Memoria

Elkarte bat sortu dute sanfermin herrikoi eta laikoen alde

Txupin Etxepare taldeak Juanito Etxepare zenaren izena hartu du; hura izan zen lehena txupinazoa botatzen, eta 1936ko gerran fusilatu zuten.

Ekimenaren aurkezpena, Iruñeko Alegria Peñan. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2015eko maiatzaren 8a
18:04
Entzun

Iruñeko bestek aspaldiko izaera herrikoia berreskura dezatela nahi dute hainbat herritarrek, eta helburu horrekin sortu dute Txupin Etxepare elkartea Iruñeko Peñen Federazioko eta Memoriaren Autobusa taldeko kideek. Eskaera batekin jarri dute martxan taldea: Iruñeko Udalari galdegin diote Veleta peñako kideen ondorengoek bota dezatela aurtengo sanferminetako txupinazoa. Veletako kideak izan ziren sanferminetan zuriz janzten lehenak, 1931n. Peña horretako hainbat kide fusilatu zituzten 1936ko gerran. Haien senideek, hain zuzen, Txupin Etxepare elkartearen omenaldia eta Angel Iribarren eskultoreak egindako oroigarria jasoko dute, uztailaren 6an.

Omenaldi horren bidez, Juanito Etxepare bera oroitu nahi dute elkarteko kideek. "1931n, pirotekniako kideei baimena eskatu zien txupinazoa botatzeko; Gazteluko plazan botatzen zuen, kalean bertan, haurrek inguratuta", azaldu du Memoriaren Autobusa elkarteko kolaboratzaile eta kazetari Ivan Gimenezek. Etxepare 1936ko gerran fusilatu zuten. "Ezer gutxi dakigu gertatu zenari buruz; eta haren gorpua non den ere ez dakigu", erantsi du Gimenezek.

Veletako kideen eta Etxepareren berri zabaldu nahi dute Txupin Etxepare elkarteko kideek. "Egun inor gutxik daki txupinazoa Etxeparek bota zuela lehendabizikoz, edo zuriz jazten direla Veletako kideei esker". Kale Nagusian estankoa zuen Etxeparek. "Falangisten esku gelditu zen Etxepare hil eta gero". Ez hori bakarrik. 1939tik aurrera, Iruñeko Udaleko zinegotzi Joaquin Ilundainek eta Jose Maria Perez Salazarrek txupinazoa botatzeko ardura haien esku hartu zuten. "Oraindik ere, udalaren webgunean, txupinazoaren tradizioaren bultzatzailetzat jotzen dituzte zinegotzi falangista horiek", azaldu du Gimenezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.