Gabarraren zain

Athletic nagusituz gero, astelehenean aterako dute gabarra itsasadarrean barrena, eta haren ondoan joan gure dutenek eskaera egin behar dute. Duela gutxi arte beharrean aritu da ontzia.

Natalia Salazar Orbe.
2015eko maiatzaren 29a
12:28
Entzun

Nerbioi ibaitik gabarra bat zetorren...", dio gaztelerazko abesti zaharrak. Egunotan bati baino gehiagori etorriko zitzaizkion burura hitz eta doinu horiek. Espainiako Errege Kopako emaitza oraindik iritsi ez den arren, garaipena Atheticen esku ikusten dutenak prest daude, jada, lorpena ospatzeko. Milaka dira zale horiek. Ospakizun horren eskutik, ezin bereizita, gabarra ikusten dute itsasadarrean gora eta behera. Irrikan daude jokalari zuri-gorriak ontzi horretan saltoka eta kantuan ikusteko. Haurtzaro zein gaztetako Bilboko irudiak gordeta gelditu dira askoren oroitzapenetan, 35 urte dira-eta gabarra azkenekoz atera zutenetik. Herdoilduta, zahartuta eta hautsez beteta imajinatuko dute askok, orduz geroztik. Baina errealitatea bestelakoa da. Oraintsu erretiroa hartu berri du ontziak, eta Itsasadarra Itsas Museoan dago, zain, biharkoaren ostean berriz ere protagonista bilakatzeko aukerarik izango duen zain.

Urtebete eta erdi besterik ez darama lehorrean. Hala azaldu dio Bizkaiko HITZA-ri museoko zuzendari Jon Ruigomezek. "Bilboko portuan aritu da beharrean", itsas museora eraman zuten arte. Harena da orain gabarra.

"Ezin nuen sinetsi lanean ikusi nuenean", aitortu du. Hala zen, ordea: "Atoiontzi baten laguntzagaz zebilen kanpo portuan; itsasontzi handiek dikea jo ez dezaten jartzen diren gomazko defentsa handi horietako batzuk ipintzeko beharretan".

Ospakizunak, astelehenean

Klubak eta portuko zuzendaritzak azken xehetasunak adostu behar badituzte ere, aurreikusitakoaren arabera astelehenean aterako da gabarra. Betiere, Athleticek irabazten badu. Getxotik 14:00ak aldera abiatzea da asmoa.

Itsasadarrean zale andana elkartuko den zalantzarik ez dago. Eta erantzukizuna dutenak kezkatuta daude. "Duela 30 urteko garaipena ospatu zenean, jende mordoa elkartu zen. Bihar irabazten badu, izugarria izango da; zoramena, ibarrean zein uretan bilduko den jende kopuru handiari erreparatuta", iritzi dio museoko zuzendariak.

1980ko hamarkadan 800 laketontzi batu ziren. Egun 12.000 elkar litezkeela kalkulatu dute, eta horrek kezkatuta dauzka arduradunak. Kopurua murriztu behar dela eta, mugak ezartzea erabaki dute. Hala, gabarraren ondoan joan gura dutenek eskaera bidali behar dute [email protected] helbidera.

Milioi bat zale inguru batu ziren itsasadarraren ibarretan 1983an Athleticek zazpigarren aldiz Liga irabazi zuen hartan. 1984an egingo zuten ibilbide bera berriz ere. Liga ez eze, Errege Kopa ere irabazi zuten orduan zuri-gorriek.

Bartzelonaren kontrako partida izan zen orduko hura ere. Diego Armando Maradonaren Bartzelona garaitu zuen Athleticek, eta arnasa eman zien horrek bilbotarrei: bederatzi hilabete lehenago hiriburuan kalte izugarriak eragin zituzten uholdeek, eta partidaren osteko ordu haietan ahaztu egin zituzten. Bateko eta besteko zaleak elkartu ziren jokalariei harrera egiteko: bulego, lantegi, denda, burdindegi eta baserriko beharginak ere bai, orduko kazetariek kroniketan jaso zutenez.

Dena den, Athletic ez da izan gabarra erabili duen futbol talde bakarra. Hark baino lehenago, Olabeagako Acero klubeko gizonek zapaldu zuten era horretako ontzi bat. 1924a zen.

Emakumerik ez

Eta merezi arren gabarran ibiltzeko aukerarik izan ez dutenak ere badira: Athelticeko emakumeak. 2003an irabazi zuten Liga. San Mameseko harmailak zalez gainezka zeuden partida hartan, eta oihartzuna izan zuen garaipenak. Ez, ordea, gizonezkoenak beste. Gabarra aterako zela uste zuten askok; atera behar zela. Baina ez zen hala izan, eta polemika izan zen garaipenaren osteko egunetan. Ospakizuna ere euren artean besterik ez zuten egin jokalariek, ekitaldi publikorik gabe. Gerora, Ligako beste hiru titulu eskuratu dituzten arren, ez dute, sekula, gabarran igotzeak sinbolikoki gordetzen duen aitortza jaso.

Bilboko ontzi berezia

Gabarra ontzi berezia da; Bilbon oso ohikoa zena. Hiriburuko argazki zaharrak begiratuz gero, udaletxe aldean era horretako 30 ontzi inguru zeudela ikus daiteke. Ohikoak ziren XIX. mendean eta baita XX.aren hasieran ere. Baina egun geratzen den bakarra Itsasadarra Itsas Museoan dagoena da. Hori da duela 30 urteko ospakizunetan erabili zena: "Benetakoa".

Industrializazio garaian berebiziko garrantzia izan zuten ontzi horiek. "Garraiorako erabiltzen ziren. Horien ezaugarri nagusia motorrik ez dutela da". Hala, beti ibili izan dira atoiontzi batek tira eginda. "Ziurrenik, ontziari egonkortasun handiagoa ematea izango da horren arrazoia", azaldu du museoko zuzendariak. Gainera, gainazala erabat erabilgarria da motorrik gabe ere, eta karga eta deskarga lanak egitea errazten du horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.