Literatura

Literaturari buruzko hausnarketak eta burutazioak bildu ditu Zalduak

'(Euskal) literaturaren alde (eta kontra)' saiakera liburuan jaso ditu azken hamar urteetan letren munduari buruz idatzitako testuak. Gaur aurkeztu du lana Donostian, Elkarrek argitaratua.

Zaldua, 2014ko irudi batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2016ko azaroaren 23a
14:39
Entzun

Literaturari buruzko saioak "mesfidantzaz hartzeko moduko liburuak dira", hainbat arrazoirengatik, Iban Zalduarentzat. Eta, halere, literaturari buruzko saio bat aurkeztu du gaur, Donostian. Xehe-xehe azaldu ditu genero horretako lanen kontrako eta aldeko argudioak —manifestu txiki bat banatu du bertaratutakoen artean—. Baina (Euskal) literaturaren alde (eta kontra) lana kalean izanik, argi da norantz jausi den balantza.

Azken hamar urteetan euskal literaturari buruz —eta, neurri apalagoan, beste literatura batzuei buruz— idatzitako kritikak, gogoetak eta burutazioak bildu ditu liburuan, 36 artikulu laburretan. Lau atal nagusitan banatu du bilduma, eta, liburuaren titulua bezalaxe, ironiaz jantzi ditu atalen izenburuak ere: Manifestuen eta dekalogoan alde (eta kontra), Euskal literaturaren kontra (eta alde), Literaturaren alde (eta kontra) eta Kritikaren kontra (eta alde). Sarrera bat gehitu dio atal bakoitzari, eta Post-scpritum luze bat ere erantsi dio liburuari, amaieran. Hitzaurrea, bestalde, Mikel Aierbe literatur kritikariak egin du.

Zalduaren ustez, aurreko saiakeren —Obabatiko tranbia (Alberdania, 2002), Animalia disekatuak(Libeloak, panfletoak...) (Utriusque Vasconiae, 2005) eta Ese idioma raro y poderoso (Lengua de Trapo, 2012)— "segida naturala" da orain aurkeztutakoa. Haren iritziz, azken batean, "idazlea bere garaiko literatur munduan interbenitzea ez dago gaizki". Zalduak, "ezer baino lehenago", irakurletzat du bere burua, eta, hain zuzen, idazle batena bainoago, "irakurle eskertu" batena da liburua, "baina baita noizean behin irakurle sumindu eta erretxindu batena".

Mota ezberdinetako testuak jaso ditu idazleak bere bilduman, saio tankerakoak batzuk, eta "presktriptiboak edo faltsuki preskriptiboak" beste asko, hots, dekalogo edo manifestu itxurakoak. Begirada kritikoa eta tonu ironikoa da nagusi, eztabaidarako materiala mahai gaineratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.