri -

2015eko urtarrilak 9 13:40

Eguberri gogorrak pasatu dituzte Aguraingo Arcelor Mittaleko langileek. Enpresak abendu bukaeran jakinarazi zien lantegia ixteko asmoa duela, baina ez diete azalpen gehiagorik eman. Hil honetan hasiko dituzte negoziazioak, baina oraindik ez dakite lantegia guztiz itxiko duten, beste lantegi batzuetan lana emango dieten edo kaleratu egingo dituzten. Unai Garcia de Andoin (Agurain, 1980) lantegiko langile batzordeko presidentea da, eta uste du lana badagoela, sektoreko beste enpresa batzuek badutelako. Negoziazioak urtarrilean hasiko dituzte. Asteazkenean hasi zuten greba mugagabea.

Zein da egoera Aguraingo Arcelor Mittal lantegian?

Egia esan ez dakigu gauza handirik. Abenduaren 17an, arratsaldean, nagusiek langile batzordeko kide bati esan zioten bi egunen buruan bildu behar genuela lantegiaren egoeraz hitz egiteko. Abenduaren 19an elkartu ginen. Esan ziguten lantokiaren egoera oso txarra dela eta ixtea saihetsezina dela. Beraz, abenduaren 23an berriro bildu eta kontsultak hasiko zituztela esan ziguten.

Baina oraindik ez dituzue kontsultak hasi, ezta?

Hori da. Ixteko, lana erregulatzeko txostena aurkeztu dute, eta negoziazioak hasteko geratu ginen abenduaren 23an. ELAko kideekin aurkeztu ginen, legeetan gu baino jantziagoak daudenekin. Esan genien ez zela unea kontsultak hasteko. Berez hilabete irauten du horrek, eta Gabonak oso garai txarra da ezer egiteko. Bi astetan hiru egunetan baino ezin ginelako bildu. Arrazoia eman ziguten, eta urtarrilera arte atzeratu dituzte kontsultak.

Eskaintzarik egin dizue enpresak?

Oraingoz ez dakigu ezer, azken bilerara ekarri zituzten dokumentuak ez baitzizkiguten erakutsi. Kontsultak hasi arte gordeko zituztela esan zuten. Beraz, ez dakigu zein egoeratan gauden. Ez dakigu beste lantoki batean lana eskaini edo kalte-ordainak emango dizkiguten.

Baduzue negoziazioak hasteko datarik?

Ez digute eman datarik. Urrian hauteskunde sindikalak izan genituen, eta orduan esan ziguten lantokiaren egoerari buruz hitz egin behar genuela. Baina lan karga jaso genuen, eta abendura arte ez da berriro gaia atera. Eurek nahi dutena da lehenengo guk lana bukatu eta gero fabrika itxi. Ez dugu onartuko. Lehenengo gure etorkizuna argitu behar dugu.

Aurretik izan dituzue lana erregulatzeko txostenak?

Bai. Arcelorrek 2009ko ekainean egin zuen talde osorako lana erregulatzeko txostena. Asturiasen [Espainia] sinatu zuten, han baitituzte langile gehienak. Baina, gero, aplikatzerakoan handik kanpo egin dute gehienbat. Gurean ematen du azken urteetan lan gehiago egin dutela txostena aplikatzeko lana bilatzeko baino.

Bost urte daramatzagu egun, astebeteko eta hilabetetako etenak ere egiten. Hori dela eta, langile askok jada ez dute langabezia saririk, eta enpresa orain itxi nahi dute. Ez dago eskubiderik.

Uste duzue enpresak aurrera egin dezakeela?

Nik uste dut lana egon badagoela. Arazoa da komertzialak azken lau urteetan ia ez direla lantegitik atera. Horrela ezinezkoa da lana izatea. Gure lantegitik bost kilometrotara badago gure lan bera egiten duen beste enpresa bat, eta eurek badute lana. Jakin dugu Arcelorreko lantegi batzuek, guri eman beharrean, lehiari eman diotela lana. Ez dakigu eskari handia edo txikia izan den, baina ez da logikoa lehiarengana jotzea zure taldeko enpresak lan faltan daudenean.

Zergatik uste duzue enpresak merkatu berriak ez bilatzeko jarrera hori duela?

Ez dakigu zergatik gertatzen ari den hori, baina ematen du enpresari jada ez zaiola interesatzen landutako produktuak ekoiztea. Antza produkzioa bideratu nahi dute Asturiasko mehatzetatik ateratzen dutena haril eta xafletan antolatzera.

Zuek zer produzitzen duzue?

Agurainen bi lantegi daude. Batean, harilak mozten dituzte; esan daiteke zerbitzu zentroa dela. Bestean, berriz, argiztatze zutoinekin zerikusia duen edozer egiten dugu, hala nola kaleargi eta semaforoak. Horrez gain, oximozketak egiten ditugu.

Mobilizazioak hasiko dituzue?

Bai; jada egin ditugu pare bat elkarretaratze eta manifestazio herrian bertan. Urtarrilaren 7an, gainera, greba mugagabea hasi genuen.

Instituzioekin biltzeko asmorik baduzue?

Bai, baina eurekin bildu aurretik enpresak zer eskaintzen duen jakin nahi dugu. Itxi behar dutela esan digute, baina ez dakigu zein baldintzatan. Hala ere, Aguraingo Udaletik eta Arabako Aldunditik deitu gaituzte egoeraren berri jakiteko. Ez dakit zer gertatuko den, baina gure helburua argia da: modu batean edo bestean lanpostuak mantentzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Nord Streamen gas isuri nagusia eten egin da Baltikoan; bigarrena ez

Xabier Martin

Suediak dio ihes handiaren arrastorik ez dela ikusten itsasazalean. Europako gas eskaerak %10 egingo du behera 2022. urtean, IAEren arabera.

Lan istripu bat salatzeko protesta, Garesen. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Alloko Essityn lanean ari zen behargin bat hil da

Xabier Martin

Irailaren 22an Nafarroako paper lantegi horretan lanean ari zela bihotzekoak jota erietxera eramandako behargina da zendu dena.

Greba egun baten berri ematen duen afixa, Donostia Ospitaleko sarrera nagusian. ©Jon Urbe / FOKU

ELAk greba giroa zabalduko du sektore publikoan, KPIaren igoera bermatzeko

Imanol Magro Eizmendi

Kontaktuak hasi ditu beste sindikatuekin, baina LABek nabarmendu oraindik ez duela bat egin eta publikoki kritikatu du ELAk alde bakartasunez eman izana greba asmoen berri.

LABek Bilboko egoitzan antolatutako prentsaurrekoa, gaur goizean ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

LABek ostalaritzako hitzarmena nahi du Glovoko langileentzat

Olatz Silva Rodrigo

EAEko Fiskaltzaren aurrean salatu du Glovo, langileen eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...