Euskal literatura

Letamendi-Urresti familiaren istorioa literaturara eraman du Kirmen Uribek

Karmele Urresti eta Txomin Letamendi euskal erbesteratu eta aktibista politikoen bizitzak nobelatu ditu idazleak, 'Elkarrekin esnatzeko ordua' bere hirugarren eleberrian (Susa). Gaur aurkeztu du Donostian.

Kirmen Uribe, liburu berria eskuan duela, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2016ko azaroaren 22a
14:28
Entzun

Ondarroako (Bizkaia) erizaina zen Karmele Urresti, eta Bilboko tronpetista profesionala Txomin Letamendi. Erbestean egin zuten topo aurrenekoz, Eresoinka kultur enbaxadan, Paris inguruko jauregi batean. Eta han abiatu zuten haien arteko maitasun harremana. Gero, naziak Parisen sartzear zirela, Frantziatik ihes egin eta Venezuelan hartu zuten aterpe. Han erreklutatu zituen Agirre lehendakariak, euskal zerbitzu sekretuetan lan egin zezaten. Eta buelta Bilbora.

Kirmen Uribek bazuen istorio horren berri, besteak beste, ezaguna zuelako Letamendi-Urresti familia; haren "haurtzaroko pertsonaiak" ziren sendi horietako zenbait kide. Eta hala, Mussche (2012) azken eleberria kaleratu eta segidan erabaki zuen istorioa nobela batean biltzea. Sasoi hartan Gorka Arrese Susako editoreari bidalitako emailak dira horren lekuko. Geroztik, "dokumentazio lan itzela" egin du, nonahiko artxibategiak arakatuz eta hamaika elkarrizketa bilduz, eta osatu du azkenean Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria. Bikote baten erretratua da, baina baita Euskal Herriaren "XX.mendeko urte zentralen istorio bat".

Benetakoak dira gertakariak eta pertsonai guztien izen-abizenak, eta agertzen dira XX. mendeko erdialdeko hamarkadetan nabarmen izandako pertsonai erreal asko, baina fikziora jo du Uribek eszenak irudikatzerako orduan. Edonola, argazkietan, gutunetan eta bestelako dokumentuetan aurkitutako elkarrizketa eta datuak baliatu ditu atmosfera horiek eraikitzeko. Eta halere, argi du Uribek harena ez dela historia liburu edo biografia bat, narrazio bat baizik: "Kontakizuna da inportanteena". Mota ezberdinetako testuak landu ditu gainera idazleak, kapitulu motzetan bilduak, eleberriari "kolore asko" emate aldera, eta lan "testuraz anitza" osatuz.

Lau hizkuntzetan batera

Euskaraz, gazteleraz, galizieraz eta katalanez, lau hizkuntzetan batera kaleratu du Uribek bere hirugarren eleberria, argitaletxe banatan, nahiz eta, azaldu duenez, gaztelerazkoa lehenago iritsi den liburudendetara. Idazlearen agentearen, argitaletxe batzuen eta saltzaile batzuen proposamena izan zen argitaralpen laukoitzarena, eta begi onez ikusi zuen Uribek, baina aitortu du "zaila" izan dela koordinaketa lana. Edonola, ez du uste erabakiak jatorrizko lana —euskarazkoa— kaltetuko duenik. "Azkenean gurea hau da". Eta halere, nabarmendu nahi izan du "proba" egin nahi zuela lana hala argitaratuta: "Argi dagoena da euskarazkoa kaltetzen badu ez dugula berriz egingo. Hori argi dago, gure buruaren kontra ezin gara joan".

Liburua aurkezteko, irakurraldiak egingo ditu Kirmen Uribek. Bilboko Kafe Antzokian azaroaren 22an izango da, 25ean Donostiako Garoan, 29an Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, abenduaren 1ean Iruñeko Karrikiri aretoan, 4an Durangoko Azokan, eta 16an Baionako Elkar dendan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.