'FALCIANI ZERRENDA'
Zerga ihesaren aurka protesta egin du Bizi mugimenduak
HSBCren Baionako egoitzatik hainbat altzari hartu eta Bizi-ren lokalera eraman dituzte zenbait militantek. "Guziena" dena "berreskuratu" dutela diote, eta zerga ihesean galtzen den dirua bertze gastu batzuetarako erabiltzeko eskatu dute.

Bizi mugimendu altermundialistak, HSBC bankuaren Baionako egoitzatik hainbat aulki eta besaulki ebatsi, eta bere lokalera eraman ditu, bankuaren zerga ihesa salatzeko. Ohartarazi dutenez, Frantzian urtero 60 eta 80 miliar euroren arteko eskasa sortzen du zerga ihesak. Aldiz, «gutxieneko anbizioa» lukeen trantsizio energetikoaren lege batek 30-40 miliar euro artean beharko lituzke. “Robin Hood alderantziz da: aberatsenek pobreenei ebasten diete, oraino gehiago aberasteko”.
HSBCren altzariak zertarako erabiliko dituzten erraz azaldu dute: “Gure bilkurak egiteko”. Eta aulkiak Bizi-ren lokalean instalatuak dituzte jada. Haiek egindako ekintza bezala, bertze herritarrei ere dei egin diete antzekoak egitera: “Jendarteari deia egiten diogu eragin dezan finantza publikoen harrapakeria horren gelditzea aldarrikatzeko”.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.