Noiz sortua: 2016-02-25 08:54:07

HILBERRIA

Rafa Iriondo, aurrelari lerro ahaztezin bateko kide

Athleticeko eta Realeko jokalari eta entrenatzaile izandakoa hil zen atzo, 97 urte zituela.

Rafael Iriondo, 2006an.
Rafael Iriondo, 2006an. Luis Jauregialtzo / Argazki Press

Julen Etxeberria -

2016ko otsailak 25

Gernikan (Bizkaia) jaioa, Iriondok hamahiru denboraldiz jokatu zuen talde zuri-gorrian, 1940etik 1953ra. Athleticeko aurrelari lerro ospetsuenetako bateko kide izan zen, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainzarekin batera. Hain zuzen ere, bera zen aurrelari lerro horietatik bizirik geratzen zen bakarra. Elastiko zuri-gorriarekin 326 partida jokatu zituen, eta 117 gol sartu. Tituluei dagokienez, bost irabazi zituen: Espainiako Liga bat (1942-43 sasoian) eta Espainiako lau Kopa (1943an, 1944an, 1945ean eta 1950ean). Athletic utzi ondoren, beste bi urtez jokatu zuen, aurrenekoa Barakaldon, eta azkenekoa Realean.

Zelaitik aulkira pasatu zen urte batzuk geroago. Indautxun hasi zen entrenatzen, baina laster itzuli zen Lezamara, jubenilen taldea zuzentzeko. 1965-66 sasoian, berriz, bigarren taldearen ardura hartu zuen, ondo hartu ere, taldea Hirugarren Mailara igo baitzen. Hurrengo sasoian, berriz, txapeldun egin zuen, baina ezin izan zuen lana biribildu mailaz igota. Hurrengo denboraldia bigarren taldean hasi zuen, baina 1968ko urriaren 31n Gainza ordezkatu zuen lehen taldeko teknikari moduan. Urtebete egin zuen Athleticen, eta Kopa irabazita utzi zuen. Espanyolen eta Zaragozan aritu zen jarraian, eta biekin lortu zuen Lehen Mailara igotzea. 1972an iritsi zen Realera, eta bertan bi urtez aritu zen lanean, Athleticera itzuli zen arte. Bertan beste bi urte egin zituen. Betis, Rayo eta Betis izan zituen lantoki gero, 1982an, 64 urterekin, eta maila gorenean 43 urtez aritu osten erretiroa hartu zuen arte.

Gernikako bonbardaketaren lekuko

Iriondo, halaber, 1937ko Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen, eta gudari ibili zen ere bai. Atxilotu egin zuten, eta Lizarrara (Nafarroa) preso eraman eta Teruelera (Espainia) nazionalekin borrokatzera behartu.

Hala kontatu zion BERRIAri egun horretan bizitakoa, 2006ko martxoan eginiko elkarrizketa batean: "Pilota partidak zeuden egun horretan arratsaldean, eta ni pasako epailea izatekoa nintzen. Hegazkin batzuk pasatu ziren goizean, eta eguerdian jada kezkatzen hasi ginen. Arratsaldean lagun batzuk eta ni Gernika kanpoaldera atera ginen. Bermeotik hegazkin bat etorri zen, eta babeslekuan sartu ginen. Gehiago etorri ziren orduan. Bonba batzuk bota zituzten, bonba apurtzaileak ziruditen. Babeslekutik atera eta etxeak sutan aurkitu genituen. Etxea, denda... dena erre ziguten".

Euskaraz ulertu ulertzen zuen, baina hitz egiteko gaitasuna galdu zuen. Azaldu zuenez, Bilbora joan eta euskaraz norekin hitz egin ez zuelako galdu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna