Katalunia independentziara bidean

Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du haustura adierazpenaren aurkako helegitea

Ministroen Kontseilua egin ostean inpugnatu du Estatuaren Abokatuak Kataluniako Parlamentuaren haustura adierazpena, eta Konstituzionalak aho batez onartu du helegitea. Behin-behinean bertan behera utzi du adierazpena, eta 21 ordezkari politikori ohartarazi die ebazpena ez betetzearen ondorioez.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren egoitza. MARISCAL / EFE
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 11
07:28
Entzun

Gaur goizean bildu du Mariano Rajoy presidenteak Espainiako Ministroen Kontseilua, eta Kataluniako Parlamentuak astelehenean onartutako adierazpenaren kontrako helegitea onartu ostean, Estatuaren Abokatuak inpugnazioa erregistratu du Auzitegi Konstituzionalean. Gaur arratsean onartu du tramiterako helegite hori Konstituzionalak, eta automatikoki baliogabe utzi du "deskonexiorako" adierazpena, behin-behinean eta bost hilabeterako.

Konstituzionalaren arabera, haustura adierazpenak "nabarmen" urratzen ditu Espainiako Konstituzioko zortzi artikulu: 1.2, 2, 168, 1.3, 1.1, 9.1, 164 eta 23. Orain, hamar eguneko epea du Kataluniako Parlamentuak helegitea aurkezteko.

Haustura adierazpena baliogabe uzteko eskatzeaz gain, Konstituzionalak hor jasotako neurri oro blokeatzea ere nahi zuen Espainiako Gobernuak, eta hala egin du auzitegiak. Horregatik, izen-abizenekin, Kataluniako Parlamentuko eta jarduneko Generalitateko 21 ordezkariri ohartarazpen bat egin die, magistratuen ebazpena bete ezean beren zereginetatik erauzi eta desobedientzia delitua leporatu dakiekela jakinarazteko.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteaz gain, ganberako mahaiko kide guztiak —Ciutadans, PSC eta Catalunya Si Que Es Potekoak barne, talde horiek adierazpenaren kontra bozkatu arren—, Pere Sol Parlamentuko idazkari nagusia —ez da kargu publikoa, funtzionarioa baizik— eta Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea eta gobernuko kontseilari guztiak ohartarazteko eskatu du Espainiako Gobernuak.

Estatu Kontseiluak, ordubete paseko bilera batean, aho batez onetsi zuen atzo Mariano Rajoyren gobernuak helegitea aurkeztea Konstituzionalean. Aholkularitza organoak ebatzi zuen «nahiko oinarri juridiko» badaudela Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuen botoekin onartutako adierazpena inpugnatzeko. Espainiako Konstituzioaren 161.2 artikuluan eta Auzitegi Konstituzionaleko Lege Organikoaren 76 eta 77 artikuluetan ikusi du haustura adierazpenaren kontra egiteko euskarria Estatu Kontseiluak.

Aholkularitza organoak Konstituzionalera jotzeko bermea eman ostean, Soraya Saenz de Santamaria gobernuko presidenteordeak Estatu Idazkarien eta Idazkariordeen Batzordea bildu zuen atzo, eta, horren ostean, gaur eman dio Ministroen Kontseiluak Rajoyri oniritzia Kataluniako Errepublika sortzen hasteko urratsak zehaztu dituen adierazpenaren kontra helegitea aurkezteko.

Konstituzionalak helegitea tramiterako onartze hutsarekin —seguruenik, bihar bertan egingo du—, behin-behinean baliogabe geratuko da Kataluniako Parlamentuaren adierazpena. Bost hilabeteko epean, erabakia berretsi edo ezetsi beharko luke Konstituzionalak.

Fiskaltzak oharra mossoei

Kataluniako independentziarako prozesuan sedizio delituaren zantzurik ikusiko balute gertakariak ikertu eta salatzeko ohartarazi die Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak Mossoei, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari. Auzitegi Nazionalak ez dauka eskumenik legebiltzarkideen eta Generalitateko Gobernu Kontseiluko kideen aurka egiteko, baina bai aforatu ez diren funtzionarioen kontra. Sedizio delitua hamar-hamabost urteko espetxearekin dago zigortuta.

Kataluniako «deskonexio» prozesuari aurre egiteko orduan, Rajoyrekin bat egin du PSOEko buruzagi Pedro Sanchezek —atzo bildu ziren bigarren aldiz—, baina abenduaren 20ko bozen ostean Kataluniako agintariekin elkarrizketa bideak bilatu behar direla erantsi du. Espainiako errege Felipe Borboikoarekin ere bildu zen atzo Rajoy.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.