'Estrobo auzia'

Lekuko babestu batek esan du "egunero" ziztatzen zituztela Urdaibaiko arraunlariak

Aldi bakoitzean zortzi xiringa baino gehiago ziztatzen zizkietela esan du babestutako lekukoak: «Behin, xiringaz beteriko poto bat ikusi nuen, eta pentsatu nuen talde osoarentzat izango zirela, baina esan zidaten denak niretzat zirela».

Urdaibai arraun taldea iazko Orioko Kanpineko banderan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko azaroaren 2a
12:23
Entzun

Hasi da Estrobo auzia. Gaur goizean epailearen aurrean deklaratu dute auziko hamar akusatuek. Denek ukatu dituzte salaketak, Teresa Mesak izan ezik. Mesak onartu du dei bat jaso zuela Kordobako bere etxean (Espainia), bere burua identifikatu ez zuen eta Marcos Maynar medikuaren partez deitzen zuela esan zion pertsona batena, eta Bermeora zenbait substantzia bidaltzeko eskatu zion. Mesak aitortu du pakete bat igorri zuela Bermeora, eta hor dopatzerako erabil daitezkeen zenbait sustantzia bidali zituela, horien artean eritropoietina, EPO gisa ere ezaguna.

Babestutako lekukoak, berriz, aitortu du lehenengo aldiz ziztatu zutenean "gaizki" sentitu zela, eta hurrengo egunean uko egin ziola berriro ziztatzeari. «Entrenatzaileak sekulako errieta egin zidan, eta lehenengo taldetik baztertu ninduen», esan du. Lekukoaren arabera, estropadetara joaten zirenean bi furgoneta eramaten zituzten; iritsi aurretik, zerbitzu gune batean gelditu, eta furgonetetako batean ziztatzen zituzten arraunlariak. Adierazi duenez, behin xiringa bat eman zioten etxean ziztatzeko, baina iritsitakoan ez zuen horrelakorik egin eta garajean gorde zuen. Urdaibaitik joan zenean, Kaikuko entrenatzaile Jose Luis Kortarekin hitz egin zuen gertatutakoaz, eta hari eman zion erabili gabeko xiringa.

Hamar pertsona epaituko dituzte; tartean, Marcos Maynar medikua. Harengana jo zuten akusatuek, fiskalaren ustez, «produktuen kalitatea gainbegiratu eta lortzen laguntzeko. Fiskalak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du, «osasun publikoaren aurkako delitua egiteagatik», eta Garairentzat urtebete gehiago ere bai, «agiriak faltsutzeagatik». Auzia 2010eko irailean piztu zen, Jose Luis Kortak, Kaikuko entrenatzaileak, egindako adierazpenen harira. Kontxako Bandera bukatu berritan hitz egin zuen, eta Urdaibairi, urte hartako garaileari, dopin substantziak hartzea leporatu zion.

«EPOa, nandrolona...»

Fiskalak bere kabuz hasi zuen ikerketa, eta ondorio hauek atera ditu: «Presidenteak, entrenatzaileak, medikuak eta erizainak elkarrekin lortu zituzten substantziak, arraunlarien maila hobetzeko, eta substantzia horietako batzuek osasun arazo larriak eragin ditzakete, baita heriotza ere». Zehaztu egiten du fiskalak zein diren produktu horiek: EPOa, nandrolona eta hormona mota batzuk, besteak beste. Fiskalak dio «horietako batzuk zainetatik sartu zizkietela arraunlariei, hala egitea debekatua dagoenean».

Horregatik guztiagatik, eta beste akusazio batzuengatik, fiskalak espetxe zigorra eskatzen du akusatuentzat. Horien artean ez dago Urdaibaiko arraunlaririk. 2010ean, Urdaibaik Kontxako Bandera ez ezik, San Miguel liga ere irabazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.