espainiako kopako finala

Zigorrik ez, oraingoz

Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak informazio gehiago eskatu die segurtasun indar eta antolatzaileei Espainiako ereserkiaren aurkako txistukada ikertzeko. "Ez du baztertu" taldeak eta federazioa zigortzea.

Athleticeko zaleek finalaren aurretik Camp Nouko harmailetan zabaldu zuten pankarta erraldoia. Une horretan hasi ziren Espainiako ereserkia eta ikusleen txistukada. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko ekainaren 2a
08:46
Entzun

Ez dugu baztertzen taldeak eta Espainiako Futbol Federazioa zigortzea». Miguel Cardenal Espainiako Kirol Batzordeko Idazkariak informazio gehiago eskatu die Espainiako Kopako finaleko antolatzaileei eta haren segurtasunaren arduradunei, Espainiako ereserkiaren aurkako txistukadan legez kanpoko jarduerarik egon zen edo ez jakiteko. Taldeen edo antolatzaileen kasuan, hura eragozteko nahikoa egin zuten jakin nahi du. Aldiz, Kirol Eremuko Indarkeriaren Aurkako Batzordeak garbi du txistukada antolatua izan zela, eta informazio espedientea irekiko die, besteak beste, Per la xiulada a l'himne Espanyol i al Rey Felipe de Borbon manifestuaren sinatzaileei. Catalunya Accio elkarte independentista da ezagunena.

Espainiako Kopako finaleko txistukadaren afera ez da bukatu. Kirol eremuko Indarkeriaren, Intolerantziaren, Xenofobiaren eta Arrazakeriaren aurkako Batzordeak sakon aztertu nahi du txistukada. Batzordea osatzen duten erakundeak atzo elkartu ziren, eta Miguel Cardenal eta Francisco Martinez Espainiako Segurtasun estatu idazkariak eman zuten bileraren berri. Batzordeak uste du lege-hauste bat egon daitekeela txistukadaren atzean, eta informazio gehiago eskatu du. Txistukada antolatua eta bultzatua izan zela uste dute, eta hor aurkitu dituzte delitu zantzuak. Era berean, gogorarazi zuten UEFAko arautegiak espresuki zigortzen duela ereserkiei txistu egitea.

«Taldeek eta antolatzaileek txistukada eragozteko nahikoa zorrotz jokatu ote zuten jakin nahi dugu. Edo ea utzikeriaz jardun zuten. Estadioan legez kanpoko objektu eta pankartak sartu ziren», azaldu zuen Cardenalek. Bartzelonak, Athelticek eta Espainiako Futbol Federazioak bost egun izango dituzte euren azalpenak igortzeko. Cardenalen ustez, «ekintza oso larriak» dira, istiluak eragozteko irizpideen aurkakoak. «Protesta bidezkoak izan daitezke, baina beste eremu batzuetan egin beharrekoak», argudiatu zuen; «ez da bidezkoa hor dagoen jendea kirolaren berezko izaeraren aurkako ekintza batean parte hartzera bultzatzea».

[Youtube]https://youtu.be/iBYr0DRdiF8[/Youtube]

Informazio hori jaso eta aztertu ondoren jakinaraziko dute zigorrik egongo den ala ez. Kiroleko indarkeria eta arrazakeriaren aurkako 19-2007 legeak ezartzen ditu zigorren nondik norakoak. Isun ekonomikoak izan daitezke, edo partidak non edo nola jokatu baldintza dezaketenak. Ez dirudi, egotekotan, isun larriak izango direnik, baina auzia bertan behera utzi ez izanak etorkizunerako abisu itxura du.

«Ekintza antolatua»

2009ko finalean ere txistukada egon zen, eta, orduan, epaileak ez zuen deliturik ikusi. Orain, aldiz, batzordeak beste interpretazio bat egin du. Hala azaldu zuen Martinezek bere agerraldian: «Ez da bakarrik txistukada bat, baizik eta txistukada bat bultzatu zela». Horretarako irekiko dute txosten informatiboa, txistukada bultzatu zuten pertsona fisiko eta erakundeen erantzukizuna zenbaterainokoa den jakiteko. «Txistukada antolatu eta sustatu zuten elkarteak egon ziren», zehaztu zuen idazkariak. Besteak beste, Per la xiulada a l'himne Espanyol i al Rey Felipe de Borbon manifestuaren izenpetzaileak izendatu zituen. Hamabi dira denera, tartean Catalunya Accio edota Plataforma pel Dret a Decidir.

Txistukadaren harira, PPk, atzo esan zuenez, legengintzaldi honetan ez du legea aldatzea proposatuko, astirik ez dagoelako. Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, «errespetu instituzional» falta kritikatu zuen, baina lekuz kanpo ikusten du auzia Indarkeriaren Aurkako Batzordera iritsi izana: «Ez dut besteentzat nahi niretzat nahi ez dudanik, baina ezin dituzu taldeak zigortu erantzukizunik ez duten zerbaitengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.