Emakumeen Nazioarteko Eguna

Burujabetzara bidean

Egungo eredu ekonomikoa eraldatuko duen estrategia feminista baten beharra ikusten du Euskal Herriko mugimendu feministak. Izan ere, sistema kapitalista bereziki "ankerra" da emakumeekin. Hura amaitzeko inoiz baino antolatuago eta elkartuago daudela gehitu dute.

Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, 2014an.
Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, 2014an. Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

Araitz Muguruza -

2016ko martxoak 8

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta, urtero legez, kaleak aldarrikapenez beteko dira. Feministok iraultzarako prest! Elkarrekin, askotarikoak eta saretuak leloarekin egingo dituzte aurtengo mobilizazioak. "Emakumeak
sarean elkartu gara, altxatu eta aliatu, eta horrela jarraituko dugu. Sareak josi ditugu patriarkatuak gure bizitzetan eta gorputzetan ezartzen duen indarkeriatik libra gaitezen", azaldu du, manifestu baten bidez, Euskal Herriko mugimendu feministak.

Mugimendu feminista askotarikoa dela diote, eta hori aberastasunarekin lotzen dute. "Guztion onerako da; beharrezkoa da feministok elkarbizitza, elkartasun eta aitortzaren gainean eraiki nahi dugun askotariko Euskal Herria". Bide horretan, ordea, hamaika oztopo daude; egungo eredu ekonomikoa, kasurako: "Sistema osoa dago krisian, baina eskubideen galera eta desberdintasunen areagotzea askoz ere makurragoa dira emakumeekin". Sistema neoliberalarentzat aurrera egitea "ihes egitea" dela salatu dute. Haien ihesaldia ikusirik, sistema eraldatzea jarri dute jomugan. "Natura nola ustiatu pentsatzeari utzi, eta iraukortasuna nola bermatu pentsatzen hasi behar da". Autogestioa, elkartasuna eta babes sareak dira, Euskal Herriko mugimendu feministaren ustez, enpresa erraldoien botereari aurre egiteko modua.

Emakume kurduen errealitatea ere gogora ekarri dute manifestuan —eta, bide batez, baita gainerako errefuxiatuena ere—: "Behartutako migratzaileek muturreko indarkeria pairatzen dute gerratik ihesean beren burua mafiari salduta, esklabo bihurtuta edo gizonezko errefuxiatuek bortxatuta". Gerra emakumeekin ankerragoa dela gehitu dute. Euskal Herriko egoera politikoa ere aipatu diote. "Emakumeon eskubideak sistematikoki urratzen dira; eraso eta hil
egiten gaituzte. Hemen ez dugu bakerik".

Ahalduntzea beharrezko

Bilgune Feministak ere bake prozesua hartu du hizpide manifestuan, eta gogoratu du emakumeek eguneroko ogi dutela indarkeria matxista: "Emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, hilketak, prekaritatea eta muturreko pobrezia egunero dugun errealitatea da".

Krisi ekonomikoa emakumeek pairatzen dute gehien, baina krisiari beste analisi bat egin nahi izan dio Bilgune Feministak: "Krisiak grezieraz aukera esan nahi du, eta guretzat ere hala da; aldaketaren norabidean, Euskal
Herriaren burujabetza feministaren bidean kokatzen gara". Burujabetza feminista "ez da egoera ideal eta mugiezin bat", Bilgune Feministarentzat; aitzitik, prozesu dinamiko eta aldakor gisa ikusten dute. Prozesu hori eztabaida sozial askoren ondorioz sortuko dela nabarmendu dute: Egungo eredu ekonomikoa eraldatuko duen estrategia feminista baten beharra ikusten du Euskal Herriko mugimendu feministak. Izan ere, sistema kapitalista bereziki "ankerra" da emakumeekin. Hura amaitzeko inoiz baino antolatuago eta elkartuago daudela gehitu dute. "Prozesu horrek egingo gaitu herri".

Hori guztia bideratzeko, estrategia feminista bat osatu behar da, haien ustez. Ahalduntzea da horretarako giltza. Gogoratu zute gorputzak eta harremanak eraldaketa prozesuaren erdigunean jarri behar direla estrategia hori
hezurmamitzeko. Komunitatea sortzeari ere garrantzia ematen dio Bilgune Feministak, eta gaineratu du herrigintzak eta herritarren parte hartzeak ekarriko dutela hori. "Beharrezkoa dugu Euskal Herriaren askapen prozesu
eta gatazken konponbidean eragiten duen ahalduntze prozesua ere, gutasunak egiten gaituelako libre". "Erronkari" aurre egiteko kalean kontraboterea egituratu eta boterea lortu behar dela diote.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna